Txepetxa gazte asanblada sortu berri da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 14a, 10:44

Zizurkil goiko Andramari jaietako herri kirol erronkak jarri zuen abiapuntua; herriaren goiko eta beheko auzoetako gazteak bildu, eta Txepetxa gazte asanblada sortu dute.

Hogeita hamar gazte inguruk parte hartzen du Txepetxa gazte asanbladan. Aratz Alkorta, Andoni Usandizaga eta Irati Irurzun asanbladako kide dira: “Andramari jaietan egindako kirol lehiaren harira, herriko gazteen arteko harremana sendotu egin zen. Horrez gain, Udal berria martxan jarri zenean, gaztedia batzordea sortzea erabaki zuten, baina deialdiek ez zuten nahi adinako arrakastarik izan. Zenbait lagun bildu, eta gauzak beste modu batera bideratzen hasteko ideia sortu zitzaigun; gazte asanblada egitea egokia zela iruditu, eta lehen deialdia egin genuen. Abendu hasieran afari-merienda bat egin genuen eta horixe izan zen gazte asanbladaren abiapuntua”, azaldu du Aratz Alkortak.
Hamasei eta hogeita bost urte arteko gazteak biltzen dira Txepetxa gazte asanbladan. “Pello Mari Otañoren bertso sorta baten omenez jarri genion izen hori. Lehen bilera egin genuenean, hainbat izen aipatu genuen. Tartean, duela urte batzuk desagertutako Kostata gazte asanblada gogoan izateko aukera ere ibili genuen ahotan. Azkenean, zenbait aukera batu, eta zozketa bidez erabaki genuen Txepetxa izena jartzea”, azaldu du Andoni Usandizagak. Astearte arratsaldetan biltzen dira Zizurkil goiko Zentroan: “Bilera irekiak dira eta bertan egon nahi duen guztiak du parte hartzeko aukera. Gonbitea luzatu nahi diegu gazte zizurkildar guztiei”.

Ekintza ugari abian
Ekintza ezberdinak antolatu dituzte dagoeneko. Iazko urtea amaitu baino lehen, berehala hasi ziren ekintza ezberdinak antolatzen. Gabonetako kantu errondan gazteen parte hartzea bultzatzeaz gain, etxez etxe abesteko bertso berriak ere prestatu zituzten. “Horrez gain, Euskal Selekzioaren partida ikustera joateko sarrerak izan genituen salgai eta autobusak antolatzea ere gure lana izan zen, Villabonako Onddo asanbladako kideekin elkarlanean”, gaineratu du Aratzek.  
Ostiral gauero Zizurkil goiko Zentroan egiten den mus txapelketaren ardura ere hartu du gazte taldeak: “Urte luzetako tradizioa du txapelketak eta duela hilabete batzuk kili-kolo geratu zen. Ohitura hori gal ez zedin, guk hartu genuen antolatzeko ardura eta horretan ari gara”.

Gazte eguna, martxoaren 24an
Gazte eguna antolatzea izan da hilabeteotako zereginik garrantzitsuena: “Oso garbi genuen herriko jaietatik kanpora, gazteei eskainitako egun osoko jai handia antolatu nahi genuela eta horretan ari gara buru-belarri. Martxoaren 24an egingo dugu, Zizurkil goian eta egun osoko egitaraua osatu dugu”, azaldu du Aratz Alkortak. Inguruko herrietako gazteak deitu nahi dituzte Gazte Egunean parte hartzera: “Zizurkil goian egingo dira ekintza guztiak eta jendea hona etortzera gonbidatu nahi dugu. Festan parte hartuz, ondo pasa dezatela”.

Egitaraua
Zizurkilgo I. Gazte Eguna


Martxoak 24 , larunbata
11:30, Herriko gazteen arteko kirol erakustaldia. Ondoren, Txepetxa gazte asanbladaren aurkezpena eta azken asteotan saldutako errifen zozketa.
14:00, Gazte bazkaria.
Ondoren, jolasak.
18:30, Bertso poteoa.
19:30-21:00, Gugaz taldearen emanaldia.
23:00, Kontzertuak Gugaz eta Ingo al deu? taldeekin.

Oharrak:
Eguraldi txarra egiten badu, Zimiterioan egingo dira ekitaldiak, gainerantzean, plazan.
Gazte bazkariko tiketak salgai:  Iriarten, Egarrin eta Zentroan martxoaren 18ra arte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!