Amondarainen Urgencias margolan sorta Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 27a, 19:03

Jose Ramon Amondarain Andoaingo artista Gasteizko Artium museo entzutetsuaren hamargarren urteurrena ospatzeko Picassoren "Guernica" koadro ezagunean oinarrituriko lana bukatzen ari da Astigarragako pabilioi batean.

Madrilen, Reina Sofia museoan dago koadro ezaguna. Bisitariak koadroaren parean Dora Maar Picassoren bikotekideak egindako argazki-sorta ikusteko aukera du. Bertan, argazkien bitartez, egileak artelana osatzeko izan zuen garapena ikusteko aukera eskaintzen da. 
Argazki-sorta horretan oinarrituta, Amondarainek Artium museoarentzat zortzi argazki horiek margolan bilakatu ditu. Egilearen beraren hitzetan egitasmoak helburu bikoitza du: "sekuentzia ezberdinen bitartez koadroaren xehetasunak ikusteko aukera eskaintzea da helburuetako bat. Bestea, artelanaren ikuspegi artistiko hutsari erreparatzea da. Izan ere,  artelana bera gainditzen du Guernica koadroak, mundu mailako ikono bilakatu baita". Zortzi koadroen sailari "urgentzia" deitu diote. Hitz jokoez baliatuz, "Guernica" hitzaren letrekin "urgencia" hitza ere osa daiteke. Urgentzia hitza aproposa da, gainera, jakina baita 1937ko Parisko Exposición Universal delakoan aurkeztu ahal izateko Picassok lan egiteko oso denbora gutxi izan zuela.
Martxoaren 30ean irekiko da erakusketa Gasteizko Artiumen, eta bost hilabetez bertan ikusgai izango da. Museo ederraz gozatzeaz gain, Andoaingo artistaren lana ikusteko aukera paregabea, beraz.
Ondoren Berlinen erakutsiko dituzte artelanak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!