Luken Goiak gizakiak ager ditzakeen muturreko bi aurpegiak biltzen dituen benetako istorioa kontatu du, 36ko Gerra odoltsuan girotua. Istorio hunkigarria inondik ere, nobela batekin bezainbat gozatzeko moduan irakur daitekeena.
Liburuxka Goia Ruiz de Galarreta familiaren kronika da funtsean, eta horretarako, bizirik dauden zenbait lekukoren testigantza, Udal agiri, argazki eta ilustrazio ugariz baliatu da.
Kontakizunak, Txitibar baserrian bizi eta, besteak beste, hango gasolindegia zeraman Zatarain familia ere protagonista bilakatzen du. Hain zuzen, orduan ume eta gaur egun 82 urte dituen Jose Migel Zatarainek bere testigantza eskaini du liburua osatzeko.
Liburuxkak historian atzera egiten du, XX. mendeko 30eko hamarkadara, hain zuzen. Felix Goia eta Martina Ruiz de Galarreta Eulaten (Nafarroa) sei seme-alaba gazteekin bizi zirela kontatuz hasten da. 36ko uztailean kolpe militarra gertatu eta berehala, UGTko bazkide zen Jose Goia eta herriko beste zenbait atxilotu eta mendira eraman zituzten faxistek, fusilatzeko asmoz. Halako batean, Goiak ihes egitea lortu zuen, basoan ezkutatzea lortuz. Egun batzuk basoan igaro ostean, bere burua guardia zibilen aurrean aurkeztea erabaki zuen. Hori eginda, atxilotuta egotera behartu zuten etxean.
1936ko abuztuaren bukaera aldera, ordea, armatutako talde batek mehatxatu egin zuen familia, herritik alde egiten ez bazuen kide guztiak akabatu egingo zituztela aginduz.
Hernaniko bidea hartu zuten senar-emazte eta sei seme-alabek, han bizi zen familiak ostatu emango zietela pentsatuta, asto eta astakume banatan ahal zutena kargatu eta gero. Irura parean, ordea, errekete talde batek alto eman zieten, tartean Eulateko herrikide bat zegoelarik. Honek familia identifikatu, eta Jose Goia atxilotuta eraman zuten, Tolosako kartzelara.
Txitibarren, aterpe
Emazteak eta sei seme-alabek aurrera jarraitu zuten, baina Andoain parera iristerako, berandutu egin zitzaienez, Txitibar baserrian geratu ziren. Otegi eta Zatarain familiak bizi ziren Txitibar baserrian orduan, etxebizitza banatan. Bada, Zatarain familiak hartu eta elikatu egin zituen. Honakoek osatzen zuten Zatarain familia: Antonio Zatarain (alarguna) eta honen lau seme-alaba (Luzia, Arantzazu, Maria Teresa eta Jose Migel; 11 eta 4 urte bitartekoak lauak).
Une hartan, Andoainen borroka frontea ezarrita zegoen bete-betean; gudari zein miliziano bolondresak Buruntza eta Belkoiango lubakietan alde batetik, eta militar faxistak Donostiako bidea hartu ezinik Andoainen bertan bestetik. Gauzak horrela, bi astez Txitibarren babestuta eduki zituzten. Bi aste egin zituzten han, eta Jose Migel Zatarainek liburuan egonaldiaren inguruan emandako xehetasun eta zenbait pasadizo harrigarri ere kontatzen ditu.
Luken Goia liburuaren egileak aitortzen duenez, Zatarain familiak egundoko arriskua hartu zuen familia 'gorri' hari etxean ostatu emanda. Argi dagoena, Zatarain familiak, arriskuen gainetik eskuzabaltasuna eta gizatasuna erakutsi zuela da; salaketarik hutsalena (“errepublikazaleen kolaboratzaile izatea”, esaterako) nahikoa ohi zen kartzela edo heriotza pairatzeko.
Kontua da Joxe Goia atxilotu eta handik aste batzura, Ondarretako presondegitik igaro eta gero, azaroan, erail eta desagertarazi egin zutela leku ezezagunen batean.
Hain zuzen ere, gertakizun horiek guztiak ez ahazteko idatzi du Luken Goia idazleak liburuxka irakurgarria. 2011ko urrian, Goia Ruiz de Galarreta familiak erail zuten aitonari eta honen alargun eta seme-alabei omenaldia eskaini zien, Eulate herrian.
Omenaldian zehar, Andoaingo Zatarain familia ere hartu zuten gogoan, 1936ko Gerran, horren trantze zailean erakutsi zuen eskuzabaltasuna zela eta.