Villabonatarrok arazo bat dugu hondakinen kudeaketarekin. Urteak daramatzagu edukiontzien sistemarekin birziklatzeko asmotan, baina urratsak eman baditugu ere, sistema ahitua dago. Gaur egungo gure birziklatze maila ez da %30era iristen, %90 birziklagarria denean. Denok birziklatzen dugula esaten dugu baina datuak gordinak dira, hondakinen %70 baino gehiago zabortegietara botatzen ari gara. Ez dugu organiko gramo bakar bat ere biltzen modu bereizituan. Eta errealitatea are gordinagoa da: gaur egun papera, beira, ontziak eta organikoa nahastuta botatzen ari gara, balio handia duten eta lehengai diren hondakinak zabor kutsatzaile bihurtzen ari gara eta hori onartezina da. Arazoa dugu bai, baina konponbidea ere bai. Guk Gipuzkoa garbia nahi dugu, Villabonako airea, mendiak eta errekak garbiak nahi ditugu. Horregatik, eta Villabonan gauzak ongi egiten dakizkigulako, arazoari muinetik helduko diogu.
Villabonatarrok hondakinen murrizketari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari ekingo diogu. Villabonan gauzak ongi egiten ditugulako zero zabor politikarantz abiatuko gara, pauso txiki batekin emaitza ezin hobeagoak lortuko ditugu.
Ondorioz, udalbatzak zera onartzen du:
1.- Villabonako udalak ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko du Tolosaldeako Mankomunitatearekin.
2.- Villabonako udalak Mankomunitatearekin batera adostuko du konpostatze kanpaina zabala egitea herriko familien artean.
3.- Villabonako udalak ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromezua hartzen du, eta %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da gaur egun.
4.- Udalak etengabeko urratsak emango ditu Villabona zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean.
5.- Hau guztia burutzeko, Tolosaldeako Mankomunitatearekin lan-batzorde bat osatzeko eskaera egingo du.