Berdintasunaren aldeko gizon tailerra Gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 15a, 12:25

Berdintasunaren aldeko lantegia: 
Martxoak 17, larunbata. 10:30-13:30. Gaztetxea
Tailerra: Doan. Bazkaria: 3 euro. 
Izen-ematea: andoaingogaztetxea@gmail.com edo egunean bertan.
 
Berdintasunaren alorrean gizonaren parte hartzea ezinbestekoa delako sortu dira gizon tailer edo lantegiak. Gizonek euren emozio eta zalantzak azaltzea da euren helburua. Arremanitz kooperatibako kide den Asier Baglietto zarauztarrak bideratuko du horietako bat Gaztetxean: 

Zein eduki landuko ditu lantegiak?
Asier Baglietto. Berdintasunari buruzko zenbait eduki jorratu, jorratuko ditugu noski (sexismoa, gizontasuna, generoa…). Hala ere, horien gainetik eguneroko bizitzan gizonok bizi ez dugun konfiantzazko giroa sortzeari emango diogu garrantzia. Bizipen pertsonalak, zalantzak, beldurrak, emozioak…, modu naturalean azaldu ahal izango diren espazio bat ireki nahi dugu.
Azken batean, gizonen artean bestelako hareman mota bat posible dela erakutsi nahi da.

Zein teknika-edo erabiliko da horretarako?
A.B. Edozein lantegitan abian jartzen direnak. Jolasa, esaterako, baliabide oso eraginkorra da guretzat. Izan ere, txikitan, jolasen bidez ikasi izan dugu denetik, deskubritu izan dugu mundua, giza harremanak… Jolasak, barrea dakar berarekin, eta horrek elkarren artean lasaiago eta gertuago senti gaitezen laguntzen du izugarri.

Gizonek beldurrak, edota erreparoak agertzen al dituzte antzeko lantegietan parte hartzeko orduan?
A.B. Bai, horrela da. Neroni ere horrelaxe sentitu nintzen orain laupabost urte Zarauzko taldeko lantegira lehenengo aldiz joatera animatu nintzenean. Gogoratzen naiz gonbidapenean zer zioten antolatzaileek: “ekarri itzazu zure beldur eta errezeloak; ez ukatu badauzkazunik”. Filosofia hori dute euskarri lantegi hauek.

Zuen eskarmentuari kasu eginez gero, zer lor dezake gizonak lantegi batean?
A.B. Barruko guztia askatzen laguntzeko espazio bat irekitzen da, eta gizonezkoek egundoko lasaitua hartzen dute normalki. Izan ere, gizonezkoak eskaparate bat edukitzera ohituta gaude. Ezin ditugu emozioak azaldu, dena dakigula erakutsi behar dugu, ziurtasuna daukagula gauza guztiekin, gogorrak garela… Baina hori dena gezurra da, eta errealitatea den bezala aitortzea denen mesederako izaten da, norberarengandik hasita.

Zer esango zenioke lantegira azaldu ez azaldu dagoen gizon horri?
A.B. Gizarteak erabaki duela berdintasunerantz jo behar dugula, eta geldiezina dela hartutako bidea. Berdintasuna denon onurarako da, eta gizonok zenbat eta lehenago jabetu bete dezakegun funtzio aktiboaz, orduan eta sufrimendu gutxiago jasango dugu. 
Oso erraz posizionatzen gara munduan diren beste zapalkuntzen aurrean (arrazismoa, pobrezia…), baina sexismoari lotutako zapalkuntzak, gainerako zapalkuntza horiek guztiak zeharkatzen dituela ohartzea kostatzen ari zaigu.  

Zure ustez, hortaz, dagozkien eginkizunez ohartzea kostatzen ari zaie gizonei…
A.B.  Berdintasunaren gaia emakumeen kontua dela iruditzen zaigu oraindik. Berdintasunean bizi garen lema hori gezurra da, eta gainera, min handia egiten ari zaigu, aitzakitzat erabiltzen baitugu ezer ez egiteko. 
Feminismoari esker hainbat aldaketa eman da Euskal Herrian azken 40 urtean: legeen aldetik, emakumeak gizartean presentzia hartzearen aldetik… Baina emakumeak betiko rolak apurtzen ari diren bitartean, gizonok ez dugu geureganatu dagokigun eginkizuna.
Gauzak horrela, aitortu beharra dago zenbait gizon hasiak direla ezeroso sentitzen egoera horretan. Ezeroso komentario matxista edo homofobo bat entzuten dutenean… 
Azken batean, kontzientzia hartzen ari dira ezin dela ametitu gizartearen %50a bere horretan mantentzea, eta gainera bere botere kuota erabiltzen jarraitzea bere pribilegioei eusteko. Horrela ez baita inoiz aldaketarik gertatuko.

Ikastetxeetan ere lantegiak egiten dituzue. Gaur egungo belaunaldiak nola datoz?
A.B. Badaude baikor izatera eramaten zaituzten elementu batzuk, baina baita kontrakoak ere. Diskurtsoaren arloan, feminismoaren eta parekidetasunaren alde topa ditzakezu gazte ugari. Bestalde, ordea, betiko rolak indartzen jarraitzen dutela ohartzen zara zenbait jarreretan, belaunaldiz belaunaldi. Esaterako, nesketan, edertasun kanonak are esterotipatuagoak eta indartuagoak ikusten dira gaur egun, eta horrekin batera, norberaren gorputzarekiko konfiantza gutxiagorekin edota, mutilarekin atsegin izan behar handiarekin sumatzen dira. 

Eta mutiletan?
A.B. Hor ere gizonaren betiko eredua indartzen duten elementuak mantentzen ari dira. “Marika” hitza, esaterako, erabiltzen segitzen da emozioak adierazten, negar egiten, neskekin ibiltzen edo dantza egiten duen ikaskide hori gutxiagotzeko. Genero poliziarik ez da behar, era horretan. Zertarako, baina? Oso “gartzela” eraginkorrak ari baitira eraikitzen euren artean…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!