Gora Gora Kids taldearen kantu berriak, biniloan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 12a, 09:54

Gora Gora Kids taldeak bere ibilbidean beste pauso bat eman du aurrera, lau abestiz osaturiko binilozko "Horror Songs" EPa argitaratzean. Urtean zehar argitaratuko duten CD berriaren aurrerapena da. Taldeko kideen artean Igor Astigarraga andoaindarra aurkitzen da.

Julen Azpitarte musika adituak (Nontzeberri, Entzun!, Ahotsenea) hauxe idatzi du disko berriaren inguruan: “Gora Gora Kids laukotea Horror Songs izeneko binilozko EP berriarekin dator. Rock-and-rollaren espiritu gordinenak gordetako lotsagabekeria, arinkeria eta basakeria lau akorderekin erakusteko asmoz. Hala, 60ko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetako lurralde sikuetako nerabe surf zaleek egin bezala, lokalean sartu dira berriro ere inolako aspiraziorik gabe, eta amateurismoaren xarma aldarrikatzeko xede sakratuarekin.
Hezurdura astintzeko moduko binilozko disko beltza plazaratu dute. Lau kantu, lau munstro, hilobiaz haraindiko lau izaki. “Exotic basque lenguage” erabili ohi duten taldeen transzendentziari ihes eginez –gauza bera egingo zuten mongolieraz abestuko balute–, B Saileko zinetik eta zabor kulturatik ateratako pertsonaiekin josi dituzte haien doinuak. Esate baterako, Jacques Tourneur zinegilearen itzaletatik ateratako zonbiek eta Charlton Heston latifundistak pairaturiko inurri hiltzaileen erasoek egiten dute bat iraupen laburreko disko honetan.
60ko hamarkadako garage-rock eta surf estiloetan heldutako grabazioa da Horror Songs. Hala, theremin hotsekin zabaltzen da Mamuaren Jauregian izeneko doinuak deskribatzen duen igandeetako parranda fantasmagorikoa. Zonbidantza ostera, kutsu iluneko pieza ia guztiz instrumentala da, voodoo- erritoetan erabil daitekeena.
EParen bigarren zatiak gordetzen ditu, baina, diskoaren bi harribitxiak. Yuri Gagarin-ek Link Wray eta antzeko anti-heroien instrumentalen ondarea bortxatzen du eta espazio zabalean surfean ibiltzeko aproposa da. Azkenik, Marabunta izen bereko filmean oinarrituriko suminaldia da. Isiltasunetik abiatzen da, bateria hotsak entzuten dira urrunean, eta bat-batean kantuak orro egiten du, jungla kraskatu eta bihotzak zartarazi arte. 
Halere, inurri uholdeak lanak izango ditu lau musikari hauek oihanetik ateratzeko, oihanean jotzeko jaio baitira”.

Gora Gora Kids
Taldekideak: Koldo (baxua eta ahotsak), Igor (gitarra),  Xabier (gitarra eta ahotsak), Arka (bateria).
Grabazioa: Xabi Astigarraga
Diseinua: Pablo Quebrantahuesos.
Aurkezpen kontzertuak: Martxoak 23 (Mutriku), maiatzak 18 (Tolosa),...
Entzungai: http://es.flavors.me/goragorakids
Biniloa eskuratzeko:
5 euro + 2 bidalketa. 
-goragorakids@hotmail.com
-686 485 976
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!