Bi jardunaldiren faltan Leizaran taldeak mailari eutsi dio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 27a, 19:07

Leizaran Ernio Inmobiliaria taldeak mailari eustea lortu du, aurreko ostiralean erdietsitako garaipenari esker. Albiste ona, eta geratzen diren bi jardunaldiei begira lasaigarria erabat. 



Leizaran 30–29 Donibane
Senior mutilak. Pasaiara egin zuten bisita eta bertako Donibane eskubaloia taldea garaitu zuten, urduritasunak jotako partidan. Ez zen gutxiagorako, bi taldeen artean jokoan zegoena jaitsiera baitzen.
Arrisku hura partida osoan zehar nabarmena izan zen. Bi taldeak urduri aritu ziren, baloi ugari galduz. 
Lehen zatiaren amaierara andoaindarrak aurretik iritsi ziren:  11-13. Bigarren zatiko lehen minutuetan aldea handitu zuten 13-18 , baina ezin izan zioten abantaila horri partida amaiera arte eutsi. 
Partida amaitzeko minutua falta zenen etxekoek 29-29 berdinketaren gola sartu zuten, eta azken minutuan bi taldeek hainbat eraso izan bazituzten ere, Leizarangoek 14 segundoren faltan sartutako gola bakarrik igo zen markagailura, mugiezina zen 29-30eko emaitza jarriz. 
Bi jardunaldiren faltan, Leizaran eta Donibane taldeen artean lau puntutako aldea dago. Leizaranek geratzen diren bi partidak galdu eta Pasaiak biak irabazi arren, euren arteko bi partiden emaitzari esker Andoaingo taldeak salbazioa ziurtatzen duen 10. postua ziurtatua du. 
Leizaranek aurtengo helburu nagusia betetzea lortu du, beraz. 
Andoaindarrek Irungo taldea jasoko dute ostiral honetan 20:30etan  hasita Allurralde kirldegian.
 
Bera Bera Egia 28-17 Leizaran
Senior neskak. Etxekoen nagusitasuna agerian geratu zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!