Abian da Herrira bilgunea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 10:48

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko sortu berri da Herrira bilgunea. Amasa-Villabonako Estanis Iriarte, Asteasuko Joseba Txapartegi eta Zizurkilgo Aizpea Zabala ordezkariek eman dute bilgunearen inguruko berri.

Presoen eskubideen alde lan egiteko sortu berri da Herrira bilgunea, zeintzuk dira aldarrikapen nagusiak?
Euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea da aldarrikapen nagusia. Batetik, dispertsio politikari amaiera eman behar zaiola uste dugu. Horrez gain, zigorra ezartzeko neurriak indargabetu eta isolamendu eta bakartze egoerei amaiera eman behar zaie. Euskal preso politikoen kolektiboa Euskal Herrian batzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, dagozkion eskubide guztiak bermatuz eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera emanez. Iheslari politikoen egoera ere kontuan hartu nahi dugu; haien aurkako jazarpena amaitzeko eta prozesu demokratikoan euren parte-hartzea bultzatuz. Gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbidearen garapenean, ezinbestekoa iruditzen zaigu preso eta iheslari politikoen etxeratzea.

Zein da bilgunearen lan egiteko modua eta funtzionamendua?
Herrira bilgunearen ezaugarri nagusia, mugimendu herritarra, zabala eta anitza izatea da. Bilguneak guztiz irekiak dira eta bertan herritar orok har dezake parte, euren kezkak, proposamenak eta kritikak azalduz. Aurrerantzean egingo diren bilguneetan zein elkartasun ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi genituzke herritarrak.

Nolako harrera izan du Herrirak Aiztondo bailaran?
Harrera ona izan du, presoekiko sentsibilizazio handia dago eta jendea lanerako gogoz agertu da. Plangintza politak osatu dira, orain, horiek aurrera eramatea bakarrik falta da eta horretarako, ezinbestekoa da jendearen parte hartzea.

Presoen inguruan, nola ikusten duzue gaur egungo egoera?
Geroz eta gehiago gara presoen eskubideen aldeko aldarria babesten dugunak. Hala ere, gobernuak bere jarrera inmobilistarekin jarraitzen du. Horregatik, aro berrian gatazka konpontzeko bidean presoen aferaren inguruan urratsak ematen hastea exijitzen diegu frantziar eta espainiar estatuei, espetxe politika egokituz. Bestetik, presoen alde sortutako mugimenduak eragin izugarria izan du alderdi politiko askoren diskurtsoan. Beraz, herritarron inplikazioa eta presioa ezinbestekoak dira.

Gizarteak, orokorrean, ezagutzen al du presoek bizi duten errealitatea?
Jendea inoiz baino kontzienteagoa da presoen gaiari konponbide bat ematea ezinbestekoa dela prozesuan aurrerapausoak emateko. Herri honen historian, lorpen handiak beti herri dinamika zabalaren ondorioz erdietsi izan dira eta gure helburua, preso eta iheslariek eskubideen defentsan indarrak batzea da, harreman dinamika zabalak eraikiz. Herria mugitzen bada, estatuek ere mugitu egin beharko dute. Ezin dugu ahaztu, bestalde, Herriraren beste zeregin nagusia nazioartean kokatuko dela. Europak eta munduak jakin behar du hemen zer gertatzen ari den.

Zein mezu helarazi nahi diozue gizarteari?
Murgilduta gauden aro politiko honetan, inoiz baino baldintza hobeak ditugu presoen eskubideak errespeta daitezen eskatu eta haiek etxeratzeko. Horretarako, beharrezkoa da herritar guztion babesa, indarra eta inplikazioa. Asko gara, baino gogotik lan egingo dugu gehiago izateko. Preso eta iheslarien eskubideen alde lanean aritzeko prest dagoen oro, bere herriko bilguneetan parte hartzera gonbidatzen dugu.

Ekitaldiak
Hileko azken ostiraletan, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak.
Villabonan:
  • Martxoak 19-24, “Erakutsi Amasa-Villabona herriminez kanpoan denari” Argazki rally-aren erakusketa. 18:30etatik 20:00etara, Aljibean.
  • Martxoak 24, larunbata, Sari banaketa. Ondoren, Herrira bilgunearen aurkezpena Aljibean.
Aiztondon:
  • Apirilak 28, larunbata: “Herrira” eguna. Aurten Asteasun egingo da eta iheslarien gaiari garrantzi berezia emango zaio.
  • Maiatzak 19, larunbata: “Plazak bete” ekimena, presoen eskubideen alde.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!