LSBideluze ikasle taldea Europara begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 15a, 12:35

Inoiz pentsatu al duzue nondik datorren jaten dugun janaria?’, galdera hori eginez La Salle Berrozpe ikastetxeko talde bat lan zientifikoa garatzen ari da onarpen maila ikaragarriarekin, Euskal Herrian eta estatu mailan. First Lego League delako lehiaketa zientifikoan janarien segurtasuna ardatz duen egitasmoa garatzen ari dira Ane, Koldo, Maite, Andoni eta Mikel ikasleak. Haiekin batera Iñigo Amenabar irakaslea.

LSBideluze da taldearen izena, eta hitzaren esanahiari jarraituz, bide luzea egiten ari dira. Euskal Herrian euskaraz egin zuten aurkezpena bikain atera zen. Espainiakoan gaztelaniaz egin berri dute eta lortutako sariari esker, ekainean ingelesez egin beharko dute proiektuaren aurkezpena.
 
Eta zertan datza proiektuak? Erantzuna lehiaketarako sortu duten lsbideluze. wordpress.com blogean irakur daiteke: “Inoiz pentsatu al duzue nondik datorren jaten dugun janaria? Hori da guk aurten aztertu dugun gaia. Haur, gazte eta helduen osasuna seguruago egoteko tresna bat asmatu behar dugu. Hasiera batean oso gai konplexua ematen du, baina interneten informazioa bilatuz eta First Lego Leaguek ematen duen informazioari gehituta erraztasun ikaragarriak jaso ditugu.
 
Gure aurtengo helburua aiton-amonen osasuna are eta hobea izatea, jaten dituzten produktuak geroz eta seguruagoak izatea. Horretarako, existitzen den gauza bat eraldatu dugu, Luminometroa. Produktu honek egiten duena: produktua atzeman eta honek dituen ATP kopurua adierazten du kolore desberdinen bitartez. Tupperware batean ezarriz eta luminometroa bertan itsatsiz barruan dagoen janaria jateko moduan dagoen ala ez jakingo genuke”, argitu dute taldekideek aipatu blogean.
 
Hori horrela esanda, zientziarekiko edota elikadurarekiko batere harremanik ez duenarentzat, ulertzen kosta egiten da. Adituen munduan, ordea, ondotxo ulertu dute Andoaingo gazte hauen ekimena. Sukaldaritza, unibertsitate eta enpresa munduko izen handietara gerturatzeko aukera izan dute lantzen ari diren proiektuari esker. Besteak beste, Juan Mari Arzak sukaldariak egitasmoaren ordezkari izateko aurkeztu zuen bere burua. Egitasmoa aurkeztu ondoren zera esan zien, “Madrilen egingo den kongresu batera eraman al dezaket?”. Hilario Arbelaitz sukaldariak, berriz, “hozkailu enpresa batekin aztertzea aholkatuko nizueke”, adierazi zien. Eta hala egin zuten. Fagor etxeak “ideia ona da, jarrai ezazue garatzen”, erantzun zien. Ceit enpresak ere aitortza egin die, “frogagailu eraginkorra sortu duzue”. 
 
Gazte hauek ez daude etsitzeko prest. Laster Alemanian jokatuko den Europa mailako lehiaketarako prestakuntzari ekingo diote. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!