Tokikom tokiko hedabideen enpresa sortu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 23a, 10:59

Tokikom enpresa tokiko hedabideek egoera berriei erantzun azkarra emateko tresna gisa sortu dute. Topagunearekin batera, Buruntzaldeko tokiko lau hedabideak dira bazkide sortzaileak: Andoain eta Urnietako Manuel Larramendi Bazkuna-Aiurri, Hernaniko Kronika, Usurbilgo Noaua eta Lasarte-Oriako Txintxarri.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko bazkide diren hemeretzi hedabidek eta Topaguneak berak TOKIKOM enpresa sortu zuten martxoaren 17an, Eskoriatzan HUHEZI fakultateak duen egoitzan. 2009an hasitako bideari jarraiki, enpresa berria tokiko hedabideen etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna izango da.
Garai zailak dira hedabide guztiontzat, eta aurrera egitekotan ezinbestekoa da azkar mugitzea. Tokikom enpresa tokiko hedabideek egoera berriei erantzun azkarra emateko tresna gisa sortu da, eta hiru  eginkizun nagusi izango ditu:
• Esparru komunak eraikitzea eta kudeatzea: publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza, barne komunikazioa...
• Solaskidetza sendoa lortzea euskarazko hedabideen sektorearekin eta erakundeen aurrean.
• Toki hedabideen integrazio posiblearen diseinua proposatzea, eta horren inguruan adostasuna eraikitzea.

Mugimendu honekin, tokiko hedabideek, barne kohesioa lantzeaz gain, Euskal Herri mailan zirriborratzen hasi den euskal hedabideen arteko elkarlana ere erraztu nahi dute, foro horretara ere ahots bateratua ekarriz.

Ekintza eta gogoeta
Tokikom erakundeak zerbitzu mailako eginkizun zehatzak izango ditu: publizitate komunaren kudeaketa, tokiko hedabideentzako plataforma digital bateratua… Horretarako, enpresa berriak baliabide propioak izango ditu, eta horiez gain bazkideek metatutako jakintza eta azpiegiturak ere baliatuko ditu. 
 
Gainera, Tokikom-ek maila goreneko gogoeta prozesua ere abiatu nahi du. Hedabideok helburu baino, tresna gisa ulertuta, funtsezko galdera bati erantzun nahi dio sozietate eratu berriak: Zer nolako egitura komunikatiboa behar du euskal hiztun komunitateak mundu globalean komunitate gisa bizirauteko?
 
Ez da galdera erraza. Hala, sortu berri den enpresaren lehen agerraldietakoa galdera horren inguruko jardunaldiak antolatzea izango da. Jardunaldi horiek ekainean egingo dira, HUHEZIrekin elkarlanean.
 
Horien emaitza eskuartean hartuta, Tokikom-ek udazkenean abiatuko du tokiko hedabideen esparrua berrantolatzeko lana, bazkideekin batera integrazio ibilbide ezberdinak landuz.
 
Partaidetza zabala
Ekimenak oso harrera ona izan du hedabideen artean. Sortze-ekitaldian, hedabideak bideratzen dituzten 19 elkartek sinatu zuten sozietatearen eraketa, baina ateak zabalik egongo dira gerora ere gerturatu nahi dutenentzat. Topagunearekin batera, Buruntzaldeko tokiko lau hedabideak dira-Andoain eta Urnietako Manuel Larramendi Bazkuna-Aiurri, Hernaniko Kronika, Usurbilgo Noaua eta Lasarte-Oriako Txintxarri–, besteak beste, Tokikom sozietatearen bazkide sortzaileak. Horiez gain, Debagoienako Goiena, Zumaiako Baleike, Elgoibarko Barren, Durangaldeko Anboto, Txorierriko Aikor, Uribe Kostako UK, Sakanako Guaixe, Araitz-Beteluko Mailope, Urolako Uztarria edota Araba aldeko Aiaraldea.com.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!