Goiburu Golf, Andoainen kirola egiteko beste aukera bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:11

1998an zabaldu zuten Goiburu Golf eskola eta 2002an Golf zelaia. Kirola egiteko modu ezberdina eskaintzen dute Andoaingo zelaian.

Ibon Arregi eta Kepa Etxezarreta dira Goiburu Golf Klubeko nagusiak. “Gure helburu nagusia golfa ezagutaraztea da eta lan horretan dihardugu buru-belarri. Lehendabizi golf eskola zabaldu genuen eta gure proiektuari jarraipena emanez, golf zelaia zabaldu genuen lau urte geroago.”, azaldu du Ibon Arregik.

Mitoen aurkako lana
Golfaren inguruan dagoen ikuspegi orokorra hautsi nahi du Ibon Arregik: “Jende dirudunaren kirol bezala ikusten da hemen golfa, baina ez da horrela. Edozein kiroldegitan ikastaroren bat egitearen pare ateratzen da golfa egitea. Hasi nahi duenak bertan aloka dezake materiala eta trebetasuna hartzen duen heinean, bere makilak eta oinetakoak erosten joan. Golfa kirol elitista den ideia hori deusezteko, hainbat ekimen dugu martxan. Batetik, Andoaingo Kirol Patronatuarekin hitzarmena  sinatu ohi dugu eta modu horretan, andoaindarrei erraztu egiten zaie golfa ezagutzeko aukera. Horrez gain, San Juan jaien inguruan, txapelketa berezia antolatzen dugu. Umeentzako ludoteka ere antolatzen dugu udan eta golf eskola martxan egoten da urte osoan zehar. Ekimen horiei guztiei esker, golfa normaltasunez ikusten hasi gara eta bide horri eutsi nahi diogu”.
Klub edo elkarte izaera du Goiburuko golfak, baina egitura irekia du: “Ez duzu bazkide izan beharrik gure azpiegiturak erabiltzeko. Egiten duzun erabileragatik ordaintzea nahikoa da eta hori ez da oso ohikoa izaten golf zelaietan”, jakinarazi du Ibon Arregik.  

Eskolatik, zelaira
Golfa ezagutzen hasteko bide egokiena, eskolan izena ematea da Arregiren iritziz: “Urtean zehar hainbat ikastaro antolatzen dugu, kirol honetan hasi nahi dutenentzat. Kirol Patronatuaren bidez antolatutako ikastaroak ere izaten dira eta haurrentzat, eskola kirola programaren baitan sartzen hasi dira golfa hainbat ikastetxetan. Beste aukera bat eskola partikularrak hartzea da. Eskolan trebatu ondoren, zelaian jokatzen hasi eta gozatzeko garaia iristen da”.

Izen handiak
Hamar urteko ibilbidean, maila oneko jokalariak ematen hasia da Goiburu Golf Kluba: “Benjamin mailako taldeko kideak Murtziara joango dira estatuko txapelketa jokatzera eta gure eskolatik pasatako zenbait jokalari errendimendu altuko zentruetan daude, golfean trebatzeko”, azaldu du Arregik.
Jokalari guztien artean, ordea, Adrian Otaegi gazte donostiarra da ibilbide oparoena lortzen ari dena. Goiburu Golf zelaian hasi zen lehen kolpeak ematen eta, hemeretzi urte besterik ez baditu ere, jokalari onenen artean lehiatzen ari da: “Europako zirkuituan parte hartzeko txartela lortu zuen eta hortxe ari da orain, buru-belarri. Ahalik eta txapelketa gehien jokatu eta Europako zirkuituan jarraitzea da bere aurtengo helburua. Oso pozik gaude gure zelaian hasitako gazte batek maila gorenean aritzea lortu duelako eta hamar urteko ibilbide laburra duen zelai batentzat, lorpen handia da hori. Eskolara etortzen diren haurrentzat ere, oso aberasgarria da horrelako adibide bat hain gertu izatea”.

Adin guztietarako egokia
Bost urte ingurutik hasi, eta laurogei urtetik gorako jokalariak ere badabiltza golfean. Hala azaldu du Ibon Arregik: “Bost urterekin hasten diren haurrek oso maila ona hartzen dute hamabi- hamalau urte dituztenean. Ikastaro ezberdinak antolatzen ditugu haiei begira; asteburuetan, Aste Santuan, udako oporretan, Eguberrietan... Lagunarte polita osatzen dute eta askok, jarraitu egin nahi izaten dute. Ibilbide profesionala kirol honetara bideratu nahi dutenek, oso garaiz erdietsi behar dute euren joko maila gorena, hemezortzi urte inguruan; bestela oso zaila da profesional munduan sartzea. Golfa zaletasun moduan landu nahi dutenek, berriz, ez dute adin mugarik. Asko eta asko dira jubilatu ondoren kirol honetara gerturatzen direnak. Normalean, bizi osoan zehar kirolean aritutako jendea da eta denbora librea betetzeko jarduera baten bila etortzen dira. Izan ere, golfak denbora eskatzen du eta etengabeko ikasketa prozesuan murgiltzen da kirol honetan hasten dena”.

Zelaia, eskola, jatetxea...
Goiburu Golfera iritsitakoan lehendabizi ikusten dena, praktiketarako zelaia da. Ibon Arregik, gune honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Zelaian jolasten hasi aurretik, oso garrantzitsua da bertan aritzea. Trebetasun pixka bat behar da kirol honetan aritzeko, eta garrantzitsua da ordu asko sartzea; horixe baita ondo jokatzen ikasteko modurik egokiena. Pilota nola kolpatu ikasteaz gain, arazo ezberdinei eman beharreko irtenbideak entsegatzen dira praktiketako gunean. Horretarako, zonalde ezberdinak ditugu: kolpe luzeak eta motzak egiteko gunea, hondarrezko gunea, sastraka eta harriez inguratutakoa..., gero zelaian aurkituko dituzun arazoetan trebatzeko balio du. Golfean trebeak direnek ere, asko erabiltzen dute gune hori, euren jokoaren gabeziak zuzentzeko”.
Goiburuko Golf zelaiak bederatzi zulo ditu. “Golf zelaiek bederatzi edo hemezortzi zulo izaten dituzte. Gureak bederatzi ditu eta horrek esan nahi du, bi itzuli eman behar zaizkiola ibilbide osoa betetzeko”, azaldu du.
Bost pertsona aritzen dira etengabe zelaiaren egoera zaintzen: “Goizean goiz hasten dira lanean, praktiketako gunetik pilotak jasotzen. Ondoren, belarraren egoera zaindu, beharrezkoa den tokietan birlandaketak egin..., iluntzera arte, beti dago zereginen bat. Modu horretan, berdegunean baldintza onetan egotea bermatzen diegu jokalariei”.

Gorputza eta burua lantzeko kirola
Kirol osoa da golfa: “Hemezortzi zulotako ibilbidea osatzeko, bost kilometrotik gora egiten ditu pilotak. Jokalariak, ordea, ia kilometro kopuru bikoitza egiten du oinez. Astean bi edo hiru aldiz egiten duenak, kirol jarduera polita osatzen du azkenean. Jarduera fisikoaz gain, ordea, burua martxan jartzera behartzen duen kirola da. Sortzen diren arazoei irtenbideak bilatu behar zaizkie; terrenoaren aldapa, haizea, hondar-guneak..., gauza asko hartu behar da kontuan”.
Eraikin ikusgarria dute Goiburu Golfen: “Hemen ditugu aldagelak, harrera-gunea, denda, bilerak egiteko gela..., eta baita jatetxea eta taberna ere. Eguneko menuak, karta, plater konbinatuak, ogitartekoak… denetarik eskaintzen dugu bertan. Duela bi urte jatetxea gauez ere zabaltzen hasi ginen eta oso harrera ona izan zuen”.

Emakumeak ere bai
Golfa jokatzen duten gehienak gizonezkoak badira ere, emakumeak ere ari dira bere tokia hartzen: “Ligaxka bat antolatzen da urtero, eta geroz eta emakume gehiago animatzen ari da. Taldea ere osatu dute eta txapelketa ezberdinetan parte hartzen hasiak dira. Golfean, oraindik ere gehiago dira gizonezkoak, baina pixkanaka, gehitzen ari dira emakumeak”.

Txapelketak
Urteko agenda bete-betea dute Goiburu Golfen: “Hogeita hamar txapelketa inguru antolatzen dugu urtero. Horietako hiru, elkarte ezberdinei laguntzeko egiten ditugu: minbiziaren aurkako elkartearen alde, esklerosi anizkoitzaren elkartearen aldekoa eta aurten, lehendabiziko aldiz, Saharako haurren aldeko txapelketa egin dugu urtarrilean. Jende asko etorri zen eta diru kopuru polita lortu genuen. Giro polita sortzen da txapelketen inguruan”.

Ezintasunei aurre eginez
Ezintasunen bat dutenentzako eskaintza ere badute Goiburu Golfen: “Zentzumen ezintasuna edota ezintasun fisiko edo psikikoak dituztenentzako golf eskola dugu. Duela bi urte sortu genuen eta talde ugari gerturatzen da. Erakunde ezberdinekin lan egiten dugu: Kemen elkartea, Atzegi..., eta beraien kasara etortzen direnak ere badira. Izan ere, onura handiak dakarzkie kirola egiteak: pilota lurretik jaso eta bere tokian jarri eta kolpatzen dutenean psikomotrizitatea lantzen dute, ondoren zelaian barrena ibiltzen dira..., bi ordutan ariketa fisiko handia egiten dute eta gainera, ondo pasatzen dute. Kirol emaitza ikusgarririk lortuko ez badute ere, lagun berriak egiteko baliagarri zaie eta oso gustura etortzen dira”.  Etorkizunera begira jarrita daude Goiburu Golfeko kideak: “Mugikortasun arazoak dituztenei egokitutako makina berezi bat erosteko asmoa dugu. Pilota kolpatzeko garaian jokalaria zutik jartzen du makinak eta hori oso sentsazio berezia da beraientzat”, azaldu du Ibon Arregik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!