Herrira bilgunearen aurkezpena eta argazki rallyko sari-ematea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 26a, 13:27

Joan zen larunbatean, martxoak 24, Amasa-Villabonako Herrira bilgunea aurkeztu zuten Aljibean. Bilgunearen helburu nagusia presoak etxeratu eta kaleratzea dela iragarri ondoren, iritzi ezberdinetako herritar guztiei zuzendutako dei zabala egin zuten taldean parte hartzera animatzeko. Taldearen iraupena helburua bete artekoa izango dela azaldu zuten, beraz, ahalik eta motzena izatea espero zutela.

Era berean, joan zen astean ikusgai izan ziren Herrira ekimenak urte amaieran antolatu zuen argazki rallyko irudiak, nahiz Villabonako presoek espetxean egindako lanak: gurutze puntua eta bestelako eskulanak. Aurkezpenaren amaieran banatu ziren argazki rallyko sariak. Presoek aukeratutako sari nagusia Maddi Galarragak ateratako 'Oroitzapenak' argazkiarentzat izan zen. Ikusleen saria, berriz, Nora Urbizuk jaso zuen: 'Hiru iturri izan ziren' argazkiagatik.

Argazkiak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!