David Urtasun • Andoain
“Oso animatuta nago, lehenengoa edizioa da gainera. Berakoa egiteko asmoa genuen, baina Urnietakoa jakin genuenean zalantzarik ez genuen egin. Etxetik gertu-gertu, ingurua ezaguna eta Adarra mendi kuttuna dugu.
Gogoz gaude. Ibilbidea dagoeneko egin dugu eta gogorra izango den irudipena daukat, gorabehera handiak daudelako. Bestalde, polita da. Toki ezberdinetatik igaroko da eta, bereziki, errepidetik kanpo burutuko da.
Erronka moduan hartzen dut, ez naiz lehiaketan ibiltzeko joera duen pertsona. Ez naiz denboraren menpe dabilen horietakoa, disfrutatzea gustatzen zait niri. Koinatuarekin aterako naiz eta polita izango delakoan gaude”.
Adrian Garcia • Urnieta
“Mendi lasterketa batean aterako naizen lehenengo aldia izango da. Joseba Labakak proba antolatzekotan zebiltzala esan zidan, berarekin ibilbidea egitera joan nintzen, eta, niretzat gogorregia izango ote zen zalantzak banituen arren, egingarria iruditu zitzaidan. Ibilbidea gogorra da, lehen kilometroetan batez ere, Onddira eta Adarrara igo behar baita.
Baina oso ibilbide polita ere bada, nire herriko beste paraje batzuk deskubritzeko aukera eman baitit.
Lasterketa ahalik eta txukunen amaitu nahi dut. Badakit, gutxi gorabehera, zein erritmotan joan behar dudan gutxienez leher eginda ez bukatzeko, eta erritmo horri eusten saiatuko naiz”.
Arkaitz Lasa • Andoain
“Ez zait gehiegi gustatzen lasterketetan ateratzea, baina Urnietakoa etxe ondoan dela kontuan izanda, parte hartzea erabaki dut. Urtero egin izan den Adarrarako igoera horretan ere ez naiz sekula izan, baina aurten lasterketa berria probatzera animatu naiz.
Ez dut ibilbidea ezagutzen, beraz, ezin gauza handirik esan. Ordenagailuan grafikoak ikusi ditut, nondik nora doan jakiteko, baina ez naiz bertan ibili. Hortaz, probatutakoan esan beharko dut gogorra den ala ez.
Printzipioz, bakarrik ateratzeko asmoa dut. Nire erritmoan hasiko naiz, eta gero norbaitekin elkartzen banaiz, ondo. Baina printzipioz bakarrik joango naiz”.
Jokin Lizeaga • Urnieta
“Azken bi hilabeteotan arazoak izan ditut ezkerreko hankan. Mediku-azterketa egin ondorenean, tibian haustura dudala agertu da. Erresonantzia bat egin berri didate orain. Hor ikusiko da haustura zenbaterainokoa den eta zein ezaugarri dituen, eta orduan erabakiko dute medikuek ebakuntza egin beharko ote didaten, geldirik egon eta bere kasa osatuko den…, eta zenbat denbora egon beharko dudan geldirik. Baina Urnietako probarako ez naiz osatuko”.
Pena handia ematen dit lasterketa galtzeak. Prestatutako ibilbidea, gogorra den arren, oso polita da, Urnietako parajeak ondo ezagutzeko aukera ematen baitu. Ea datorren urtean parte hartzeko moduan naizen”.