Gazteen irteera Amaiurrera martxoaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 15a, 12:30

Jalgi hadi garaipenera! Andoain, Hernani, Lasarte eta Usurbilgo gazte mugimenduek eratutako talde bat dugu, eskualdeko gazteen arteko harremana bultzatzeko asmoz. Bestalde aurten betetzen dira 500 urte Nafarroako erresuma konkistatu zutenetik, eta horren aitzakian ere Euskal Herri mailan sortu den mugimenduan ere gure eskua luzatu nahi genuke. 


Esan bezala, aurten 500 urte betetzen dira Gaztelako tropek Nafarroako erreinua konkistatu zutela eta ospatzeko inongo intentziorik ez dugun arren, bai gogoratzekoa. Bai baitakigu gaur egun gure Euskal Herriak hartzen dituen lurretan independente izan zen lurralde batek bere burujabetza galdu zuela behin betiko. Eta guk egun hori gogoan izan nahi dugu, baina ez aurten bakarrik, baita ere gure bizitzek irauten duten bitartean eta baita gure ondorengoak bizi diren artean. 
Egun batean esan zuen Mahatma Gandhi iraultzaile hinduak “Nire ametsak errealitate bihurtu nahi ditut” eta guk ere berdina egin dezagun, gure ametsak hezur eta haragizko bihurtu auzolanean iraganeko sutraietatik eta gaurko loreetatik etorkizuneko fruituak dastatzeko. Askatasuna. Historia. Ametsak. Independentzia. 
Har dezagun dena eta emeki-emeki landu ditzagun gure eskuekin kontzeptu huts izatetik errealitate eder bilaka daitezen. 1200: Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa konkistatu ziren. 1512: Nafarroa konkistatu zuten. 1522: Amaiurren Hondarribira ihes egin izan ez zuten nafarrak erori ziren. 1839: Bergarako besarkada bizkarretik sarturiko ezpata  izan zen. 1876: Foruak galdu genituen. 1937: milaka heriotz eta 38 urteko infernuak jan gintuen. Egungo errealitatea margotzeko erabili diren zenbait pintzelkada. Ahaztu nahi al dituzu? Zu zeu zarena nondik datorren jakin nahi duzu edo denari uko eginda bizi edonoren menpe bizitzeko inongo arrazoirik izan gabe bere aurka joateko? 

Martxoaren 24an irteera Amaiur aldera
Honen harira martxoaren 24an irteera burutuko dugu lau herrietako gazteek Amaiur aldera. Bertan gure historiaren parte bilakatu den gertaeraren berri ematea izango da helburu modu praktiko batean astean zehar herri bakoitzean egongo diren ekitaldiei nolabaiteko akabera emanez. Goizean abiatuko gara Amaiur aldera 11:00k aldera iristeko. Bertan batailaren berri emango dugu, gaztelua zenaren inguruan, hurbiletik ikusteko bertan zer gertatu zen. Ondoren, Elizondora joatea izango da gure asmoa eta bertako gazteekin elkartzea. Bazkaldu ondorenean, eta bost herrien arteko harremana sendotzeko helburuarekin, kantu saio bat eta joku erraldoi bat egitea da gure asmoa, gure kultura eta historiaren inguruko ezagutza praktikan jarriz. Honela gure hezkuntza osoagoa izango genuke eta gure helburuak egiazkoagoak izango dira.
Beraz, hurbil zaitez gugana eta jalgi hadi garaipenera denon artean garaipena hurbilago ikusiko baitugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!