2012ko Udal aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:03

Guztira, 3.935.116 euroko gastua aurreikusten da 2012ko Udal aurrekontuetan.
Herritarren aurrean aurkeztu ondoren, martxoko osoko batzarrean onartu dituzte.

Nerea Lizarraga ogasun zinegotziak azaldu zuenaurrekontuen inguruko berri bi aurkezpen saioetan: “Kontu handiz osatutako aurrekontuak dira, ez dugulako hanka-sartzerik egin nahi. Ahalik eta kalkulu errealenak egiten saiatu gara, bai diru-sarrerei dagokienez, baita gastuei dagokienez ere”, azaldu zuen Nereak. Gastuen atalean, zenbait murrizketa aurreikusi dute 2012rako: “Argiteria gastuak, telefonoak, berogailua..., kontsumoa zaintzeko pausoak eman ditugu gastu finkoak jaisteko. Hala ere, Zizurkilen ez da batere erraza hori lortzea, azpiegitura asko bikoiztuta daudelako; Udal bulegoak, kultur etxeak, ikastetxeak..., Horrenbeste urtez martxan egon diren zerbitzuak murrizten eta kentzen hastea ez zaigu bidezkoa iruditu eta, ondorioz, beste modu batera gastuak jaisten hastea erabaki dugu”.
“Horrez gain, Gazteria, Kirola, Euskara, Kultura eta Nekazaritza alorretan zenbait murrizketa ere egin ditugu. Horrek ez du esan nahi herrian antolatzen diren ekitaldiak murriztuko direnik; beste modu batera antolatuko direla baizik. Herritarren parte hartzea sustatuko dugu ekitaldiak antolatzen jarraitu ahal izateko”.

Baldintzatutako aurrekontuak
Gastuen atalean, 606.000 euro beharko dira aurreko urteetan eskatutako maileguengatik egin beharreko ordainketak egin eta Foru Fondoari dagokion itzulketa egiteko: “2003tik 2010era, urtero mailegu bat eskatu du Zizurkilgo Udalak eta urte batzuk beharko dira horiek itzultzeko. Bestalde, Foru Aldundiak urtero diru kopuru jakin bat ematen dio Gipuzkoako Udal bakoitzari. Urte hasieran kalkulatzen du Aldundiak herri bakoitzari zenbat diru dagokion eta ordainketa egiten du. Urte amaiera iristean, ordea, kalkulu horiek berriz egiten dira eta gerta daiteke urte hasieran emandako diruaren zati bat Aldundiari itzuli beharra. 2009an horixe gertatu zen eta Zizurkilgo Udalak 126.000 euro itzuli behar zizkiola ondorioztatu zen kalkulu berrietatik. 2011n egoera errepikatu eta 200.000 euro itzuli behar ditu Udalak. Guztira, beraz, 326.000 euro itzuli behar zaizkio Foru Aldundiari. Horrek guztiak, erabat baldintzatzen ditu Udal aurrekontuak”, azaldu zuen Nereak.

Inbertsioak
Inbertsioetarako partida ere handia izango da, 900.000 euro ingurukoa: “San Migel ermitaren inguruko ur saneamendua osatzeko lanak amaituko dira, Pello Mari Otaño ikastetxean leiho berriak jarriko dira, San Millan eskolako eraikin prefabrikatuak kendu egingo dira eta aparkaleku berria atonduko da Zizurkil goian. Horrez gan, Atxulondo Kultur Etxean igogailua jartzea ere aurreikusi dugu, baina gerta daiteke lan hori datorren urtera arte atzeratzea ere”. Hainbat erakunderen eskutik diru-laguntzak jasoko ditu Udalak lan horiek guztiak egin ahal izateko. Aurrekontuen arabera, 506.697 euro guztira.

Zergen igoera
Diru-sarrerei dagokienez, %2ko jaitsiera txikia aurreikusi du Udalak 2012rako. Zuzeneko eta zeharkako zergen pisua azpimarratu zuen Nereak aurkezpenean: “Guztira, 900.000 euroko diru-sarrera aurreikusten da zuzeneko eta zeharkako zergak gehituta. Ondasun higiezinen gaineko zerga, autoen gaineko zerga, etxean lanak egiten direnean ordaindu beharreko tasa, zaborraren tasa... Azken urteotan zergen igoera izan da eta aurten ere, batez besteko %3ko igoera aurreikusi dugu”.

Kalkulu zehatzen beharra
Gipuzkoako Foru Aldunditik milio eta erdi jasotzea aurreikusi du Udalak aurten. Joxe Mari Luengo alkatearen hitzetan: “2009an eta 2011an alde handia izan zen urte hasieran egindako kalkuluaren eta urte bukaeran egindakoaren artean, horrek Foru Aldundiari diru itzulketa egin beharra ekarri zigun. Aurten ere egoera berdintsua gertatuko ote den esaten dute. Foru Aldundiari eskatu behar diogu, ahalik eta kalkulurik zehatzenak egin ditzatela, urte amaieran arazorik ez izate aldera. Aurten, 1.511.000 euro jasoko ditu Zizurkilek Foru Aldunditik eta ikusiko dugu urte amaierako kalkuluek zein emaitza ematen duten”.
Joxe Arregi plazako etxebizitzek ere diru-sarrera polita ekarriko diote Udalari 2012an: “Udalarenak ziren lursailetan egingo dira etxeak. Iaz, diru-sarrera polita, espero baino handiagoa etorri zen lur horien salmentagatik. Horrek pixka bat arindu egin zuen Udalaren egoera ekonomikoa. Aurten, plazako etxebizitza horiek eraikitzeak ere diru-sarrera ekarriko dio Udalari”, aipatu zuen Nereak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!