"Euskaraz Bizi Egunaren bidez, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.
Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegu. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekoa da horretarako. Euskaraz bizitzeko hautua egin eta lehentasuna eman behar diogu euskarari norbanakotik hasita, baina guk emateaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan. Horretarako behar dugu kanpo esku hartzerik gabe, bertatik eta bertara erabakitako Hizkuntza Politika burujabea.
Aurten hirugarrenez ospatuko dugun Euskaraz Bizi Eguna, euskaraz bizitzearen aldeko hautua zabaldu eta indartzeko eguna izango da; baina ez hori bakarrik. Datorren larunbatean euskaldunok sasi artetik jauzia egin eta euskaldun izateaz harro gaudela erakusteko eguna izango da; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela erakusteko eguna, alegia. Egitarau zabala izango da, bai, eta horren baitan azpimarratzekoa izango da ‘Euskalduna naiz eta harro nago!' lelopean egingo dugun jai giroko Nazio Manifestazio koloretsu eta alaia. Gure webgunearen bidez honekiko atxikimenduak jasotzeko kanpainatxoa abiatu genuen iragan otsailaren 28an, eta jada 2.000tik gora dira aste eta erdi eskasean lortu ditugun atxikimenduak. Zenbaki hori biderkatu egin nahi dugu kalean, eta manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu hemendik euskaldun izateaz harro sentitzen diren eta hori aldarrikatu nahi duten Euskal Herriko norbanako eta eragile guztiei.
Euskaraz biziko den herriaren erakusleiho izango da Donostia heldu den martxoaren 17an. Euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman eta euskaldun izateaz harro gaudela erakusteko aukera izango dugu Euskaraz Bizi Egunean. Zatoz!".
Martxoaren 17ko egitaraua:
Goizean (Trinitate plazan)
11:00 -Txupinazoa, kalejira eta bihurrikeriak Bonberenea Txarangarekin eta Porrotx pailazoarekin
-Puzgarriak eta haurrentzako tailerrak
-Azoka, musika, kale-animazioa eta kantu-jira Alde Zaharreko kaleetan barna
10:30 -Hizkuntza jokabideen tailerra San Telmo aretoan
12:00 -Bakarrizketa saioak San Telmo aretoan
Eguerdian (Konstituzio plazan)
-Ehunka lagunentzako herri bazkaria eta kantu jira
Arratsaldean
18:30 -Nazio manifestazioa Bulebarretatik hasita. Euskalduna naiz eta harro nago lelopean kalejira alai eta koloretsua eginen da.
Ondoren -Patxaranga alde zaharreko kaleetan barna
-Herri dantzak Konstituzio plazan
Iluntzean (Trinitate plazan)
-Kontzertuak: Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri