Harrobia lantzeko kemena garairik zailenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 23a, 10:52

Ordiziako, Tolosako eta Andoaingo txirrindulari eskolek Gopar-Ikolan Lanaldi taldea sortu dute, txirrindulariei afizionatuen mailan aurrera jarraitzeko aukera eskaintzeko helburuz. 
Gopar-Ikolanek 15-18 txirrindulari hartuko ditu bere baitan, eta harreman zuzena izango du Caja Rural talde profesionalarekin, honen azpiko talde izateko konpromisoa hartu baitu.

Orain arte, Andoaingo Txirrindulari Eskolan zebiltzan gazteek, jubenilen maila amaitu eta aurrera jarraitu nahi bazuten, Oriako Txirrindulari Eskolako Belca taldera joan behar izaten zuten afizionatuen lehen urtea egitera. Aurten, ordea, Belcak babesle izateari utzi dio, eta ondorioz, afizionatuen mailan aurrera jarraitu nahi duten eskualdeko txirrindulari asko horretarako taldea aurkitzeko arazo askorekin aurkitu dira. Horren aurrean, Ordiziako, Tolosako eta Andoaingo Txirrindulari Eskolek talde berria sortu dute: Gopar-Ikolan Lanaldi. 
Esan bezala, taldeak 15-18 txirrindulari inguru izango ditu, gehienak eskualdekoak, eta afizionatu mailako lehen eta bigarren urtekoak. Oraingoz, hauek dira proiektu berri honetan parte hartuko duten txirrindulariak: Asier Gandarias, Alain Lopez, Aitor Loyarte, Julen Oria, Asier Unanue, Igor Romero, Aitor Landa, Julen Izagirre, Ander Altuna, Jon Garmendia, Igor Jauregi, Aritz Elustondo, Xabier Perez, Eneko Garcia, Aitor Ocampos eta Xabier Iriarte.

Euskalduna eta Lehendakari txapelketak
Guztira 50-60 lasterketa egun izango dituzte denboraldian zehar; proba horien artean egongo dira Euskalduna eta Lehendakari txapelketak, Gipuzkoan egiten diren Espainiako Kopako probak (Asteasu, Balentziaga memoriala eta Legazpiko Santa Kruz klasika), eta Bidasoako eta Arabako itzuliak. 
 
Andoaingo Txirrindulari Eskola
Denboraldiko taldearen aurkezpena egin berri du Andoaingo Txirrindulari Eskolak. Hauexek izango dira, mailaz maila, aurtengo taldea osatuko dute txirrindulariak:
Benjaminak: Unai Galarza, Maddi Rodriguez eta Iker Atxaga.
Alebinak: Josu Gomez eta Izarne Mayoz.
Infantilak: Beñat Amondarain, Jokin Alberdi, Ioritz Mayoz eta Unai Lizarribar.
Kadeteak: Gaizka Mayoz, Jon Urdangarin, Julen Irigoien, Jon Ander Unanue, Peio Manterola, Adrian Alamo, Mikel Alonso, Imanol Martinez eta Julen Lizarribar.
Jubenilak: Enaitz Roteta, Jon Flores, Igor Arruti, Imanol Iraola, Martin Torres, Aitor Urruzola eta Xabier Mitxelena. 
 
Joseba del Barrio eta Mikel Iturria indartsu ari dira 
Otsailean denboraldia hasi zenetik, bizikletak hartu eta hango eta hemengo errepideetan dabiltza astebururo Joseba del Barrio eta Mikel Iturria txirrindulari urnietarrak. Afizionatuetan bosgarren urtea du Barriok; Iturriarentzat bigarrena izango da. Bidelan-Kirolgi taldeko elastikoa darama lehenak, eta Naturgas Energia taldekoa, bigarrenak. Gogotsu ekin diote denboraldi berriari. 
 
Martxoaren 11n ospatu zen Aiztondoko Klasika izan duzue denboraldi hasiera honetako hitzorduetako bat. Zer moduz aritu zineten bertan?
Joseba del Barrio: Ni oso gustura gelditu nintzen. Ihesaldian sartu nintzen, eta horri esker tarteko helmugak eta mendiko saria lortu nituen. Pozik, beraz. 
Mikel Iturria: Ni ere bai. Adunako lehenengo bueltan, ordea, zulatua izan nuen; berriz pelotoian sartzea lortu nuen eta gustura jarraitu nuen, baina probaren amaieran faltan bota nuen pelotoia harrapatzen gastatu nuen indar hori. Gainontzean, oso gustura, maila handiko proba baita. Espainiako Kopako proba da eta Espainiako talderik onenek hartzen dute parte bertan. 
 
Zein helburu dituzue denboraldi honi begira? 
M.I.: Hobetzen jarraitzea eta formatzen joatea, egunen batean goiko mailetara pasatzen bagara, zenbait gauza ikasita joan gaitezen. Taldeak horixe eskatzen du, txirrindulari bezala formatzea, eta gero emaitza onak iristen badira, hobe. Bestetik, pertsonalki, Bidasoako Itzulian lan txukuna egitea gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu. 
J.B.: Niri aurten pauso bat gehiago eman behar dudala esan didate, taldean jende gazte asko dagoela eta, beraz, eskaileran maila bat gorago igo eta beste ardura batzuk hartu behar ditudala. Eta pertsonalki, aurreratzen eta hobetzen joatea, eta garaipenen bat iristen bada, are hobeto. Ez da erraza izango, baina horretarako gaude, saiatzeko behintzat.

Nork eman diezazueke lan gehien aurtengo denboraldian?
J.B.: Txirrindulari bat baino, talde bat aipatuko nuke nik: Caja Rural. Oso talde indartsua dute, zazpi edo zortzi txirrindulari dituzte irabazteko aukera askorekin.
M.I.: Aurten, sei lasterketetatik bost irabazi dituztela uste dut. Espainiako Kopako bi probak ere eurek eraman dituzte eta lidergoan daude ia torneo guztietan.

Ordu asko kentzen al dizkizue bizikletak?
J.B.: Ni orain arte Gasteizen aritu naiz Ingurugiro Zientziak ikasten. Goizez entrenatzera irteten nintzen eta arratsaldez klasera joaten nintzen, ez nuen besterik egiten. Aurten irakasgai bakarra gelditzen zait karrera bukatzeko, eta lasaiago nabil: astean behin joaten naiz Gasteiza, eta gainontzeko egunetan entrenatzera irteten naiz, baina arratsaldetan deskantsatu egiten dut, akaso bueltatxoren bat ematera atera ere bai… Hori bai, asteburutakoa ez da aldatu: lasterketa, atsedena, lasterketa, atsedena. Besterik ez. Lagunei bisitaren bat edo beste noizean behin, baina…
M.I.: Denbora asko kentzen du bizikletak. Egunean bi orduz entrenatzen baduzu ere, ez dira bi ordu horiek bakarrik: goiz esnatu eta gosaldu egin behar duzu, bizikleta hartu aurretik digestioa egiteko. Gero bi orduko saio hori egin, eta arratsaldean atseden hartu behar duzu. Ez dira bizikleta gainean pasatzen dituzun ordu horiek bakarrik, aurretik eta ondoren ere denbora kentzen du. 

Zein asmo duzue datozen urteei begira?
M.I.: Nik beste bizpahiru urtetan bizikletan zentratzeko intentzioa daukat, eta epe hori pasa eta zein egoeratan nagoen ikusitakoan erabakiko dut jarraitu ala utzi. Unibertsitatera joatea gustutako litzaidake, IVEF edo antzeko zerbait ikastera. Baina, orain, bi urtetan bizikletan saiatu nahi dut erabat, eta gero ikusiko dugu. 
J.B.: Iazkoa azken urtea izango zela pentsatzen nuen, baina gauzak ondo atera ziren, taldetik ere jarraitzeko animoak eman zizkidaten, eta hementxe nago aurten ere. Denboraldia ondo joatean bada eta gogoz banago, jarraituko dut, eta bestela, beste gauza batzuei helduko diet, ordurako karrera amaituta izango baitut, eta gustatuko litzaidake kanpora joatea ere. 

Zein da gogokoen duzuen lasterketa?
M.I.: Nik Aiztondoko Klasika aipatuko nuke. Bi urtetan hartu dut parte eta asko disfrutatu dut. 
J.B.: Polita da, bai. Gainera, jende asko egoten da begira eta horrek asko motibatzen du. Eta hori gutxi balitz, etxe ondoan daukagu. Aiztondokoaz gain, Kantabriako Vioñoko lasterketa ere oso gustuko dut, duen ibilbideagatik. Irailean izaten da. 

Zer moduz ikusten duzue txirrindularitzaren mundua?
J.B.: Zigorren kontuaren harira, guk profesionalen munduan gertatzen denaren inguruan askorik ez dakigu, baina, kanpotik ikusita behintzat, zirku bat iruditzen zait. Esaterako, Contadorrek positiboa eman zuenetik ez dakit zenbat denbora pasa den ere, eta orain esan diote bi urteko zigorra jarri diotela. Ezin al zuten lehenago esan? Bera erruduna den ala ez, hori ez dakit, baina zigorraren berri izateko hainbeste denbora itxaron behar izatea lotsagarria iruditzen zait. 
M.I.: Doping-ari dagokionez, nik orain urte batzuk baino hobeto ikusten dut txirrindularitza, garbiago dago, kontrol asko baitago. Bestetik, krisialdiak izan duen eragina aipatu beharrekoa dela uste dut, lasterketa dezente desagertzen ari baita. Guri dagokigunez, orain arte bi proba bertan behera geratu zaizkigu. Eta, hala ere, hemen zorte handia daukagu, Euskal Herrian beste toki askotan baino egutegi hobea baitaukagu. Kilometro gutxitan lasterketa asko dugu, etxetik gertu, eta hori sekulakoa da.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!