Andoaingo emakume sortzaileak, Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 10:57

Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan, erakusketa berezia antolatu dute Bastero Kulturgunean.

Andoaingo hamabost emakumek egindako artelanak jarri dituzte ikusgai. Pintura, zeramika, argazkiak..., denetarik ikus daiteke erakusketa aretoan. Martxoaren 3an zabaldu zuten eta ikusgai egongo da hilaren 24ra arte. Euren sorkuntzen inguruan aritu dira Alaitz Bikuña eta Artekintza kultur taldeko kideak.

Artekintza arte tailerra
Amaia Capellan, Olaia Zapirain, Edurne Pisador eta Eider Ezeiza Artekintza kultur taldeko kide dira. Arte ederrak ikasi ondoren, euren sorkuntza beharrari irtenbide bat eman asmoz sortu zuten elkartea eta buru-belarri ari dira lanean Alkartasuna kaleko tailerrean.
Udalak utzitako etxabe batean antolatu dute tailerra Artekintzako kideek. Hala azaldu du Amaia Capellan kideak: “Ikasketak amaitu ondoren, beste lan ibilbide bati ekin genion guztiok, baina artearekiko eta sorkuntzarekiko lotura mantenduz. Gure behar hori asetzeko toki bat behar genuen eta kultur elkartea sortu ondoren, Udalari eskaera egin genion. Alkartasuna kaleko etxabea utzi ziguten. Gure aurretik dantza eskolak emateko erabili izan zuten lokal hori, baina musikak arazoren bat sortu zuen bizilagunekin eta geroztik, hutsik zegoen. Hortxe atondu dugu gure txokoa”.

ArteK2, aitzindari
Artekintza elkarteko kideak, ArteK2 proiektuan ibilitakoak dira: “Oso proiektu polita izan zen hura. Arte munduarekin harremanetan geundenak elkar ezagutzeko tokia izan zen. Hainbat ekitaldi antolatu zen; erakusketak, artea kalera ateratzeko ekintza ezberdinak..., Kale Nagusian zegoen ArteK2ko egoitza eta oso mugimendu polita sortu zen haren inguruan. Proiektu hura amaitu zenean gauzak egiteko gogoa pixka bat hoztu egin zen eta horregatik erabaki genuen Artekintza tailerra martxan jartzea. Lau kide gara, baina geroz eta jende gehiago ari da interesa azaltzen. Zeramika tailerra martxan jarri berria dugu eta dagoeneko bi neska etortzen hasi dira. Argazkiak errebelatzeko laborategia, serigrafia tailerra..., txoko ezberdinak ditugu eta pixkanaka, gauza politak egiten ari gara. Datorren egiteko nagusia gure tailerra ezagutaraztea izango da. Ateak erabat irekita daude eta interesgarria iruditzen zaigu jendeari erabiltzeko aukera eskaintzea”.

Artetik bizitzearen artea
Eguneroko lanaldia amaituta gerturatzen dira tailerrera. Hala azaldu du Amaiak: “Arte ederrak ikasi ondoren, beste edozein lanetan aritzera behartuta ikusten duzu zure burua. Ikasketak zabaldu eta beste arlo batzuetara zuzendu dugu gure lan ibilbidea: haur hezkuntza, gizarte integrazioa, helduen zaintza... Arte munduan sartzeko, beharrezkoa da izena izatea eta horretarako, aurrez ibilbide luzea egin behar da. Ibilbide hori egitea, ordea, izugarri zaila da. Beka bidez has zaitezke zenbait lan egiten, baina ia ezinezkoa egiten da beka horietatik bizitzea eta adinean aurrera, zure burua lanbidez aldatzera behartuta ikusten duzu”.

Artea, kalera
Asvinenean, Kale Nagusian, Santa Krutz jaietan..., ekintza ezberdinak egin dituzte euren artea kaleratzeko. “Gaur egun, gazte lokaletan sortu zaigu aukera. Kamisetak diseinatu eta egiten ditugu gazte eta haurrekin. Oso gustura aritzen dira. Nire ustez, gure lanaren zati bat da artearekiko sentsibilitatea sortzea eta horretarako lan handia egin beharra dago; bai haurrekin baita helduekin ere”.

Martxoak 8, emakumeen eguna
Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko erakusketan parte hartzen dute Artekintzako kideek: “Basterotik luzatu ziguten proposamena eta berehala eman genuen baiezkoa. Herriko emakume sortzaileak biltzea egokia izango zela iruditu zitzaigun eta deiak egiten hasi ginen; hamabost emakume biltzea lortu genuen eta oso ondo osatutako erakusketa geratu da. Oso egokia litzateke Andoaingo sortzaileek modu honetako aukera gehiago izatea; urte askotan lanean ari den jendeak eskertu egingo luke”.

ANDOAINGO EMAKUME SORTZAILEAK ERAKUSKETA
Basteroko erakusketa aretoa
Martxoaren 24ra arte zabalik

  • Egileak: Ainara Audikana Ansa, Silvia Baltasar Elizburu, Alaitz Bikuña Gortazar, Merce Brau Rius, Amaia Capellan Julio, Nahiara Delgado Perez, Eider Ezeiza Otegi, Irati Guarretxena San Damian, Mari Gutierrez Arnaiz, Naiara Lasarte, Edurne Pisador Oyarzun, Leire Salaberria Urdanpileta, Nerea Uralde Arrondo, Jasone Usandizaga Ansa, Olaia Zapirain Lizarralde.

ALAITZ BIKUÑA
Argazkilaria

Jaiotzez algortarra bada ere, hamabost urte inguru darama Alaitz Bikuña Gortazarrek Andoainen. Argazkilaritza da bere zaletasun nagusia, eta gustura hartu zuen erakusketan parte hartzeko gonbitea.

Argazkilaritza lantzen duzu. Noiz hasi zinen mundu horretan murgiltzen?
Beti gustatu izan zait artearen mundua, batez ere, argazkilaritzarekin lotuta. Arte ederrak ikasi nahi nituen baina azkenean, ikus-entzunezko ikasketak egiten hasi nintzen, Bilbon. Handik, Andoaingo Bideo eta Zine eskolara bideratu ninduen lagun batek eta hemen bideoa eta argazkilaritza landu nituen. Nire lan ibilbidea argazkilaritzara bideratu nuen lehendabiziko urteetan, baina ez ninduen asetu. Ezkontzak, bodegoiak..., horrelakoak egiten genituen eta hori ez zen nire ideia. Asko ikasteko balio izan zidan lan hark, baina nik sorkuntza arloa landu nahi nuen eta lan hura uztea erabaki nuen. Geroztik, nire lan ibilbidea beste zenbait arlotara bideratu dut eta nahiko alderatuta izan dut argazkigintza, nahiz eta zaletasun gisa mantendu dudan beti.

Nolako argazkiak egiten dituzu?
Komunikatzeko modua da niretzat argazkiak egitea eta barruan dudana azaltzeko erabiltzen dut. Teknika ikasi eta praktika pixka batekin, komunikatzeko oso tresna egokia dela iruditzen zait. Gizarte gaiekin lotutako argazkiak egitea gustatzen zait bereziki, jendearen bizipenak eta gizartearen errealitatea islatuko dutenak. Bideoak ere egiten ditut, baina nahiago dut argazkigintzan aritzea. Beti ez bada ere, askotan eramaten dut argazki kamera gainean eta interesatzen zaidan zerbait ikusi orduko, argazkiak egiteari ekiten diot.

Argazki analogikoetatik digitaletara pasa gara azken urteotan. Zein erabiltzen duzu zuk?
Asko gustatzen zait analogikoan lan egiteko modua; laborategian sartu eta errebelatuak egitea..., lanerako modu erromantikoa da. Hala ere, askoz ere praktikoagoa da argazkigintza digitala. Argazkien aukeraketa egitea errazagoa da. Horrez gain, merkexeagoa ere bada digitalean lan egitea. Materiala erostea garestia da, baina errebelatuan ez da ia materialik alferrik galtzen.
Duela gutxi argazki digitalaren inguruko ikastaro bat egin nuen La Sallen. Asko gustatzen zait ikastaro horietan parte hartzea, oinarria hartzen laguntzen dutelako. Oinarri hori lortuta, frogak eginez lortzen da argazki onak ateratzea.

Emakumearen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakusketan zure lana ikusgai dago. Nola izan zenuen aukera horren berri?
Artekintza tailerreko kide den Amaia Capellanek deitu zidan eta poz handia hartu nuen. Arte munduan lanean ari diren andoaindarrek Basteron erakusketa jartzeko aukera izan duten lehen aldia da eta hori oso pozgarria da. Inaugurazio egunean jende asko gerturatu zen erakusketa ikustera. Zeramika, pintura, argazkiak..., denetarik dago ikusgai. Emakumeoz gain, Andoainen arte modu ezberdinak lantzen dituen jende asko dago eta egokia litzateke modu honetako erakusketa gehiago antolatzen jarraitzea. Oso garrantzitsua iruditzen zait horrelako aukerak sortuz arteari bultzada ematea.

Zer eraman duzu Basterora?
Hamabost bat argazkiz osatutako sorta jarri dut ikusgai. Nekazaritzarekin eta baserriarekin lotutako lana da. Nire ustez, oso garrantzitsua da lurra zaintzea eta horrekin lotuta, lurra lantzeko modu sostengarria islatu nahi izan dut nire argazkietan. Horrez gain, emakumeak baserrietan izan duen paper garrantzitsua ere kontuan hartu dut irudietan. Aurrez eginak nituen zenbait argazki eta beste zenbait espreski erakusketarako egin dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!