Bilboko industrializazioa
Joan zen urte amaieran, Bilboko Arriaga antzokian ‘Burnia’ ikuskizuna aurkeztu zuen Aukeran dantza konpainiak. Ioritz eta Ionek azaldu dutenez, Arriaga antzokiko arduradunek urtero emanaldiren bat prestatzeko ardura ematen diote talderen bati eta iaz, Aukeran konpainia aukeratu zuten lan hori betetzeko. “Enkargu horretatik sortu zen ‘Burnia’ ikuskizuna, Bilboko industrializazio garaia ispilatzen duena: besteak beste, fabriken etengabeko lana, eromena edota kanpotarren etorrera aurkeztuz”. Mugimendu hura guztia ondo jasotzeko, era ezberdinetako dantzak tartekatzen dituzte dozena bat dantzarik emanaldian zehar, “dantza garaikidea, tradizionala, balleta…, eta baita flamenkoa ere”, azaldu dute elkarrizketatuek. Ikuskizun berria prestatzeko, beraz, dantza estilo ezberdinak ikasteko saio trinkoak jaso zituzten Bilbon, “dantza garaikidea edota balleta aurrez landu izan baditugu ere, ‘Burnia’ ikuskizunerako izan dugu lehen harremana flamenkoarekin, eta egia esan, oso esperientzia polita izan da. Asko gustatu zait takoneoa; gauza ederra da barrua husteko ere”, Ioritzen iritziz. Ikuskizuneko lehen dantzatik bertatik, dantzariek burdinezko kaxak kaleratzen dituzte taula gainera eta haien bidez irudikatzen dituzte industrializazioarekin lotutako garaiak.
Gipuzkoatik Oviedora
Joan zen urte amaieran hiru txandatan eskaini zuten ‘Burnia’ ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian. Berriki, martxoaren 11n, Aukeran konpainiaren bilgune eta entsegu leku den Urnietako Sarobe antzokian egin zuten Gipuzkoako aurkezpena eta asebeteta geratu ziren ikusleen aldetik jasotako erantzunarekin, eskaini zituzten bi emanaldietan, aretoa jendez lepo bete baitzen. Martxoko emanaldi horietan estreinatu ziren Itziar eta Uxue billabonatarrak Aukeran konpainian. Estreinatu orduko, berriz, esperientzia betegarria bizitzeko aukera izango dute orain Oviedon Ioritz eta Ionerekin batera. “Martxoaren 22tik 31ra Oviedon izango gara ‘El Caserio’ zartzuela taularatzen, abesbatzako kide eta zuzeneko musikariak alboan ditugula. Festak eta herri giroa irudikatuko ditugu, euskal dantza ezberdinak dantzatuz eta tarteka antzezle papera ere beteaz. Hiru entsegu eta hiru emanaldi izango dira guztira”.
Datozen emanaldiak
Aukeran nahiz Oinkari dantza taldeekin, hitzorduz beteta dute agenda lau dantzariok. Hauexek epe laburrean aurreikusten dituztenak:
Aukera dantza konpainiarekin:
- ‘Burnia’ ikuskizuna: Apirilak 7, larunbata: Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Maiatzak 11, ostirala: Tolosako Leidor antzokian. Ekainak 1, ostirala: Gernikan…
- ‘Gernika’ ikuskizuna: Maiatzak 19, larunbata: Eibarren.
Oinkari dantza taldearekin:
- ‘Urratsak’ ikuskizuna: Udaberrifest jaialdiaren baitan Oinkari, Korrontzi eta Igor Yebraren emanaldia. Apirilak 28, larunbata Zarautzen.
- KM12 jaialdiaren baitako emanaldia Andoainen, maiatzak 11.
Saiakera eta esfortzua
Saiakera handia eskatzen die dantzariei astean zeharreko entsegu guztiei erantzuteak. Baina oso gogoko dute dantza eta esfortzuaren aurrean, “gustuko tokian aldaparik ez” diote. Dantzarekin batera, ikasketak nahiz lana uztartzea egokitzen zaien arren, momentuz ondo moldatzen direla aipatu dute, “tarteka kexatu egiten gara, baina gustura ibiltzen gara. Behin erritmo honetara ohituta, entsegurik ez dugunean, faltan botatzen dugu”. Ahal duten bitartean dantzan jarraitzeko gogoz agertu dira, talde batean ez bada bestean. Hainbeste urte dantzan aritu eta gero, geratzea zaila dela diote eta zaletasun moduan ahal den arte jarraitzea gustatuko litzaiekeela. “Dantzatik bizitzeko aukera izango bagenu, primeran. Baina egun, beste lanen batzuekin lotu ezean behintzat, oso zaila da hori hala izatea”, azaldu du Ioritzek. Ikusi egin behar.