Autodefentsa ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 22a, 09:47

Indarkeria sexistari aurre egiteko autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuak. Ikastaroa Joana Aurrekoetxea eta Idoia Arraiza Bilgune Feministako kideek emango dute. Basteron izango da, martxoaren 31n (larunbata), goizez, 09:00etatik 13:00etara. Aurrekoetxeak ikastaroari buruzko azalpenak eman dizkio Aiurri-ri.

Zein eduki izango ditu ikastaroak? 
Joana Aurrekoetxea: Guk eskaini ohi ditugun saioak bi zatitan banatzen dira normalki. Lehenbiziko bi orduak teorikoak izaten dira, eta arlo sikologikoari heltzen diogu batez ere. Aztertze lana burutzen dugu: nondik datorren indarkeria, nola bizi dugun gure gizartean, gure inguruan… Izan ere, indarkeriari aurre egiteko identifikatu beharra dago lehebiziko eta behin. Bestalde, txikitatik sartzen diguten beldur sozial hori jorratzen dugu: izan ere, txikitatik gauari beldur izaten erakusten digute, esaterako, baina ez nola egin aurre beldur horri. 
Arlo teoriko hori landu, atseden txiki bat hartu, eta ondoren, arlo fisikoari heltzen diogu. Gure gorputzaren eta indarraren kontzientzi hartzea egin nahi izaten da orduan. Azken batean, bi gaien inguruko kontzientzia hartu beharko genuke: geuk ere badugula indarra, eta, erasotzaile indartsuaren figura desmitifikatu egin beharra dagoela. Finean, gainera, eraso asko eta asko egunerokotasunean gure autoestimuari eragiten diotenak dira.   

Autodefentsako ikastaroa aipatu orduko arte martzialak etorriko zaizkio burura bati baino gehiagori… 
J.A.: Bai, arrazoi duzu. Defentsa pertsonala, azken batean, arte martzialetatik eta zenbait kiroletatik hartutako teknika fisiko multzo batek osatzen dute. Autodefentsa feminista, horrexetik ere eduki arren, gehiago da. Beregana ditzake baliagarriak zaizkion arte martzialetako zenbait teknika, baina batez ere, indarkeri mota ezberdinak (psikologikoak, fisikoak, emozionalak, afektiboak, ekonomikoak eta sinbolikoak) aztertu eta horiei aurre egiteko erantzun estrategiak konpartitzea da bere zeregina.

Nondik sortzen da autodefentsa feminista tailerrak antolatzearen ideia? 
J.A.: Orain hamarkada batzuk indarkeria jasaten zuten emakumeen inguruan eraturiko erantzun dinamikek eta urteetan zehar mugimendu feministak egindako hausnarketek  argi utzi zuten indarkeria sexistaren inguruan, ez zela nahiko diskurtso jakin bat plazaratzea, haratago joan behar zela.
Bilgune Feministan gai horretan janzten eta trebatzen hasi ginen, eta herriz herri lantegiak antolatzen ondoren. Gure helburua ez da ikastaroa ematera mugatzen. Azken finean ez gara adituak, guri zenbait baliabide eta tresna transmititu zaizkigu, eta horiexek emakumeen esku jarri nahi genituzke.
Han-hemen emakume taldeak eratzea izango litzateke egokiena, norberak bere burua lantzearekin batera, beste emakumeekin estrategiak parteka ditzan espazio kolektibo batean. Azken batean, geure eskubideak geuk defendatu behar ditugu, ez baitirudi beste inork aitortuko dizkigunik, nahiz eta asko legeetan formalki onartuak egon.

Zuen iritziz, non du sorburu indarkeria matxistak? 
J.A.: Gure analisiaren abiapuntua sistema patriarkal batean bizi garela da; sexuen araberako botere harremanak ezartzen dituen sistema dela hori, hain zuzen. Harreman horiek existitzen dira nolabaiteko hierarkizazioa ematen delako: sexu maskulinoa femeninoari gailentzen zaio, eta bakoitzari rol ezberdinak jartzen zaizkio gizartean. Era horretan, gizonari koherentea, independientea edota ausarta izatea baloratzen zaio. Aldiz, emakumearen bizkar, etxe zainketa, heziketa eta erreprodukzio lan guztia jartzen da, eta gutxietsi egiten zaizkio dauzkan gainerako ezaugarriak.
Rol horiek bultzatzen dituzten botere harremanei eusteko tresnetako bat indarkeria izan ohi da, mota ezberdinetan sailkatzen den indarkeria, alegia. 

Zein balorazio egin ohi dute ikastaroetan parte hartzaileek? 
J.A.: Ez da gai samurra esku artean dugun hau. Gutariko bakoitzak, gainera, oso bizipen ezberdinak ditugu gorputzean, bizi izan dugun testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoengatik eta horietan jardun eta bizirauteko garatu ditugun praktika pertsonal eta kolektiboak direla eta. Zentzu horretan, oso espazio anitz eta aberasgarri bilakatzen dira ikastaroak, eta konfiantzazko giroa sortzen da, elkartasunean oinarritzen dena. Parte hartzaileek ere, emozioak, bizipenak, eztabaidak partekatzeko babes espazio bat izatea asko eskertzen dute, aurrera begira ere jarraipena izan dezaketenak. Alde horretatik, txoko feminista hauek guztiontzat direla uste dut: indartzeko, hazteko nahiz babesa sentitzeko gune. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!