Realaren aldeko abestia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:21

Realak Anoetan jokatutako partida guztien hasieran kantu hau entzun dadin lortu nahi dute Asteasuko gazteek. Ibon Irazusta irakasleak eman ditu azalpenak: “Duela gutxi, nire anaiaren bitartez jaso nuen abesti honen berri. Abestia entzundakoan, ikasleekin proiektu berezi bat lantzeko aukera polita emango zidala pentsatu nuen. Interneten indarra zenbatekoa den bertatik-bertara ikus dezaten”.

Posta elektroniko bidez
Duela hiru aste jarri zuten martxan euren proiektua. Hala azaldu dute ikasleek: “Posta elektroniko bidez zabaldu dugu gure asmoen berri. Gure lagun, familiarteko eta ezagunei mezu bana bidali diegu eta haiek berdina egin dezatela eskatu diegu. Modu horretan, asko zabaltzen ari da gure ekimena. Sare sozialetan ere jarri du batek baino gehiagok. Abesti polita da eta realzale guztiek abestea nahi dugu”.
Andoni Egañak idatzitako bi bertso dira asteasuarrek zabaldu nahi dituztenak: “Ikasteko abesti erraza da. Irakasleak askotan jartzen digu eta pixkanaka ikasten joan gara. Ikasgelan zerbait prestatu behar dugunean, liburuak ateratzean..., horrelakoetan entzuten dugu. Ikasgelako gehienak Realekoak gara eta gutako batzuk zelaira joaten gara partidak ikustera. Pozik entzungo genuke abesti hau taldea zelairatzen denean”.

Etorkizunera begira
Guztira, hogeita bost ikasle dira ekimenean parte hartzen ari direnak: “Argi dugu gure helburua Anoetan abesti hori entzutea dela eta ez dugu etsiko lortu arte. Asteasuarrak nahiko buru-gogorrak gara eta honetan ere, hala izango gara”.
Eman beharreko datozen pausoetan pentsatzen ari dira dagoeneko realzale gazteak: “Realeko zaletuen talde eta peña ezberdinetara bidaliko dugu gure asmoen berri eta taldeari ere jakinaraziko diogu. Hortik aurrera, komunikabide ezberdinetara jotzea ere pentsatu dugu”.

Ariketak
Realaren inguruko abestiaren harira, ariketa ezberdinak egin dituzte dagoeneko ikasleek: “2.0 programaren barnean, ordenagailua asko erabiltzen dute gure ikasleek. Publisher izeneko programa erabiliz, Realaren harmarria jarri dugu abestiaren gainean. Bestalde, gutun bat ere idatzi dugu e-mailez bidalitako mezuetan gure asmoen berri emateko”, azaldu du Ibon Irazusta irakasleak.
Dagoeneko ari dira euren lanaren lehendabiziko fruituak jasotzen: “Euskadi Irratian gure ekimenaren berri eman eta abestia jarri zuten”. Wikipedian ateratzea ere lortu zuten: “Ikasle batek jarri zuen ekimenaren berri eta ordu batzuz hantxe egon zen zintzilikatuta. Hala ere, ikasleak erregistrorik ez zuela-eta, kendu egin zuten. Aurrera begira, ekimenak hartzen duen tamainaren arabera emango ditugu pauso berriak”, azaldu du Ibonek.

Realaren omenez
Doinua:
Xalbadorren heriotzean


Talde txiki bat bazen
bihotzez eraikia
bere eskura ez zeuden
amets besterik ez ziren
garaipenez hazia.
Atotxako zelaitik
Europan garrasia
aurrera mutil aurrera!
aurrera Gipuzkoa aurrera!
Txapeldunak gu gera...
Bai gu gera.
Hauxe da
Erreala
Gipuzkoarron taldea
Donostiako hiritik
herri txikitan barrena
denok batzen gaituena (bis).

Umil eta langile
hor gure izaera.
Garai txarrak pasa arren
ekaitz bortitzen ondoren
berriz zutitu gera.

Zubi eta harrobi
mila ametsen iturri.
Urtetik urte hobetzen
beti taldea mantentzen
mutilak segi horri!

Segi horri!

 

Hauxe da
Erreala

Gipuzkoarron taldea
Donostiako hiritik
herri txikitan barrena
denok batzen gaituena. (bis)

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!