Martxoak 8 emakume berdintasunaren aldeko kalejira arrakastatsua izan zen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 15a, 12:29

Belaunaldi ezberdinen topaleku bilakatu zen martxa-kalejira, jai giroan eta umore onean burutu zena. Lekukoa eraman zutenen artean, hauexek bildutako hainbat adierazpen:

Alain eta Elixane Jauregi:
"Esperientzia polita izan da. Honezkero hurrengo urteetarako bidea irekita dago. Horrelako zerbait egitea beharrezkoa zen, herri mailan kontzientziatzeko baliagarri izango baita. Emakumeek egindako lana handia baita.
Kulturan gabiltza bereziki GAZTA gazte asanbladakoak, eta gaur biak etorri bagara ere, atzean lantalde bat dago. Zalantzarik ez genuen egin gonbidapena jaso genuenean".

Tere Regil:
"Gustatu zait eta ondo antolatuta egon da, gainera. Gu geu ez ginen urduri, lasai etorri gara". 
Lanean, etxean..., makina lan egindakoak dira San Juan bataiatzailea etxearen izenean etorritako bi ordezkariak.
 
Izaskun Beneitez:
"Elkarri lagunduz ordezkari bezala nator. Ostegunero biltzen gara, nagusiki emakumeak, eta minbizia igaro dugun emakumeak elkarri lagunduz aritzen gara. Hasieran oso urduri nengoen, baina ekitaldia oso hunkigarria izan da. Amaieran herritarren errekonozimendua jaso izanak hunkitu ere egin gaitu".
 
KRONIKA 
Iragarri bezala, Bastero Kulturgunearen kanpoaldean musika eskolako ikasleek girotu zuten kalejiraren hasiera. Kalejira Basterotik abiatu ondoren, oinezkoen kaleetan barrena murgildu ziren ehunka herritar. Haien guztien artean, Katramila taldeko kideak giroa alaituz aritu ziren. Kalejiran berdintasunaren aldeko lekukoa eskuz esku ibili ondoren, "Martxoak 8 emakume" ekimenaren adierazpena irakurri zuen Jone Larrañaga kazetari eta Emeki-Emeki taldeko kideak Goikoplazan. Adierazpena irakurri bitartean, lekukoa eraman zuten emakumeek plazan bertan zegoen paneltxoko “emakume” hitza hizkiz hizki osatu zuten.
Hona, adierazpenaren atalik esanguratsuenak:
 
"Martxoak 8 egin berriak ditu, eta 8 emakume bildu ditugu gaur hemen. Eta haien altzoan 80 ekarri. Eta haien bitartez 800 gogoratu. Eta 8.000ren lana azpimarratu, akaso 80.000rena. Zenbat emakume biziko zen gure herrian? 
 
Denak gogoan izan nahiko genituzke. Guzti-guztiak. Itzalpean izan diren guztiak atera nahiko genituzke argitara. Atera plazara, gaur gizon eta emakume, haur, gazte eta helduk bete dugun plaza honetara. Eta bagarela esan. 
Nora goazen jakiteko begiratu beharra dago atzera. Nondik gatozen ez ahazteko. Felicitas
Irigoras, Juanita Sancho, Jone Aldaz eta Maria Jesus Fernandez bezalako emakumeei. Oroituz taldeak atera nahi ditu plazara, desagertutakoen oroimena bizirik dagoelako. Beraiek transmititu nahi dutelako hemen gertatutakoa. Pausoz pauso egin nahi dugu etorkizuna, atzoko eta gaurko emakumeak baikoaz sokari tiraka etorkizuneko emakume librea garatu
arte.
Bide horretan daramagun lekukoari harro eutsi diote San Juan bataiatzailea egoitzako Teresa Regil eta Nuria Serranok ere. Industrian lanean hasi ziren lehen emakumeak dira, eurak dira gaur egun emakumeak gizartean duen lekua lortzeko bidean lehen urratsak eman zituzten aitzindariak. 
 
Elkarri lagunduz, elkarren laguntza eta denen laguntza behar dutelako etorkizunerako bidea egiteko ekimena da. Minbiziari aurre egiteko Izaskun Beneitez bezalako emakumezko eta gizonezkoek ondotxo dakite hori. Hori da ozen aldarrikatu nahi duten mezua, gogorra izan arren aurrera egin behar dela. Kariñoarekin eta indarrarekin aurrera egiten dugula. 
Gaur hemen bezala, plaza guztietan emakumeak eta gizonezkoak plazan nahi ditugu parez pare. Herrian bezala auzoetan ere bai. Auzoetako jai batzordeek denek batera ekarri dute euren mezua. Esan dezagun ozen herriko plaza nagusian: festetan parte eta ez aparte [Ainhoa Aiartza izan zen jai batzordeetako ordezkaria].
 
Lehiarik gabe, gutxika-gutxika, baina beti aurrera eginez. Hala aritzen gara gu ere, emakumeak gara, korrika egiten ondo pasatzen dugu. Poliki-poliki, baina urratsez urrats egiten dugu aurrera. Horregatik gara Emeki-Emeki [Maixabel Lopez de Arregi izan zen Emeki-Emekiko ordezkaria].
 
Ez gara bakarrak izerdi eta nekeari aurre eginez gabiltzanak. Nekeak eta izerdiak izaten du gustagarritik ere. Ez da dena zama. Kirolaren esparrua gutxinaka-gutxinaka bereganatzen ari diren gainerako emakumeak bultzatu nahi ditugu gaur [Ane Huitzi izan zen kiroldegiko emakumeen ordezkaria].
 
Iraganean bidea urratu zutenen lana gogoratu dugu eta azpimarratu baita ere gaur egungo emakumeek esparru publikoa bereganatzeko egiten duten lana. Etorkizunera ere begiratu nahi dugu, gazteek tinko eutsi diezaioten lekuko horri. Urtez urte eta eskuz esku daramagun lekuko horri. Gazte asanbladatik ere etorri zaizkigu [Alaine eta Elixane Jauregi].
 
Hemen da etorkizuna, eraiki dezagun denon artean mundu berri bat, berdintasuna eta elkartasuna nagusi den mundua. Emakumea edo gizona, guztien gainetik pertsona. La Salle Berrozpe eta Aita Larramendi ikastolako ikasleak dira".
 
Jaialdi amaieran, hainbat  ikasle taldek musika eskaini zuten. Ekitaldia dultzainaren musikaren doinupean amaitu zen. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!