Petit Paristik, Parisa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:04

Udaberriarekin batera, martxoaren 21ean, ‘Eros ezak/n hemen eta joan hadi Parisa’ ekimena abian jarri berri du Oria merkatari elkarteak. Zuzendaritza batzordeko kideek argitu dute euren asmoaren berri.

Villabonak eta Parisek, esamolde mailan bederen, nolabaiteko lotura izan dute historian zehar. Herritar gehienek jakingo dute XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, herriko pilotarien loraldi betean, munduan zehar zabaldu ziren garaian, Villabonari Petit Paris esaten zitzaiola. Besteak beste, kirolari gazte haiek, kanpoko lurretatik ekarri baitzituzten setazko alkandorak janzteko ohitura edota edari hotzak edatekoa. Baita, esaterako, tenisean jokatu edota izarren azpian afari eta dantzaldi dotoreak egiteko zaletasuna ere. Bada, garai oparo hark izan zuen eragina kontuan hartuz eta gure herri txikiaren eta hiri handiaren arteko lotura eginez, ‘Eros ezak/n hemen eta joan hadi Parisa’ ekimena abian jarri berri dute Oria merkatal elkarteko kideek. Esaldiak dioen bezalaxe, bai: Villabonatik Parisa joateko aukera izango da, herrian erosketak eginda. Izan ere, Oria merkatal elkarteko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean, bi lagunentzako Pariserako bidaia zozketatuko dute maiatzaren 15ean, gastu guztiak barne dituela.
Oria merkatal elkarteko kideen helburu nagusia bezeroak fidelizatzea da. Dioten moduan, “oso zaila da bezero berriak erakartzea, baina ditugunak ondo zaindu eta eskaintza berritzaile eta erakargarriak eskura jarri nahi dizkiegu, euren konfiantzagatik bihotzez eskerrak eman eta bide horretan jarrai dezaten animatuz”. Merkatariek ez dute zalantzarik komertziorik gabeko herria, herri hila dela esaterakoan, eta saltoki handiek txikiak jan aurretik neurriak hartzea behar-beharrezkoa iruditzen zaie.

Zozketarako txartelak
Martxoaren 21ean hasi eta maiatzera bitarte, beraz, Oria merkatari elkarteko bazkide diren saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean maiatzeko zozketarako txarteltxoak banatuko zaizkie. 20.000 txartel kaleratu dituzte guztira: 00.000tik 19.999 zenbakira bitarte. Bezeroen artean txartelak banatzerakoan, egindako gastuari baino gehiago begiratuko diote bezero guztiek txartelak eskuratzeari, “dendari bakoitzak bere irizpidea izango du, baina inor txartelik gabe gera ez dadin lortzea da gure nahia; izan ere, erosketak egitera bezero guztiak etor daitezen nahi dugu: asko nahiz gutxi erosten dutenak”. Egun, Villabonako denda gehientsuenak dira Oria elkarteko bazkide, %60a, hain zuzen ere. Erosleak berehala identifikatuko ditu zeintzuk diren elkartearen baitakoak, leihatilan hala adierazten duten txarteltxoak ipini baitituzte, ekimen berriari aipamena eginez. Era berean, herria girotu eta informazioa zabaltzeko, panelak ere jarri dituzte herriko lau sarrera nagusietan.

Bazkide izateko gonbidapena
Ekimen berritzaile honen bidez, herritarrak herri giroa suspertuz, herrian bertan erosketak egitera animatu nahi dituzte eta era berean, baita oraindik Oria elkarteko bazkide ez diren merkatariei eurengana gerturatzeko gonbidapena luzatu ere: “ateak zabalik ditugu eta elkarteko bazkide egin nahi duten gainerako dendariei gugana gerturatzeko deia egiten diegu. Oso gustura hartuko ditugu gure artean, elkartearen ekimenen berri azalduz. Informazio hori jaso nahi duena, beraz, Tinta inprimategira edota Bronte optikara gertura daiteke”. Ideia faltarik ez dutela gaineratu dute eta udaberri honetan bertan abian jartzeko ekintza gehiago garatzen ari direla dagoeneko.

Ekipamenduak berritzeko diru-laguntzak
Tolosaldea Garatzen agentziako merkataritza sustatzeko bulegoko kide Agus Adurizek jakinarazi duenez, salmenta puntuetan establezimenduak eta ekipamenduak berritzeko diru-laguntzen programa martxan jarri du Eusko Jaurlaritzak. Saltoki txikientzat bideratutako diru-laguntza hori eskuratzeko, ekainaren 30a arte egin daitezke eskaerak. Aipatu diru-laguntzak merkatarien konponketak eta ekipamenduen berritze edo aldaketak bideratzeko izango dira. Gaiaren inguruko informazio gehiago nahi duenak, www.tolosaldeagaratzen.net web orrian aurkituko du, eta era berean, Tolosaldea mailan, martxoaren 30ean, 13:30etan Tolosako Kultur Etxean diru-laguntzen aurkezpena egingo da. Eskaerak egiteko e-maila bidal daiteke aduriz@tolosaldea.net helbidera edota 943-654-501 telefonora deitu, baina ahal duten guztiei bilerara gerturatzeko deia luzatu die Adurizek, “han emango baita informazio orokorragoa”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!