Mintzalagunak, euskaraz eta lagunartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 27a, 19:10

Iazko apirilean jarri zen abian Mintzalaguna egitasmoa, euskaraz dakitenak eta ikasten ari direnak harremanetan jartzea helburu duena. Urtea pasa delarik, balorazioa egiteko unea iritsi da.
Aiurrik Mari Jose Arconada eta Arantxa Arizmendi, eta, Anjel Jimenez eta Jaione Alberdi bikote mintzalagunak eta Kristina Bernal AEKko irakaslea bildu ditu.

Mintzalaguna mintzapraktikarako ekimena Andoaingo Udalak abiarazi zuen iaz; herriko hamahiru elkartek sustata eta AEK euskaltegiaren ardurapean. Kristina Bernal euskaltegiko irakasleak esan duenez, nahiko harrera ona egin zaio Andoainen egitasmoari. “40 lagunek eman zuten izena, eta gehienek jarraitzen dute. Horietatik hamabost lagun mintza laguntzaileak dira, eta gainerakoak mintza ikasleak. Denek ere bikoteak nahiz hirukoteak osatzen dituzte”.
Taldeak hainbat ezaugarriren arabera osatzen dituzte. “Besteak beste, dauzkaten ordutegi (denbora librea) edo zaletasunen arabera”, Kristina Bernalek zehaztu duen bezala.
Astean behin gutxienez elkartzen dira taldeak, eta ordubetez edo bi orduz jarduten dute hizketan, helburu nagusia ikasleak euskaraz aritzeko ohitura eta trebetasuna lortzea izanik, esan bezala. “Sare sozial euskalduna lortu nahi da, ikasleek euskaraz hitz egin ahal izateko aukera eduki dezaten. Alegia, eguneroko bizitzan mintzapraktikarako aukera eduki dezatela, euskaltegiko klaseetako zorroztasunetik kanpo”.
Mintzalagunek urteko bizipena nola doakien galdetuz gero, bere alderdi onak azpimarratzen dituzte batez ere. Jaione Alberdi bikote duen Anjel Jimenez ikasleak aitortu duenez, beldurrak uxatu egin zaizkio egitasmoan murgildu denetik: “Nik beti gaztelaniaz hitz egin izan dut, ikasketak, lagunak eta ingurua, oro har, halakoa izan dudalako beti. Euskara oso zaila egin izan zait, baina mintzalagunarekin astero praktikatu ahal izateak asko lagundu dit beldurrak eta lotsak kentzen. Gaur egun, hanka sartzeko erreparorik ez dut edukitzen. Etxean ere, nik ez gainerako guztiek euskaraz egiten zutenean lehen, deskonektatu egiten nuen; orain, berriz, elkarrizketetan sartu egiten naiz”. 

Nork bere buruarekiko 
konpromisoa
Mari Jose Arconada ikasleak ohiturek bakoitzaren hizkuntza hautaketan daukaten indarrari garrantzia ematen dio; “pertsona batekin beti gaztelaniaz egin baduzu, zaila egingo zaizu hizkuntzaz aldatzea; are zailago mantsoago eta txiroago aritzen bazara zuretzat bigaren hizkuntza den horretan. Irtenbidea nahiko argi dago: arrotzekin jardutea, inguruan dituzun betiko pertsona horiekin baino”. Aldi berean, konpromisoa aipatzen du aldaketa hori gautzeko giltzarri Arconadak: “zure buruarekin erabaki sendoa hartu behar duzu, eta esan: hemendik aurrera euskaraz egingo dut eta kitto”. Pauso erabakior hori emateko, lagungarri gerta liteke mintzalagunaren sistema. Arconadak, azkenik, aitortu du bere bikote euskalduna den Arantxa Arizmendi izugarri ari zaiola laguntzen, konpromiso hartze edo nolabaiteko kontratua egite horretan. 
Jaione Alberdik euskaldundu nahi duen ikaslearen aparteko ahalegina miresten du; horrexek eraman du, hein batean, mintzalagun egitasmoan parte hartzera: “euskaldunok etxean jaso dugu hizkuntza; zorionekoak izan gara, baina ez dugu meritu berezirik alde horretatik. Ikasleek, txikitan jaso ez dutena eskuratzeko egiten duten ahalegina aitortu egin beharko genieke nola edo hala; aitormen hori mintzapraktikaren bidez gauza liteke, adibidez”.  

Mintzalagun euskaldunen
premia
Mintzalaguneko antolatzaileek, egitasmora euskaldun gehiagok hurbildu beharko luketela uste dute. Euskaldun askori atzera egiten diena, mintzalagun gisa zein funtzio bete behar duen ez jakitea izan liteke, beharbada. Alde horretatik, uste okerrak zuzentzen saiatu da Jaione: “gure saioak ez dira zorrotzak, formalak. Zerikusi gutxi dute euskaltegietako klase zuzen eta arautuekin; funtsezko kontua mihia askatzea eta hizketan aritzea da”.
Mintzalagun izateko euskaldunak eduki ditzazkeen erreparoak aipatzen hasita, euskara batuarena da bat Arantxa Arizmendik gogoratzen duen bezala: “Ni Lazkaokoa naiz eta hango hizkera daukat. Saiatzen naiz, baina maiz iruditzen zait Mari Joseri euskara batua ez diodala modu egokian erakutsiko, eta ez garela ulertuko…”. 
Ikasleei euskalki jakin bateko adierazpideak-eta noizbehinka erakustea oztopo ez, baizik aberasgarritzat jotzen du Jaione Alberdik: “ohartu daitezke zein oparoa den euskara; euskara ez dela euskaltegietan ikasitako horretara mugatzen. Ni Eibarkoa naiz, eta bertako esamoldeak ateratzen zaizkit tarteka; Anjelek irribarre egiten dit orduan, baina zer edo zer geratu zaiola ematen du”.

Giza alderdia
Mihia askatze horretan, giza alderdia azpimarratzen du Jaione Alberdik: “elkarri esateko konturik izango ez dugula pentsatzen da hasieran, baina elkar ezagutu bezain pronto gure bizitzako gorabeherak kontatzeari ekiten diogu elkarri; saioak terapia gisa era baliagarri zaizkigu batzuetan”.
Praktikan, elkarri laguntza ematen diotela laguntza adierazi du Arantxa Arizmendik. “Nik Mari Joseri adina ematen dit berak niri. Izan ere, berak ateratzen nau kalera paseatzera, enkargutara, kafea hartzera…; konpainia egiten dit eta hizketarako bidea jartzen dit”. 
Bada datu deigarria mintzalagunen profilari dagokionez. Esaterako, emakumeak izatea gehienak. “Ez dakigu zergatik ote den, baina nonbait, gizonezkoei berriketan aritzea ez zaiela gustatzen edo antzeko estereotipoek funtzionatzen dute”, adierazi du Kristina Bernalek. Jaione eta Mari Josek, urrunago joan, eta gure gizartean nagusi den joera batez ohartarazi dute, aho batez biek ere: “kulturarekin lotutako ekitaldi, ikastaro eta abarretan, emakumea askoz ere parte hartzaileagoa da egun”.  
Gauzak horrela, pertsona orori egin dio deialdia Kristina Bernal AEKko dinamizatzaileak: “ateak irekita jarraitzen dute, eta ikasle zein euskaldunak gonbidatzen ditugu egitasmoan parte har dezaten. Borondatea, eskuzabaltasuna eta denbora baino ez dira behar”.  

Etorkizuneko erronkak
Etorkizunari begira, egitasmora jende gehiago erakartzeaz gain, egun mintzalagun diren guztiak harremanetan jartzeko baliabideak antolatu nahi direla adierazi du Kristina Bernalek: “uda baino lehen, ekintza osagarri batzuk antolatu nahi genituzke, mintzalagun guztiak elkartzeko. 
Bestalde, ohartu gara era guztietako sortzaileak dauzkagula mintzalagunen artean, eta aberastasun hori guztia erabili nahiko genuke, esaterako, tailerrak antolatzeko (sukaldaritza, gitarra…)”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!