II. Larraul-Ernio-Larraul lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:16

Iazko martxoan izan zen Larraul-Ernio-Larraul igoeraren lehen edizioa. Harrera beroa izan zuen larrauldarren proposamen berriak eta aurten, bigarrenez abian jarri dute proba: apirilaren 1ean, igandearekin, 10:30etan plazatik abiatuta.

Giro ederra eta parte hartze zabala nagusitu ziren iaz, lasterketaren lehen edizioan. Ia 200 pertsonak hartu zuen parte, gizon nahiz emakumeak; gehiengo nagusia gizonezkoena izan bazen ere. Iazko txandan, Nerea Amilibia zizurkildarra eta Oier Ariznabarreta durangarra ailegatu ziren lehen postuan helmugara.

Lasterketaren ezaugarriak
  • Luzera: 15,5 km.
  • Desnibela: 840 m, gutxi gorabehera.
  • Izen-ematea: www.cdutseta.es
    aurrez (10 €) edota Larraulgo plazan,
    egunean bertan (20 €).
  • Zerbitzuak: Masajeak, dutxak, hamaiketakoa (doan) eta irabazleentzako sariak.
  • Antolatzaileak: Hainbat larrauldar.
Ibilbidea, kilometroka
Larrauldik abiatu, Ernioko gainera igo eta berriz Larraulera jaitsi bitartean, guztira 15,5 kilometroko bidea egin beharko dute lasterketako partaideek. Hauxe ibilbide zehatza: Larraul (239m)-abiapuntua. Lizarzelai (445m)-2,55 km. Irumugarrieta (771m)-5,5 km. Zelatun (850m). Ernio (1075m)-7,75 km. Zelatun (850m). Irumugarrieta (771m)-10 km. Lizarzelai (445m)-12,9 km. Larraul (239m)-15.5 km-helmuga.

Sariak, masajea..., eta gehiago
Larrauldik Ernio mendi ezagunera igo eta jaisterakoan 840 metroko desnibela izango dute gutxi gorabehera parte hartzaileek. Antolatzaileek, iaz bezala, bidea ondo seinaleztatuko dutela iragarri dute eta lasterketaren amaieran, sariak, masajeak (doan), dutxa zerbitzua (Hezkide eskolan) nahiz hamaiketakoa (Katillutxulo elkartean) izango direla parte hartzaile guztientzat. Proban parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da izena ematea.

Iñaki Esnal
“Ez dago lasterketa irabaztera atera beharrik, giro ederraz gozatzera baizik, azkena iritsi arren

Hernaniarra da izatez Iñaki Esnal, baina azken lau urte eta erdian Larraulen bizi da. Larrauldik Erniora antolatzen den lasterketan herritarren parte hartzea garrantzitsua dela uste du eta iaz, beste lagun batekin batera animatu zen. Iazko esperientzia kontatzearekin batera, aurtengo asmoez ere hitz egin du.

Kontaiguzu zer nolako esperientzia izan zen iazko lasterketa. Nolatan animatu zinen parte hartzera…
Egia esan, hasiera batean ez nekien zer nolako proba izango zen… Ni parte hartzeko gogoz nengoen eta herriko lagun batekin hitz egin ondoren, animatu egin ginen; hori bai, lasterketan lasai ibiltzeko asmoarekin. Denetariko jendea etorriko zela pentsatzen genuen: lasterketarako oso prestatua zegoena nahiz, gu bezala, proban lasai parte hartu nahi zuena. Bizpahiru entrenamendu soilik egin genituen lasterketaren aurretik eta probaren egunean, gure atzetik bi edo hiru lagun besterik iritsi ez zirela jabetu ginen: maila oso altua zela, alegia. Mendiko lasterketatan parte hartzera oso ohituta dagoen jendea etorri zen batik bat. Pentsa, lehenengoak ordu eta hamabi minututan egin zuen bidea eta guk bi ordu eta sei minutu behar izan genituen: ia ordubete gehiago. Zelatunera iristen ari ginenean, lehenengoa beherantz zetorrela ikusi genuen. Hala ere, oso esperientzia polita izan zen eta, besteak beste, lasterketa zuzenean ikusteko aukera izan genuen. Denbora kontuak alde batera utzita, parte hartzera atera ginen eta aurten ere asmo berarekin gabiltza.

Aurten bigarrenez animatu zarete, beraz…
Bai, berriz ere gure mailan parte hartzeko asmoa dugu. Lasterketaz disfrutatzea da gure asmo nagusia, ez sufritzea. Larraulera ondo iritsi nahiko nuke, probaren ondoren lagunekin bazkaltzera joateko moduan, eta ez, mugitu ezinik, etxera joan beharrean. Ondo pasatzera aterako gara eta aitzakia horrekin, buelta ederra egitera.

Zein ezaugarri nagusi ditu lasterketak?
Proba gogorra da. 15 kilometro eta erdi dira guztira eta niretzat igoera da zailena. Bereziki, lasterketaren lehen zatia; deposituraino doana. Dudarik gabe, ondo ibili ahal izateko, prestakuntza eskatzen du. Aurrez pixka bat ibilia ez bazaude, edozein momentutan pott eginda gera zaitezke. Garrantzitsua da hasieratik indarrak ondo neurtzea. Niri, esaterako, igotzea jaistea baino dezente gehiago kostatzen zait; behera askoz ere errazago jaisten naiz.

Zein oroitzapen duzu iazko probaz?
Oso eguraldi ederra egin zuen egunean bertan. Aurreko egunetan, ordea, euri dezente egin zuen eta erreka zuloetan lokatz ugari zegoen. Baina niretzat hori ez da traba; asko gustatzen baitzait lokatzetan plasta-plasta ibiltzea. Ibilbidean zehar, –hasierako zatian nahiz Zelatundik gora batez ere–, jende ugari bildu zen animuak emateko. Izugarri eskertzen da babes hori korrika zoazenean.

Zure iritziz, zein da ibilbideko punturik eder edo aipagarriena?
Ernioko igoera baino, jaitsiera aipatuko nuke. Igoeran sufritzen baitzoaz eta beherakoan, korrika joanda lurrera asko begiratzen duzun arren, bertako paisaien zabaltasuna ikustea zoragarria baita. Gainerakoan, natura gustatzen zaion edonorentzat, oso bide polita da: basoan barrena, zuhaitz artean…
Pilotaria zarenez, zure kirol prestakuntzak lagunduko dizu lasterketan ere…
Lagundu beti, baina bi kirol oso ezberdin dira pilota eta lasterketa. Pilota kirol esplosiboa da eta aldapan gora korrika egiteko, fondo handia ere beharrezkoa da. Mendiko lasterketa konstanteagoa da; pilotan tarteka tanto gogorrak egokituagatik, batetik bestera gorputzari buelta eman eta errekuperatzeko denbora izaten da. Lasterketan, ordea, amaitu artean ez da errekuperatzeko tarte handirik izaten.

Ari al zara aurtengorako prestatzen?
Horretan ari naiz, bai. Lehen entrenamenduan, probatzearren, bide erdiraino joan nintzen eta, nire mailan, nahiko ondo ibili nintzen. Bigarrenean Lizarzelaitik Erniora igo eta buelta egin nuen. Zelatundik Erniora gogorra egin zitzaidan, baina ondo iritsi nintzen. Ari gara pixkanaka prestatzen. Lasterketaren aurretik lau bat entrenamendu egingo ditut; ezer gutxi, eta ondorioz, ezin dut emaitza onegirik espero. Baina, esan bezala, lasterketaz disfrutatzen ahaleginduko gara. Lasterketa Larraulen antolatzen denez, parte hartzaile guztiak ez dute kanpokoak izan behar: herrikook ere parte hartu beharko dugu.

Iaz, lehen urtea izateko, lasterkari asko animatu zen izena ematera. Aurten ere halako erantzun ona aurreikusten al da?
Iaz 180 lagun luzek hartu genuen parte. Aurten ere jende asko gerturatuko dela esango nuke, seguruenik iaz baino gehiago. Parte hartzaile askok beste proba batzuetarako prestakuntza moduan hartzen dute Larraulgoa eta mendiko lasterketetan gero eta jende gehiago dabilenez, erantzun beroa izango duela esango nuke. Iazko parte hartzaileak, oro har, gustura geratu ziren probarekin eta hori jendea erakartzeko arrazoi ona da. Ahoz ahokoak ondo funtzionatuko duela iruditzen zait.

Eta larrauldarrak zer?
Iaz hiru larrauldar animatu ginen. Aurten badirudi bik hartuko dugula parte. Oso lasterketa polita da eta parte hartzera animatuko nituzke herritar gehiago ere. Ez dago lasterketa irabaztera atera beharrik, giro ederraz gozatzera baizik, azkena iritsi arren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!