Atez Atekoa, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 13a, 12:10

Amasa-Villabonan eta Zizurkilen atez ateko zabor bilketa sistema abian jartzea onartu da berriki. Galder Azkue eta Joxe Mari Luengo alkateek hitza hartu dute 2013ko udaberrian abian jarriko den sistemaren inguruan:

Amasa-Villabona eta Zizurkil, legegintza honetan atez ateko zabor bilketa sistema txertatzen lehenengotako herriak izango dira Gipuzkoako beste 32 herriren artean...

Joxe Mari: Gure eskualdean hasiko da batik bat. Lantzaren punta izango gara, Amasa-Villabona eta Zizurkil aurrenetakoak izango gara, bai.

Galder: Garbi utzi behar da atez atekoa ez dela gure helburua. Kanpainan ere garbi utzi genuen bezala, ateaz atekoa Zero Zabor helburuaren baitan pauso bat besterik ez da, birziklatzea delako hierarkian puntuetako bat. Gehiago birzikla dezagun egingo dugu sistema horren aldeko apustua.

  

Herriz herri eginiko batzar orokorretan onartu da pauso hori ematea. Otsailaren 27an Zizurkilen, martxoaren 7an Amasa-Villabonan...

J.M.: Otsaileko batzarrean onartu zen Zizurkilen atez atekoa abian jartzea eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Zizurkil goia eta behea bi gune oso ezberdinak direnez, bi modutan egitea pentsatuta daukagu: goian autokonpostajea landuz, batez ere.

G.: Erabakia plenora eramatea erabaki politikoa da. Jendeari garbi utzi behar zaio orain erabaki hau guk plenora eramatea baldintzatuta dagoela Foru Aldundian aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJrekin egin zen akordioa tarteko. Hori ez da ezkutatu behar. Aurreko legealdian, bai PSOEk eta EAJk erraustegia eraikitzea erabaki zuten, gizartearen zati handi bat boto eskubiderik gabe zegoen unea aprobetxatuta, gainera. Oraingo egoeran, lau hilabete ditugu erabaki hori atzera botatzeko. Erraustegian sinesten ez dugulako eta haren beharrik ikusten ez dugulako egin dugu atez atekoaren aldeko apustua, erabat konbentzituta baikaude hori dela bidea.

  

Zein ezaugarri aipatuko zenituzkete atez ateko sistema txertatzearen aldeko arrazoiak argudiatzeko? 

G.: Arrazoi nagusia Zero Zabor politika hori gauzatzea da. Hamarkada batzuk sistema tradizionalarekin igaro eta gero, askoz ere gehiago birziklatzea ahalbidetzen duen sistema bat badela ikusi dugulako. Hori erakutsi dute Gipuzkoako lau udalerritan eta gure politika horrekiko koherentziari eutsiz, argi daukagu bilketa sistema aldatzeko garaia dela, hor daukagula Udalok gure eskumena. Guk Udalok, ezin dugu azpiegituren diseinua edo hiri-hondakinen plangintza erabaki, baina bai hiri-hondakinen kudeaketa. Gehiago birziklatu ahal izateko, bilketa sistema aldatzea beharrezkoa dela uste dugu eta bilketa sistemarik eraginkorrena, datuek dioten moduan, atez atekoa da, gaur-gaurkoz.

J.M.: Atez atekoarekin %80a birziklatzen da gutxi gorabehera. Lanpostuak sortuko ditu eta zarata gutxiago eragingo du. Kontuan hartu behar da azken puntu hori ere: gauez zarata handia ateratzen baitute kamioiek. Batzuek sistema zikinagoa dela esaten dute, baina hori ez da egia: edukiontzien kanpoaldean zabor gehiago pilatzen da, horren aurrean ezer esaten ez badute ere. Atez atekoa garbiagoa da, dudarik gabe.

G.: Birziklatzeaz hitz egiten denean gai edo materia organikoaz hitz egitea da gakoa. Sortzen ditugun hondakinen %40 eta 50 artean organikoak dira eta bilketa onaren eraginkortasuna, ongi biltzea litzateke. Edozein bilketa sistemak birziklapen tasa onak lortu nahi baditu, organikoa ongi jaso eta zirkulaziotik atera behar du: hau da, bestelako hondakinekin nahasturik, ahalik eta organiko gutxien iristea. Horretan izugarrizko iraultza ekarri du atez atekoak, organikoa sukaldez sukalde sailkatuz, ia %100 gaika biltzeko gai den sistema bakarra baita. Behin organikoa ongi bilduta, gainontzeko material ia guztiak birziklagarriak dira: bai plastikoa, papera eta beira. Birzikla ezin diren horiek, organikoarekin nahastuta ez leudekeenez, ez lukete arazorik sortuko: ez usainik, ez lixibaturik, ez kutsadurarik. Gauzak behingoz ongi egiteaz hitz egiten ari gara, ez arazoa ezkutatzeaz.

  

Gaikako zaborra birziklatzera bidali ondorenean, zer egingo litzateke birzikla ezin daitekeen zati horrekin?

G.: Egun dagoen teknologiarekin, zati hori inertizatu egin daiteke. Inertizatzea, material horren sailkatzea azken muturreraino eramatea litzateke. Birzikla ezin daitekeen zaborrarekin geratzen den organiko edo plastiko pixka hori kendu eta jadanik kontaminaziorako aukerarik ez daukan materiala osatzea. Material inerte hori obretako zabortegiekin konparatzen da. Zoritxarrez, aurreko legealdietan ez dira batere saiatu teknologia horiek aurrera eramaten, baina guk eraman egingo ditugu eta ziur gaude zabor horiek tratatzeko badagoela irtenbidea, erraustegi nahiz bestelako azpiegituren beharrik gabe. Bestalde, hierarkiaz hitz egiten dugunean bada aipatu beharreko beste puntu bat: izan ere birziklatzea garrantzitsua baita, baina murriztea ere bai. Hori plan guztiek jasotzen dute, baita aurreko legealdiak egin zuenak ere. Hala ere, jasotzetik gauzatzera bidea handia da eta, egun, Tolosaldea bezalako eskualde batean, autokonpostajea erabat erresiduala dela ikusten dugu, eta Tolosaldeak herri txiki asko biltzen duela nahiz landa eremu zabala duela kontuan hartuta, erabat gauzagarria dela. Autokonpostajearekin organiko hori zirkulaziotik atera eta murriztea lortuko litzateke; kostuak gutxituz, tratamendua etxean bertan egiten baita. Tolosaldean autokonpostajearen aldeko apustu garbia egin behar dela uste dugu eta horretarako bitartekoak jarri. Bide hau garestiagoa dela esaten den arren, alderantzizkoa litzateke: tona piloa zirkuitutik aterata, garraio nahiz tratamendu gastuak aurreztuko baikenituzke. Berriro diot, gure politika Zero Zabor da: murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea, baina paperetik praktikara eramanda. Ez du balio gauza bat esan eta bestea egiteak, eta orain hainbeste kritikatzen dutenek hori egin dutela uste dugu. Ez da posible murriztu, birziklatu eta berrerabiltzearen alde egon eta aldi berean, inolako pausorik ez ematea.

 

Atez atekoa garestiagoa dela errepikatzen dute sistema horren aurkariek...

G.: Datuak hor daude. Galdera horren erantzuna proposamen bat luzatuz emango nuke: joan daitezela atez atekoa egiten den herrietara, sistema jarri denez geroztik herritarrek gehiago ordaintzen ote duten galdetzera. Usurbildarrak, oiartzuarrak edota hernaniarrak besteak baino inozoagoak ote dira?

Zaborren sailkapena egiteak esfortzua eskatzen du eta, dioten bezala, hiru aldiz garestiagoa balitz ez luke inondik inora funtzionatuko. Baina datuek, funtzionatzen duela erakusten dute eta atez atekoa, sistema tradizionala eta 5. edukiontzia baino merkeagoa da, ziklo guztia kontuan hartuta; hots, zabor bilketa, garraioa eta tratamendua. Aurrez esan bezala, autokonpostaiarekin organiko asko zirkulaziotik ateratzen badugu gainera, are eta merkeagoa.

Atez ate zaborra biltzea garestiagoa da; hori ezin da ukatu. Baina azken tratamendura iristen den kopurua askoz txikiagoa denez, asko aurrezten da azken pauso horretan. Hortxe dago atez atekoaren sekretua.

J.M.: Hasieran kostu dauka, baina aurrera begira, sistema merkeagoa da.

 

Amasa-Villabona edo Zizurkilen zenbat lanpostu sortuko lirateke atez atekoarekin? Nork kudeatuko lituzke?

G.: Usurbilen esaterako, 9-10 lanpostu sortu ziren bere garaian. Gure herrietako egoera gauzatzen ari garen bideragarritasun planak zehaztuko luke. Atez atekoak daukan beste alderdi ona, sistema malgua dela: herri bakoitzaren egiturari edo populazio dentsitateari egokitzen zaiola. Ez da berdina Zizurkil goia edo behea, Amasa edo Villabona... Eta agian Zizurkil goian eta Amasan autokonpostajearen bidez organikoaren %100a tratatzeko gai izango gara. Bestalde, hondakinen kudeaketa Tolosaldeko Mankomunitatearen esku utzita daukagu eta sortuko liratekeen lanpostuak, zalantzarik gabe, Tolosaldean sortuko lirateke, eskualdeari lehentasuna emanez.

  

Herritarrei begira, zein aldaketa ekarriko du atez atekoak haien ohituretara?

G.: Birziklatzen ez duten herritarrei behintzat esfortzu txiki bat eskatuko dio, baina herritarrak konturatu egin behar du zer nolako jauzia egingo dugun ingurumen, birziklapen edota irudi aldetik, herri aurreratuenen mailan jarriko baikara hiri-hondakinen kudeaketan. Etxeko sukaldean egiten den esfortzu txiki horrek, gaika bildu eta gero, dagokion egunean zaborra aterata, oso ondorio positiboak izango ditu lurralde osoarentzat. Esfortzu hori ez da hainbestekoa, behin sailkapena egindakoan, egun etxe parean edukiontziak ez dituen horrek, etxeko atarian izango baititu atez atekoarekin.

J.M.: Ohiturak aldatu beharko dira eta herritarrei hasieran zertxobait kosta egingo zaie. Pertsona helduak bereziki, hasieran galdu samar ibiliko direla ulertzen dugu, baina kontzientzia hartu bezain laster ez da arazorik izango eta, gainera, jendeak gustura hartuko duela iruditzen zait. Urtebete barru ‘hau al zen dena?' esango dute gehienek eta laster konturatuko dira sistema honek onurak ekarriko dituela.

  

Zer esango zeniokete atea atekoa ezartzea inposaketa dela dioen herritarrari?

G.: Inondik inora. Parte hartzearen bidez ezarriko ditugu atez atekoak herri ezberdinetan. Atez atekoa, zerbait bada, parte hartze prozesu bat baita: biztanle bakoitzaren lana izango da gehiago birziklatzeko tasa horietara iristea.

J.M.: Jendea ondo kontzientziatzea lortzen badugu, erantzun hobea izango du. Pausoak ongi emanez gero, emaitza hobeak jasoko direla jakin behar dute herritarrek. Hori dagokigu: jendea kontzientziatu eta guztien artean ondo lan egitea.

  

Zein iritzi jaso duzue orain artean herritarren aldetik?

G.: Normalean Udalera iristen dena kexa izaten da beti. Baina horrek ez du esan nahi gizartearen isla denik. Nik uste gizarteak barneratuta daukala, programan garbi esan baikenuen erraustegia geratzeko modu bakarra Zero Zabor politika dela. Ez dugu inoiz ezkutatu hori eta jendeak ez du sorpresa moduan hartu. Beste gauza bat da, ordea, hainbat komunikabideri eta hainbat alderdi politikoren axolagabekeriari esker, gizartearen zati bat izugarrizko desinformazio horren ondorioz, asaldatu egin dela. Hori pasa egingo da eta denborak erakutsiko du honek benetako babes soziala duela. Zorionez, jendea kontziente baita gauzak gaizki egitearen ondorioez: zabortegiak hor daude eta baita errauste plantaren inposizioa ere. Jendeak pauso honen zergatia ulertuko duen esperantza dut nik.

J.M.: Hasierako desinformazioarengandik jendea kexatu egiten da, baina esan bezala, jendea kontzientzia hartzen hasi bezain pronto, atez atekoa aukera egoki eta onena dela jabetuko da. Hasieran herri guztietan izan dira zalantzak: bai Hernani, Usurbil edo Oiartzunen, baina emaitzak ikusi orduko, jendea gustura agertu da. Hemen ere gauza bera gertatuko dela iruditzen zait.

  

Noiztik aurrera aurreikusten duzue sistema berria martxan jartzea?

J.M.:  2013ko udaberrian jarriko litzateke atez atekoa abian. Zero Zabor taldeekin herri mailan bilerak eginez, herritarrak prestatzen hasiko gara lehenengo. Zizurkil eta Amasa-Villabonan elkarrekin lan egiteko asmoa dugu; bi herri izan arren, gertutasunagatik, bakarra bezala funtziona baitezakegu.

G.: Amasan eta Zizurkil goian, landa eremuetan, autokonpostajea lantzeko lehen pausoak aurten emango ditugu, Mankomunitatearen laguntzarekin.

  

Beste ezer esan nahi al zeniekete herritarrei?

G.: Herriak garbi hitz egin zuen maiatzaren 22an. Konfiantza jarri zuen gugan eta desinformazio eta intoxikaziotik haratago, konfiantza mantentzeko eskatuko nieke. Bestalde, beraien pauso txiki horren bidez, hauteskundeetan behin eta berriz aipatu genuen benetako aldaketa gauzatuko dugula, hondakinen gai honekin hasita. Joan daitezela informazio jardunaldietara, dituzten zalantzak galde ditzatela eta lasai egon daitezela, gauzak ondo egitera goazelako.

J.M.: Denbora batera emaitza onak eskuratuko ditugula eta atez atekoa ezartzea denontzat hobea izango dela jabetuko garela laster.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!