Emakume baserritarren testigantzekin osatutako bideoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 11:43

Asteasuko hainbat emakumek bat eginda, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren inguruko ekintzak bideratu zituzten aurreko astean Asteasun. Tartean, Asteasuko emakume baserritarren bizimodua biltzen duen bideoa. Itsaso Gonzalez, Elisabet Escribano, Olatz Albisu eta Beatriz Ayala aritu dira batik bat langintza horretan.

Bideoa osatu duten emakumeek, Asteasuko emakume baserritarrekin zorretan sentitzen zirelako eman dute haien testigantzekin bideoa osatzeko pausoa. Izan ere, euren ustez, “Asteasun bizi garenok, emakume baserritarrek urtetan eginiko lana eskertu beharko genuke baserria mantendu dutelako. Euren lanari esker ditugu, besteak beste, halako belaze ederrak herrian”, azaldu du Itsasok. Egindako lan guztiagatik errekonozimendua merezi zutela uste zuten bideoaren bultzatzaileek, “aurten izan behar zuela argi ikusi genuen; batetik egin duten lanagatik omendu behar ditugulako eta utzi diguten lan modu eta esfortzuagatik eskerrak ematea dagokigulako. Dudarik gabe, beraien lanagatik ez balitz, Asteasu ez litzateke egun dena izango. Bestalde, Asteasura bizitzera etorritako herritar berriei Asteasu herri nekazaria dela esan nahi genien eta, nolabait, jatorri hori erakutsi nahi izan diegu. Eta hori guztia emakume baserritarren lekukotzak jasota egitea bururatu zitzaigun”.
Emakume baserritar asko biltzen du Asteasuk. Bideoan zazpik hartu dute hitza eta ekimenak oso harrera ona izan duela aitortu dute Itsaso eta Elisabetek, “Oso esperientzia betegarria izan da, benetan gustura aritu gara beraiekin lanean. Egin diguten harrera onak are eta gusturago sentitzen lagundu digu. Amateurrak gara eta nabari da hori lanaren emaitzan, baina maitasun handiz eginiko lana da; bihotz-bihotzetik”. Ordubete pasatxo irauten duen bideoak, elkarrizketatuen testigantzak ez ezik, musika eta baserriaren inguruko argazkiak ere biltzen ditu eta bideoaren egile nahiz parte hartzaileak gustura geratu dira emaitzarekin. Joan zen martxoaren 8an egin zen bideoaren aurkezpena Asteasuko udaletxeko ikus-entzunezkoen gelan. Parte hartzaile bakoitzari oroigarri moduan bideo eta plaka bana banatu zitzaien eta bideoaren beste kopia bat udaletxean bertan geratu zen, datu-base modura.

Bideoko protagonistak
Asteasuko baserri giroa azaltzeko, bideoan parte hartu duten ondorengo bost emakume hauek hartu dute hitza Aiurriko elkarrizketan: Juana Larrarte Mujika, Asteasuko Udakiola baserrian jaio eta Saskaraten bizi dena. Mari Karmen Olarra Urkola, Hernialden jaio eta Asteasuko Errizu baserrian bizi dena. Mikaela Kortajarena Iribar, Asteasuko Ondartza baserrian jaio eta Agerre Bekoan bizi dena. Antonia Urruzola Esnaola, Asteasuko Esnarritza baserrian jaio eta Itturtabitarten bizi dena eta Ana Maria Jauregi Iruretagoiena, Aian jaio eta Asteasuko Agiñazpin bizi denak. Aldizkarian, aipatu bost emakume horien hitzak jaso badira ere, Mikaela Urkola eta Milagros Aizpurua ere bideoko partaide dira.
Baserrian jaio eta ume-umetatik egokitu zitzaien bideoko protagonistei baserriko lanei erantzunez, bizimoduari aurre egitea. Baserrian lan ugari egindakoak dira eta, oraindik ere, egiten jarraitzen dutenak: soroan nahiz baratzean, animaliak hazten, esnea jezten eta banatzen, azoketan eskuratutako elikagaiak saltzen… Hori guztia etxeko lanak egin nahiz familia aurrera ateratzearekin batera. Baserriko lana gogortzat jo du Mikaela Kortajarenak, “gazteak ginenean, oraingo aldean gogorra zen baserriko lana; eskuz egiten baikenituen lan guztiak. Orain, makinen laguntzarekin, asko erraztu dira eginbeharrak”, adierazi du. “Bai, dena diferentea da orain, aurrerakuntza handiak daude. Zenbat lan egin ote genuen guk segarekin edo atxurrarekin! Beharra tokatu zitzaigun eta erantzun egin genion”, jarraitu dio Antonia Urruzolak. Animaliak hazten ere gogotik jardundakoak dira: behiekin gehienak, nahiz eta txerriak ere gobernatu izan dituzten. “Denetik egiten ikasi genuen, baita behiak jezten ere”, argitu du Ana Maria Jauregik. Baserrikoa gogoko lana dutela argitu dute bostek edo, horrekin konformatu zirela, behintzat. “Garai hartan norabait zerbitzatzera atera izan bagina esaterako, igual ez ginatekeen baserrian geratuko, baina atera ez ginenez, baserriko lanetara ohitu ginen; ezagututakora. Gure amak behintzat ez zuen nahi izaten inora joan nendin”, azaldu du Mikaelak.

Kargatuta, azokara
Ana Maria Jauregi izan ezik, beste lau hizlariei azokaz azoka ibiltzea ere egokitu zitzaien, baserrian jasotakoa salduz. “Azokatan asko ibilitakoak gara, inguruko herrietan batez ere. Larunbatetan, autobusa hartu eta Tolosara joaten ginen. Donostiako Bretxara ere oso maiz”, adierazi du Mari Karmen Olarrak. “Familia aurrera ateratzekotan, beharko” gehitu du Antoniak. Donostiara autobusa karga-karga eginda joaten zela gogoratu dute elkarrekin, “goraino kargatuta joaten zen autobusa, orain utziko ez luketen moduan”. Sagarra asko, barazkiak, esnea, arrautzak nahiz oilaskoak ere eramaten zituzten azoketara saltzeko. “Erosleen artean harrera ona izaten zen, nahiz eta gerora jaitsiera etorri zen”, aipatu du Mari Karmenek. Sagarra fruta preziatua zela esan du, berriz, Mikaelak, “orain ez litzateke saskikada ere salduko. Orduan harritzekoa zen zenbat sagar saltzen genuen. Lurretik bildu eta bere horretan, orain bezala selekzionatuta eraman gabe, gainera”. Egungoekin alderatuta sagar ederrak zirela haiek gogoratu du Juana Larrartek, itsusiagoak izanagatik, goxoagoak zirela, zapore handikoak. Erosleekin tratuan, azoketako giroa gustuko zutela gaineratu dute eta oraindik ere, Asteasun azoka berezia antolatzen denean, postua jartzen dutela hainbatek herrian bertan.

Emakumea, prestu
Baserriko lanekin batera, etxeko lanak ere aurrera eramanez, ez dute aspertzeko denborarik izan. Hala ere, euren lana kanpotik batere baloratzen ez dela uste dute: “jendea ez da baserrian zein lan egiten den ohartu ere egiten; aste eta jai, batere oporrik gabe. Baserriko lana beti izan da gogorra eta oraindik ere lotua izaten jarraitzen du, errenditu egin behar da”. Lehen bezala orain, baserriko lanak aintzakotzat hartu gabe jarraitzen du Juanaren hitzetan, eta hainbat aldaketa beharko lirateke bere ustez, “baserriko egoerak aldatu egin beharko luke. Esaterako, gainontzeko guztia garestituz joan den bezala, esnea orain 30 urteko prezio berean saltzen da oraindik ere”.
Emakume eta gizon baserritarren artean alderaketa egiterakoan, emakumea gizona baino lan gehiagotan sartzen dela uste du Mikaelak, “gizonak emakumeenetan baino gehiago sartu behar izaten du emakumeak gizonen lanetan. Ez gizonak alferrak eta utziak direlako, baina emakumea denerako prestatzen da. Indarra beharreko lanak gizonek egin beharrekoak dira gehiago, baina bestelakoetan, emakumea aritzen da gehiago nire ustez. Egin nahi badu behintzat, balezake”.
Baserria gainbeheran badoa ere, oraindik bertan jaio eta hazitakoek eusten diotela aipatu du Antoniak, “bertan ari denak segi egin behar du eta asentatu”. Baserritarrei laguntzak emango zaizkiela maiz entzuten bada ere, euren produktuak salneurri egokian salduko balira, baserritarrek laguntzarik beharko ez luketela uste dute.
Krisi garaiari begira jarrita, berriz, lehen ere kalean lan handirik ez zegoen garaian, baserriak jateko beti ematen zuela aitortu du boskoteak eta orain ere aukera hori balegokeela. “Kalean urte txarrak bizi dira eta baserrian baratzea eginez gero, jatekoa izaten da. Baina noski, erein eta zaindu egin behar da baratzea”, Antonia eta Ana Mariaren ustez. Zalantzarik gabe, baserritik bizi nahiko luketen gazteei beste lanen bat esku artean balute, baserrira ez jotzeko gomendioa luzatuko liekete gehienek. “Izan ere gaurko gaztea ez baitago baserriari lotzeko prest. Aiseago bizitzen ikasi dute”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!