Eros ezak/n hemen eta joan hadi Parisa kanpaina jarriko du abian Oria merkatari elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 20a, 11:18

Atzo eguerdian, Villabonako Oria merkatari elkarteak udaberri honetarako egin duen kanpaina aurkeztu zuten Villabonako udaletxean: ‘Eros ezak/n hemen eta joan hadi Parisa'. Agus Aduriz merkataritza sustatzeko bulegoko kideak nahiz Oria merkatal elkarteko lehendakariorde Consuelo Gómez-Arevalillo eta lehendakari Kitilok osatu zuten mahaia:

Tolosaldea Garatzen agentziatik gerturatu zen Agus Adurizek Villabonako merkataritzaren inguruko hainbat datu eman zuen lehenik eta behin: "krisi garaian bagaude ere merkataritza sendoa dugu Villabonan. Borrokan dabilen sektorea dugu hau, denak bezala, baina garai zail hauek ondo jasaten ari da.

Jakin ezazue guztira 81 merkataritza establezimendu ditugula Villabonan, eta herriak duen populazioarekiko, 5.863 bizilagun, dentsitate komertziala 13,82koa dela. Euskal Erkidegoko beste herrien dentsitatearen erdi-mailan agertzen da, beraz sektore garrantzitsua dela ikus dezakegu.

Herri honetako merkatari elkartearen izena Oria merkatari elkartea da, eta ia % 60 komertzioak elkarteko bazkide dira, beraz esangura garrantzitsua duela esan genezake, indarra duela elkarteak. Oriak fideltasun ekintzak egiten ditu merkataritza sustatzeko, herriko salmentak bultzatzeko, besteren artean, abian jarriko dugun ekimen berri hau.

Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiogu udaletxeari martxan jartzen dugun edozein proiektu bultzatzen laguntzen digulako, eta bestalde Eusko Jaurlaritzako merkataritza departamenduari urtero plazaratzen dituen "Merkagune" diru-laguntzei esker horrelako ekintzak egin ditzakegulako".

Oria merkatari elkarteko lehendakariorde Consuelok aurkeztu zuen udaberri honetan, martxoaren 21ean bertan, Oria merkatal elkarteak abian jarriko duen ekimena: ‘Eros ezak/n hemen eta joan hadi Parisa'. Villabonan merkataritza indartsua dugula eta herriarentzat hain garrantzitsua den jarduera ekonomiko horri eutsi behar zaiola azaldu zuen, herriaren garapen eta orekari begira. "Ezin ditugu gure bezeroak galdu, zaindu egin behar ditugu, zer edo zer berezi eta erakargarria eskainiz. Egunetik egunera bezero berriak lortzea zailagoa denez, aurrez ditugunak mantendu behar ditugu. Lan horretan ahaleginduko gara Oria elkartea, horixe izango delarik lanean jarraitzeko gure arrazoia".

‘Eros ezak/n hemen eta joan hadi Parisa' kanpainaren funtsa adierazi zuen jarraian, argi utziz ekimenean parte hartzeko, Oria merkatal elkarteko saltokietan txarteltxoak banatuko direla, bertan kopuru batetik aurrerako erosketak egiten dituzten bezeroen artean. "00.000 zenbakitik 19.999 zenbakira arte, 20.000 txarteltxo banatuko dira guztira eta maiatzaren 15ean zozketa publikoa egingo da Berdura plazan. Gure establezimenduetan jakinarazteaz gain, prentsaurreko bidez ere zabalduko dugu zenbaki irabazlearen berri. Irabazleak bi lagunentzako Pariserako bidaia irabaziko du, gastu guztiak barne. Sari benetan erakargarria dela uste dugu".

Ekimen honen bidez, herritarrak herrian erostera animatu nahi dituztela azaldu zuen Consuelok eta oraindik elkarteko kide ez diren merkatariengana ere gerturatu nahi dutela, kide egin daitezen animatuz, "ideia asko baitugu buruan". Interesa izan lezaketen establezimenduei Tinta inprentatik edo Bronte optikatik igarotzeko deia egin zien, "oso gustura azalduko diegu gure asmoen berri".

Babesa erakusten dieten guztiei bihotzez eskerrak emanez bukatu zuen Consuelok bere aurkezpena, "eskerrik asko guztioi eta zorte on!".

Ekipamenduak berritzeko diru-laguntzak

Amaieran Agus Adurizek hartu zuen berriz hitza eta, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak salmenta puntuetan establezimenduak eta ekipamenduak berritzeko diru-laguntzen programa jada martxan jarri duela jakinarazi zuen, ondorengo zehaztapenak eginez:

-Txikikazko merkatarientzat soilik da diru-laguntza hau.

-Eskaerak martxoaren 19tik ekainaren 30a arte egin daitezke, aurrekontua bukatzen ez den bitartean.

-Diru-laguntza hauek merkatariek egin dituzten konponketak (margotze-lanak, altzarien erosketak, argiztatze-lana...) eta ekimpamenduen berritze edo aldaketak (adibidez ordenagailu bat erostea, pisatzeko gailuren bat...) kubritzen dituzte.

-Informazio gehiago nahi duenak www.tolosaldeagaratzen.net web orrian aurkituko du, eta era berean, Tolosaldea mailan martxoaren 30ean, ostirala, 13:30etan Tolosako Kultur Etxean diru-laguntzaren aurkezpena egingo da, besteak beste. Eskaerak egiteko e-mail-a bidal daiteke aduriz@tolosaldea.net helbidera edota 943-654-501 telefono zenbakira deitu, baina ahal duten guztiei bilerara etortzeko deia egin zien, "han emango baita informazio orokorragoa".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!