Bandera espainiarraren afera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:00

Udaletxean bandera espainiarra jartzeko agindua ekarri du urte hasieran iritsitako epaiak. Plenu aretoan eta udaletxearen kanpoaldean jarri beharko da bandera, martxoaren amaiera baino lehen.

2009tik datorren gaia da banderarena. Garai hartan Zizurkilgo zinegotzia zen PP alderdiko Raul Vazquezek salaketa jarri zuen, udaletxean ez zelako bandera espaniarrik jartzen. Epaitegietako bidea jarraitu du auziak geroztik eta urte hasieran iritsi zen epaia, udaletxea bandera espainiarra jartzera behartzen duena. Epaia behin betikoa da eta ez du errekurtsorik onartzen.
Egoeraren aurrean, zer egin erabakitzeko bilera deitu zuten Udal ordezkariek martxoaren 20an. Hala azaldu zuen Joxe Mari Luengo alkateak epaiak dioena: “Sententziak garbi uzten du derrigorrezkoa dela udaletxearen kanpoaldean eta batzar aretoan bandera espainiarra jartzea. Epaia bete ezean, derrigorrean jarriko lukete eta Udal ordezkarion aurkako gaitasungabetzea etor liteke, bai Udalean aritzeko, baita beste zenbait lan publikoetarako ere. Udal ordezkarion artean bada erakunde publikoetan lan egiten duenik, eta ez dugu ondorio larri horietara iritsi nahi”.

Kanpoaldean, eta batzar aretoan
Epaiak ondo zehazten du zein baldintzatan jarri behar den bandera espainiarra: “Sententziaren arabera, bandera bera bakarrik jar daiteke, edo beste ikur gehiagoren artean, baina beti ere hura erdian dela. Lehentasunezko tokia gorde behar zaio, beraz. Tamainaz ere, ezin du inguruan dituenak baino txikiagoa izan. Zizurkilgo bandera eta ikurrinaren artean jarriko dugu. Bestalde, udaletxearen kanpoaldean jarri behar dela argi esaten du epaiak, baina ez du zehazten eraikinaren zein aldetan jarri. Zizurkilen, ez dugu eraikinaren aurrealdean jarriko”. Epaiak agintzen duenarekin betetzeko, aurrerantzean batzar aretoan ere izango da bandera espainiarra.

Erantzunak
Batzarrera bildutako herritarrek, bat egin zuten udaletxeak epaia betetzeko hartutako erabakiarekin. Hala ere, epaiarekin duten ezadostasuna erakusteko bide ezberdinak aztertzeari ekin zioten. “Bandera espainiarra jarriko da udaletxean, baina argi utzi behar dugu ez gaituela ordezkatzen eta ez dugula gure sentitzen. Horretarako, herriko balkoi guztietan ikurrina jartzea litzateke onena. Aberri eguna laster dator eta data egokia izan daiteke ikurrina banatu eta balkoietan jartzeko proposamena herritarrei luzatzeko”, adierazi zuten. Udal ordezkariek bat egin zuten proposamen horrekin.  
Nafarroako banderaren inguruan lan egiteko proposamena ere zabaldu zen: “Ondo aztertu beharreko gaia da, baina Nafarroako banderaren inguruan ere zerbait egin daiteke. Aurten konkistaren 500. urtemuga betetzen da eta horrek gaiaren inguruko lanketa egiteko aukera ematen du”. Epaia beteta, aldarrikapen ezberdinak aztertzeko bidea zabalduko dute Zizurkilen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!