Udal gobernu taldearen aurrekontu proposamena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 17:57

Udal gobernu taldeak oposizioko alderdi politikoei 2012rako Udal aurrekontu proposamena helarazi zien aurreko astean. Bide berean, herritarren aurreko agerraldi irekia deitu zuten Basteron.
PSE-EE alderdiarentzat gobernu taldearen aurrekontua "laua" da.

Ekitaldi aretora herritar ugari bertaratu zen eta bertan Udal gobernuko kideek xehetasunez beteriko azalpenak eskaini zituzten, herritarrek ere parte hartzeko aukera izan zutelarik. 
Aurrekontu orekatua, arduratsuak eta krisi ekonomikoak baldintzatutakoak” aurkeztu zituen Andoaingo Udal gobernu taldeak martxoaren 7an. Hori esan eta gero, politika ezkertzale eta abertzalearen isla diren aurrekontuak prestatzen ahalegindu zirela adierazi zuten. 
Egoera ekonomiko orokorra hain zaila denean, Ana Carrere buru den lan-taldeak bi lehentasun hartu ditu kontuan: Lehena, behar gehien dutenengan pentsatuz, Gizarte Zerbitzuetan murrizketarik ez egitea. Bigarrena, andoaindarron bizi kalitatea bermatzeko inbertsioak bideratzea.
 
Agerraldiaren hasieran, eta lehentasunei eutsi aurretik, Andoaingo egoera ekonomikoa ulertzeko datu batzuk eskaini zituzten. Krisialdi instituzionala izenburupean, egoera estua dela adierazten duten aldagaiak guztiak. Batetik, Gipuzkoako Foru Fondoari itzuli beharreko partida bikoitza: 2009tik kitatu gabe dauden 655.000 mila euro eta 2011ko diru kontuetatik itzuli beharreko beste 1.038.000 euro gehiago.
 
Oposizioak tasen igoeran izandako jarrera kritikatu zuen Bilduk. Haien guztien aurkako botoarekin Udalak 200.000 euro gutxiago jaso zituelako, eta aldiz Udalak soldata eta beste hainbat ordainketetan 100.000 euro ordaindu beharko ditu dagokien KPIaren igoera errespetatu behar duelako.
 
Datuak eta euroak azaltzen jarraitu zuten herritarren aurrean. Aurreko Udal gobernuak bere garaian onartutako bost maileguri aurre egin behar diotela esan zuten. Guztira, 404.000 euro amortizazioan eta beste 105.000 euro gehiago interesetan. 
 
Gauzak horrela, egoera estuan sartu da Andoaingo Udala. Diru sarrerak gutxituz doazelako, eta aurre egin beharreko gastuak askotxo direlako.
 
Bilduk zuzentzen duen Udal gobernu taldeak hala ere 2012. urterako Udal aurrekontua
prestatu du, oposizioko alderdiekin negoziatzen dabilena.
 
Jarraian, aipatu zituzten proposamen guztien artean nabarmenenak:

GIZARTE ZERBITZUAK
Miren Agirreurreta Gizarte Zerbitzuen batzordeko arduraduna da eta berak azaldu zituen lehentasunezkotzat hartzen dituzten neurriak: giza larrialdietarako diru-sail bereziari eustea, etxez etxeko zerbitzua eta zaharren egoitza mantentzea. Instalazio eta baliabideetan ere inbertsioak iragarri zituen.
Emakumearen alorrean Berdintasun Plana diseinatzeko diagnostikoa landuko dutela adierazi zuen.

ZERBITZUAK  
Lehentasuna kaleetako mantenimenduan: argiteriaren berritze eta konponketa lanak, energia eraginkortasuna kontuan hartuz...

KULTURA
Zenbait diru-partidatan igoera: Galardi haur eskolako konponketak, auzoetako jaietarako diru-laguntzak.

HIRIGINTZA
Etxeberrieta auzoaren berritze planari bide eman bizilagunekin elkarlanean.
Algodonera inguruko errepidearen konponketa lanak edota Ludoteka berriaren proiektuaren garapena.

EUSKARA
Kilometroak festarako diru-laguntza berezia bideratzea.

SUSTAPEN EKONOMIKOA
Merkatu gunearen eta merkataritzaren sustapena: Kale Nagusian, adibidez.
Gazte plana osatzeko diagnostikoa haur, nerabe eta gazteen parte hartzearekin.

LANGILERIA
Komunikazioari lehentasuna emango zaio; udaletxeko berri emateko giza baliabide zein materialetan inbertsioak.

KIROL PATRONATUA
Arraten gimnasio eremu bat egokitu eta kirol jaialdiaren antolaketa herriko elkarteekin elkarlanean.

PSE-EE ALDERDIARENTZAT AURREKONTUA "LAUA" DA
 
Martxoaren 7ko jendaurreko aurkezpenaren aurretik, aurrekontu proposamena oposizioko alderdiek eskuratu zuten. Haien iritzia bildu du Aiurrik.
Estanis Amutxastegi buru den alderdi sozialistak 2012rako Udal aurrekontu proposamena eskuartean dauka. Harrituta dagoela dio, “ideiarik ez baitut ikusten. Aurrekontu laua dela esango nuke. Ekimen gutxi dutela erakusten ari dira. Ezer gutxi ikusten dugu andoaindarren bizi kalitatea hobetzeko. Inbertsiorik ia ez da ikusten. 
Gaur egungo egoera ekonomikoan, auzoetako jaietarako diru partidak irabaztea ez zaigu zuzena iruditzen. Activate bezalako erakundeek zer pentsa dezakete horren aurrean?”.
Maider Lainez zinegotzi sozialista ere atalez atal ari da aurrekontua aztertzen. Negoziaketak hasten direnean hainbat galdera egiteko dituela dio. “Aurrekontu proposamena aurkeztu zigutenean Gizarte Zerbitzuetan eta Zerbitzuetan murrizketarik egingo ez zutela esan ziguten. Datuak eskuetan, ordea, bi partidatan behintzat murrizketak topatu ditugu”.
PSE-EEk euskara, kultura eta beste hainbat atal garatzeko planik ez dutela aurpegiratzen die Bilduri.
EAJ-PNV alderdiak, bestalde, ez du adierazpenik egin nahi izan aurrekontu proposamenaren edukia ondo aztertu arte. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!