Udal aurrekontuak aurkeztu zituzten atzo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 11:28

2012ko Udal aurrekontuak aurkeztu zituen atzo Nerea Lizarraga ogasun zinegotziak. Guztira, 3.935.116 euroko gastua aurreikusten dute aurrekontu horietan. “Kontu handiz osatutako aurrekontuak dira, ez dugulako hanka sartzerik egin nahi. Ahalik eta kalkulu errealenak egiten saiatu gara, bai diru-sarrerei dagokienez, baita gastuei dagokienez ere”, azaldu zuen Nereak.

Martxoaren 15ean, osteguna, Atxulondo Kultur etxean egingo dute aurrekontuen aurkezpena, 19:30etan hasita eta elebitan.

Diru sarrerak iazkoen oso antzekoak izatea aurreikusi dute udal ordezkeriek: "Aurreko urtean, alde handia egon zen aurrekontuetan jasotako sarreren eta errealen artean. Aurten, ahalik eta modu zehatzenean kalkulatzen saiatu gara eta kasu batzuetan, nahiago izan dugu kalkulua azpitik egitea". 3.541748 euroko sarrera aurreikusi dute. 

Gastuen atalean, zenbait murriketa egingo dute: “Argiteria gastuak, telefonoak, berogailua..., kontsumoa zaintzeko pausoak eman ditugu. Horrez gain, Gaztedia, Kirola, Euskara, Kultura eta nekazaritza alorretan zenbait murrizketa ere egin ditugu. Horrek ez du esan nahi herrian antolatzen diren ekitaldiak murriztuko direnik; beste modu batera antolatuko direla baizik. Herritarren parte hartzea sustatuko dugu ekitaldiak antolatzen jarraitu ahal izateko”.

Gastuen atalean, 606.000 euro beharko dira aurreko urteetan eskatutako maileguengatik egin beharreko ordainketak egin eta Foru Fondoari dagokion itzulketa egiteko: “2003tik 2010era, urtero mailegu bat eskatu du Zizurkilgo Udalak eta urte batzuk beharko dira horiei itzultzeko. Bestalde, Foru Aldundiak urtero diru kopuru bat ematen dio Udal bakoitzari. Urte hasieran kalkulatzen du Aldundiak Udal bakoitzari zenbat diru dagokion. Urte amaieran berriz ere egiten dira kalkuli horiek eta gerta daiteke urte hasieran emandako diruaren zati bat Aldundiari itzuli beharra. 2009an horixe gertatu zen eta 126.000 euro itzuli behar dizkiogu. 2011n egoera errepikatu eta 200.000 euro itzuli behar ditu Udalak. Guztira, beraz, 326.000 euro itzuli behar zazikio Foru Aldundiari. Horrek guztiak, erabat baldintzatzen ditu Udal aurrekontuak”, azaldu du Nereak.

Inbertsioetarako partida ere handia izango da; 911.605 eurokoa: “San Migel ermitaren inguruko ur saneamendua osatzeko lanak amaituko dira, Pello Mari Otaño ikastetxean leiho berriak jarriko dira, San Millan eskolako eraikin prefabrikatuak kendu egingo dira eta aparkaleku berria atonduko da Zizurkil goian. Horrez gan, Atxulondo Kultur Etxean igogailua jartzea ere aurreikusi dugu, baina gerta daiteke lan hori datorren urtera arte atzeratzea ere”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!