Emakumeen arteko kafe-tertulia, Txulobi elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 11:45

Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, Adunako hiru belaunaldi ezberdinetako emakumeek parte hartu zuten kafe-terulia burutu zen Txulobi elkartean.

Adin ezberdineko hamalau emakumek hartu zuten hitza, txokolate goxoa dastatzearekin batera. Dani Arizala kazetariak gidatu zuen hizketaldia eta besteak beste, emakume eta gizonen bizi-ohituren inguruan hitz egin zuten. Hizketaldiaren hasieran, Dani moderatzaileak, solasaldian parte hartzeko gonbitea egin zion Arantza Aburuzari, bertan egoteko arrazoia argitzeko eskatu zion, Txulobi elkartera gerturatu zen gizonezko bakarra zenez. “Solasaldi hau gidatzeko pertsonarik egokiena, herritarra ez ezik, kazetaria izatea iruditu zitzaigun eta mutila izanagatik, lan hori betetzeko pertsona egokia zinelako deitu genizun. Izan ere, solasaldi honetan hiru belaunalditako emakumeek hitza hartuko badugu ere, ez zegoen gizonentzat itxita, inor gerturatu ez den arren”, argitu zuen Arantzak.

Sukaldeko mahaitik, matxismoa
Maria Jesus Zabala zen hizlarien artean emakumerik helduena eta berari zuzendutako galderarekin ekin zitzaion tertuliari. Bere alabarekin alderatuta, esaterako, oso ezberdin hezi ote zuten galdetu zion Danik eta, dudarik gabe, halaxe hezi zutela aipatu zuen. “Niri ez zitzaidan sekula burutik pasa seme-alabak etxean utzi eta afaltzera kanpora ateratzea. Orain oso maiz egiten da hori eta ederki iruditzen zait, ondo pasa dezatela!”, adierazi zuen. Pixkanaka aurrera eginez, emakume eta gizonak urte luzetan oso ezberdin hezi izan direla aipatu zuten eta ondorio batera iritsi ziren guztien artean: matxismoa sukaldeko mahaitik bertatik hasten dela: “Lehengo baserriko sukaldeetan, anaiak paretaren kontra esertzen ziren eta aita mahai-buruan. ‘Labana edo sakakortxoa jartzea ahaztu zaizu’ esaten zuten, altxatzeko imintziorik egin gabe”, aipatu zuten mahaiko helduenek. Urteak aurrera egin ahala, ordea, egoera hori hainbeste aldatu ez dela gaineratu zuten gainerakoek, “agian ez ziren ohartzen mahaian zer edo zer falta zenean norbaitek altxa egin behar izaten zuela. Gaurko gazteak ere, oraindik ere bazterrean esertzen dira kasu askotan”, iritzia aireratu zen. Gazteagoek, pauso hori kontziente edo inkontzienteki ematen den oso garbi ez zutela gaineratu zuten, beharbada ohitura kontua besterik ez dela; baina, dudarik gabe, bere eragina baduela. Amek, oro har, semea eta alaba berdin hezten ez dituztela uste dute, haiek aurrekoengandik jaso zuten heziketaren ondorio bezala. “Neskak gainerakoak ondo zaintzeko hezi gaituzte eta mutilei erosoago bizitzea egokitu zaie. Horretaz konturatzea garrantzitsua da, ohiturak aldatu ahal izateko”, aipatu zuten gazteenek.

Eginbeharrak banatu
Erantzun zuten hurrengo puntua, emakumea etxetik kanpora lanean hasitakoan, etxe gehienetara etorritako aldaketen ingurukoa izan zen, “garai horretantxe iritsi zen etxeko lanen banaketa egin beharra”. Gizona etxeko lanetan zertxobait hasiagatik, ordea, hizlarien aburuz, “emakumea arduratu izan da batik bat etxeko eginbehar eta ardurez. Gizona bigarren mailan, laguntzaile bezala geratu da gehiago. Hala ere botereak gizonarena izaten jarraitu du: etxea gizonaren ondasun moduan hartzen baita oraindik ere, emakumea bertako neskame delarik”. Aldaketa pixkanaka-pixkanaka datorrela iruditzen zaie, “baina, zenbat aldiz entzuten da oraindik gizonaren ahotik ‘lagunduko al dizut lan hau edo beste egiten?’. Galdera horrek ardura bere gain hartzen ez duela erakusten du argi eta garbi”, azaldu zuten. Belaunaldi batetik bestera aldaketa handiak gertatu diren arren, oraindik ere, alor horretan zeregin handia dagoela uste dute gehienek. “Emakumeak etxetik kanpo lanik egiten ez badu, etxeko lanak bikoteak baino gehiago egitea normala da. Egia da, bakoitza etxe ezberdinetatik datorrela eta ohitura ezberdinak dituela: batzuek arropari emango diote garrantzia, beste batzuek janariari… Hala ere, lan horiek emakumearekin lotzen dira nagusiki. Kasurik gehienetan, gainera, etxean egiten den lana ez da baloratzen. Egiten ez denean bakarrik ikusten da duen garrantzia”. Egungo mutilak, umeen zaintzan etxeko lanetan baino ardura gehiago hartzen dutela esatean, bat etorri ziren gehienak: “gehienek, aitatasuna gozatu nahi izaten dute, umeei denbora eskainiz”. Beste inork ezer ere esan gabe, emakumea eginbeharrez  bat-batean ohartzen dela adierazi zuten, kasurik gehienetan, mutilei dezente gehiago kostatzen zaielarik zeregin horiek ikustea. Eta zein den irtenbidea? Bada horretaz ere eztabaidatu zuten: “aukera ona litzateke elkarren artean hitz egin eta eginbeharren zerrenda zehaztu eta banatzea, gainerakoan, emakumea etxean dagoenean, bertako esklabo bihurtzen baita”.

Emakumetasuna
Tertuliak aurrera egin ahala, ariketa bat planteatu zuen Dani Arizalak, batetik, ‘zuengandik gertuen dagoen gizon horrek zu emakume izatea nola baloratzen du?’ eta bestetik, ‘zuek emakume bezala nola baloratzen dituzue zuen buruak?’ galderak luzatuz. Lehen galderaren inguruan erantzun ezberdinak izan ziren: -‘Maitale eta emakume libre bezala. Autonomo ikusten nau’. –‘Antolatzaile bezala’. –‘Laguntzaile, neskame moduan’. –‘Guardako aingerua: ni gabe ezer ez balitz bezala’. –‘Kide gisa: lanak banatuta ditugu eta nik bere eremuko laguntza eta berak nire eremukoa eskertzen dugu’. –‘Neskame’. -‘Bikote’. –‘Lagun: etxeko lanen arduradun nahiz umeen hezitzaile’. Bigarren galderak ere erantzun mordoa izan zuen: -‘Emakumeak bere tokian agindu egin behar du pixka bat, baina ez beti’. –‘Oso harro sentitzen naiz emakume izateaz, edozein gauza egiteko gauza: indarra eta autoestima altua ditut’. –‘Garrantzitsua da autoestima izatea, gainerakoan ezin baita ondokoarekin ondo egon’. –‘Berriz jaioko banintz, emakume izatea nahiko nuke. Ez nuke gizon izan nahi’. –‘Ez gara gizon edo emakume jaiotzen, ar edo eme baizik; gerora bihurtzen gaituzte gizon edo emakume’. –‘Generoa eta sexua ezberdindu egin behar dira’.

Bi galdera
Beste bi galdera, amaitzeko: ‘Zer eskatzen dio gaurko emakumeak gaurko gizon/mutilari?’ eta ‘zer espero dugu emakumeok gure aldetik? Zer hobetu dezakegu?’. Gizonari eskatzen zaizkien gauzen artean: -‘Konfiantza gehiago, autoa gidatzerakoan, esaterako’. -‘Aurreko belaunaldiek baino berdintasun gehiago izatea gizon eta emakumearen artean’. -‘Bigarren ama garela ez pentsatzea. Beharra ikusi baino lehen etxeko lanetan hastea’. –‘Pareko izatea’. –‘Gai hauei buruz hausnarketa egin dezatela’. Emakumeen artean espero dutenaren inguruan, berriz: -‘Emakumeon artean nahiko gogor jokatzen dugu sarritan. Zorrotz tratatzen dugu ondokoa, ikaragarri exijituz. Arindu egin beharko genuke hori’. –‘Emakumearen etsai handienetakoa izan daiteke emakumea bera. Gizonak, orokorrean, azalekoagoak dira’. –‘Naturalagoak izatea eta gure buruak onartzea. Gaztetxo asko, gaurko gizartean bere burua erakutsiz eta salduz agertu beharrak min handia ematen dit’.

Solasaldiko hizlariak
Adunan jaio edota bizi diren hamalau emakumek hartu zuten hitza Txulobi elkarteko solasaldian. Ondorengo hauexek, hain juxtu: Rosa Otegi, Eider eta Nagore Ezeiza, Lurdes Aburuza, Arantza Zabala, Maria Jesus Zabala, Xole Goenaga, Miren Genua, Mari Karmen Otegi, Naiara Artola, Amaia Aramendi, Miren eta Arantza Aburuza eta Joakina Alkortak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!