Lander Etxeberria, fidantzapean aske

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 9a, 12:06

Joan zen apirilean, ETAko kolaboratzaile izatea leporatuta, Lander Etxeberria atxilotu zuen guardia zibilak. Hamar hilabetez Estremerako (Madril) espetxean preso egon ondoren, otsailaren 16an fidantzapean geratu zen aske.

Zer moduz aurkitzen zara kaleratu berritan?
Ondo aurkitzen naiz. Kokatzen, pixkanaka. Otsailaren 16ko iluntzean jakin nuen aske geratuko nintzela. Arratsaldeko 18:30etan txirrina jo eta ‘agente judicial’ esan zidaten. Ordua ikusita, kalera joango ote nintzen bururatu zitzaidan eta halaxe izan zen azkenean. Agente judizialarengana gerturatutakoan, behin-behineko askatasunean geratzen nintzela jakin nuen; betebehar guztiekin (hilaren lehen eta hamabosgarren egunean epaitegira sinatzera joan eta pasaportea entregatuz) eta 10.000 euroko fidantzapean. Oso lasai hartu nuen berria: 19:00etan jakinarazi bazidaten, 20:30etan espetxearen kanpoan nengoen. Ustekabea izan zen alde batera, baina askatasun eskaerak lehen momentutik egin genituen, –hiru edo laugarrena izango zen hau–. Eskaeren aurrean, joera berdina errepikatzen zen beti: Grande-Marlascak ukatu egiten zuen (bera zen instrukzio epailea eta berak sartu ninduen espetxera), eta gero, errekurtsoa jartzerakoan, Audientzia Nazionaleko bigarren salara ere iristen zenean, haiek ere ukatu egiten zuten. Sumarioa itxi bitartean askatuko ez nindutela pentsatzen nuen, baina itxi bezain pronto, lehenengo eskaeran kalean behar nuela argi ikusten nuen. Hori gertatzen ez bazen, salaketa batzuk jartzeko asmoa nuen. Azkenean, sumarioa itxi aurretik bigarren salak berak behin-behineko askatasunean utzi nau, fiskalaren iritziaren aurka.

Nola gogoratzen dituzu joan zen apirileko gertaerak?
Atxiloketa bera, sorpresa handiz. Ekainean Frantziatik bota nindutela zortzi urte izango dira, bada orduan, mugan aske utzi nindutenean, lehen hilabete eta urteetan, egunen batean, ea zer edo zer arraroa gertatzen ez ote zen pentsatzen nuen. Baina behin zazpi urte pasatakoan, ez neukan horrelakorik gerta zitekeenik buruan.
Beratik (Nafarroa) lanetik atera eta furgoneta gasolinaz betetzera abiatu nintzenean, txartela bilatzeko Endarlatzako bide zaharrean geratu nintzen Iruñara begira. Txartela topatu nuen une berean, izkina guztietatik hiruzpalau kotxetatik ateratako poliziak agertu zitzaizkidan burua estalita zutela eta pistolak eskuetan. Zeharo harrituta geratu nintzen, hainbeste, non ‘no te hagas el sorprendido ahora’ esaten zidatela. Berehala euren kotxeetako batean sartu, begiak itxi eta burua makurtzeko eskatu zidaten. Oihuak gogoratzen ditut, ezer gutxi gehiago. Etxean norbait ote zegoen galdetu zidaten eta nik, egotekotan, emaztea eta semea egongo zirela. Orduan ‘tira la puerta’ entzun nion haietako bati. Etxera iristerako atea botata zegoen. Distantziengandik, nik uste, bidean zehar, Villabona pasatu eta kotxe aldaketaren bat ere egin genuela.
Etxeko erregistroa luzea izan zen: ekimen ezberdinetan parte hartu izan dut beti: eskolan, udaletxean… Zazpi ordutan zehar paper piloa miatu eta denetarik eraman zuten: mendiko mapak, udaletxe edota eskolako paperak, Amaia bikoteari Frantziatik egunero idatzitako gutun guztiak… Erregistroetan juzgatuko arduradunen bat egon ohi da, baina ez nuen desberdindu: ez zitzaidan aurkeztu. Erregistroko tratua zuzena izan zen, begiak irekita neuzkan. Leiho guztiak zabalik zituztenez, hotza pasa nuela gogoan dut, baina hortik aurrera, beraiek erregistratzen eta ni txoko batean egon nintzen: inor zuzentzen ez zitzaidala. Goizeko 01:00etan kotxea erregistratu eta gero Madrilerantz abiatu ginen. Madrilera bidean, begiak itxiarazi zizkidaten eta burua belaunen artean sarrarazi. Patrol batean joan nintzela uste dut eta tartean kotxe aldaketaren bat egin genuela. Uste dut Gasteizko epaitegian geratu ginela eta mediku forentse oso atsegin batekin egon ginen. Ukitu ote ninduten galdetu zidan hark eta nik, oraindik ezetz. Madrilerako bidaia zuzena izan zen, mehatxatu eta eskuburdinen atzean zigarroaren punta gerturatzen bazidaten ere. Beroa sentitzen nuen eskuetan, baina erre gabe.

Ostegunetik larunbatera inkomunikatuta egon zinen. Torturak salatu zenituen gerora…

Goizeko 06:00ak aldera iritsi ginen Madrilera, ez dakit nora. Badakit eraikin hartan bi bizitza zeudela: bat planta zen eta bestea sotoa. Sotoan sartu ninduten eta han begiak itxita eduki behar nituen uneoro. Goizean egin zidaten lehen interrogatorioa eta une hartatik bertatik galdu zuten tonua. Galdeketa aretora-edo sartu eta gerritik behera larru-bizirik utzi ninduten, mehatxuak konstanteak ziren: makila ipurditik sartuko zidatela eta imintzioak egin zituzten. Beste momentu batean plastikozko poltsa bat hartu eta buruan jarriko zidatela, flexioak eginarazi zizkidaten... Bikotea atxilotuko zutela ere esaten zidaten. Gainerakoan, oso galdera orokorrak. Nik oraindik ez nekien zer egiten nuen han. Oso gogorra izan zen niretzat, baina bigarren galdeketarekin alderatuta, huskeria iruditu zitzaidan. Momentu batean oihu batzuk entzun nituen: Legorretako Aitor izango zela pentsatzen dut orain. Handik berriz ziegara eraman ninduten. Ez nuen jaten, baina ematen zituzten otorduek egunaren zein unetan geunden jakiteko balio zidaten. Mediku forentsearengana plantara igotzen ninduten eta azken bi eskaileretan begiak irekitzeko esaten zidaten, plantan normaltasun itxura emateko. Ostiralean zehar behin joan nintzen medikuarengana. Berriro ziegara eraman eta afalostean, uste dut, bigarren galdeketari ekin zioten. Bigarrenean, hasiera-hasierako momentutik poltsa jarri zidaten buruan: batzuetan sudurreraino eta beste batzuetan beheraino sartuta, konstanteki, dozena bat alditan behintzat bai. Oso luzea egin zitzaidan, agian motzagoa izango zen, baina niretzat, bizpahiru orduko galdeketa izan zen. Gauza gehiago ere egiten zituzten, baina poltsarena dut gogoan. Poltsa sartu eta estutzen hasten zitzaizkidanean, besterik ezer esan gabe, semearen izena oihukatzen zidan etengabe batek. Eta galdera orokorrak: nik oraindik zertaz akusatzen ninduten jakin gabe jarraitzen nuen eta haiek zertan nenbilen galdetzen zidaten, zer egiten nuen erakundearentzat… Nik ez nuela ezer ere egiten. Poltsa hainbestetan jarri ondoren, ordea, erantzunak asmatzen hasi nintzen: erakundearekin hitzorduak iparraldean egiten nituela esanez. Miarritze aipatu nuen, baina ezagutzen ez dudanez ez nekien lekuak zehazten. Haiek haserretu egiten ziren, egia esateko aginduz. Nik egia esanda sinesten ez zidatela erantzuten nien. Momentu batean, txikituta, negarrez, arrazoirik gabe lagunak salatzera ailegatu nintzen. Asmatu beharreko gauza guztiak asmatu nituen, zentzurik ez zutenak. Beraiek ere bazekiten asmatzen ari nintzela. Dardarka nengoela, ‘está diciendo la verdad’ esan zuen batek. Hori entzun nuenean, galdeketa bukatu egingo zela pentsatu nuen. Zer edo zer bukatu egin zen, baina beste batzuk jarraitu egin zuten. Berriro poltsa jartzen hasitakoan, ‘da igual lo que diga, porque lo estais haciendo de forma gratuita’ esateko denbora eman zidala gogoan dut. Hortik aurrera ez naiz beste ezertaz gogoratzen. Egun batzuetara konturatu nintzen azken poltsa saioan seguruenik konortea galduko nuela, ez baitut itzulerako bidea egin izanik gogoratzen.

Zer leporatzen dizu fiskalak?
Dirudienez, Legorretako Aitor Esnaolak, galdeketa saio batean inplikatu egin ninduelako dator kontu hau guztia. Nik ez nuen akusaziorik ezagutu Grande-Marlascarengana iritsi bitartean. Poliziak inongo momentutan ez zidan ezer zehatzik leporatu eta Audientzia Nazionalera iritsitakoan, entzun nuen lehenengoz zergatik nengoen bertan. Grande-Marlascak galdetu zidan ea egia zen Legorretakoak erakundearekin haria galdu zuenean, nik 2010eko irailean berreskuratu izana, Gans hiriburuan. Lehenengo berria zela eta Gans non zegoen ere ez nekiela erantzun nion.
Espainian ez dute ezberdintzen galdeketa edo interrogatorioa –legez kanpo, sotoan eta torturapean egiten dena– eta deklarazio poliziala, –abokatuarekin egiten dena–. Haientzat bigarrena bakarrik existitzen da. Nik argi adierazi nuen bereizi egiten ditudala interrogatorioa –tortura saioak– eta deklarazio poliziala.
Badirudi Aitorrek, lehenengo deklarazio polizialean salatu egin ninduela berari hitzordu hori lotu niolakoan eta, dirudienez, horregatik etorri zen polizia nire bila. Aitorri hori esanaraziko ziotela suposatzen dut (nik bi galdeketatan jasandakoa gogorra izan bazen, pentsa Aitorrek bizitakoa zer izango zen, zazpi galdeketa jasan zituenean). Bazirudien hasiera batean poliziak zer edo zertan ibiliko nintzela susmatzen zuela, baina galdeketaren ondorenean, zerikusirik ez neukala jabetu zirela. Gainera Aitorri egin zioten hurrengo deklarazio polizialean ni ez nintzela esan zien eta harritu egin zen Soto del Realerako bidean, berarekin batera furgonetan sartu nindutenean. Bestalde, bigarren deklarazio polizialean nik zerikusirik dudala ukatzen duen pasartea ez zen transkribatu. Polizialki, beraz, ni salatzen nauen bere lehen deklarazioa bakarrik dago eta judizialki, bi aldiz joan dela ni izan nintzela ukatzera.
Deklarazio poliziala hartu aurretik, guardia zibil batek deklaratzen denborarik ez galtzeko esan zidan belarrira. Azkar joango zela, ez nintzela bost egunak inkomunikatuta egongo eta ez deklaratzeko: denbora galtzea zela.
Deklarazioan zehar oso galdera orokorrak egin zizkidaten eta ez zidaten argitu zergatik nengoen atxilotuta. Egin zizkidaten galderengatik, ordea, ezin ninduten atxilotu: aurreko gauzak zirelako. Epaiketaren aurrean horrek asko salbatuko nauela pentsatzen dut: poliziak berak ere ez baitzidan ezer galdetu. Amaieran, han zer egiten nuen ez nekiela esan nien; ez nuela ETArekin kolaboratu, ez nintzela ETAko kide. Hori transkribatu egin zuten. Ziegara eraman eta handik pixka batera ustez atxiloketaren prorroga sinatu nuen, ez dakit ziur; begiak itxita bainengoen. Handik ordubetera atera egin ninduten eta beste interrogatorio batera ninderamatela uste banuen ere, eraikinetik kanpo eraman ninduten Audientzia Nazionalera. Grande-Marlascaren aurretik pasa ahala, kategorikoki ukatu nuen ETAko kide izatea. Tratuagatik galdetu zidan gero: ikuste hutsa tratua zuzena izaten ari ez zela jabetzeko nahikoa bazen ere, ez nintzen mediku forentsearen eta epailearen aurrean tratu txarrak salatzera ausartu. Audientziako kalabozoetara jaitsi nindutenean, konbentzituta nengoen handik etxera joango nintzela. Ez zitzaidan bururatzen inondik ere espetxera sartuko nindutenik. Baina ez zen hala izan.

Soto del Realgo espetxera lehenik, Estremerakora gero…
Espetxera euforiko sartzen da euskalduna. Torturarik existitzen ez dela esaten duenari, euskaldunak espetxean hain alai zergatik sartzen ote diren galdetuko nioke. Espetxe barrura zure bizitza galbidean jartzera bazoaz ere, poz-pozik sartzen zara. Espetxeko lehen egunak euforikoak izaten dira.
Legorretako Aitor eta biok batera sartu gintuzten Soto del Realgo espetxean, isolamenduan. Elkarrekin ateratzen gintuzten patiora eta paseoan ibiltzen ginen. Han argitu genuen gertatutakoa eta bera harrituta agertzen zen ni han ikustean. Abokatuak etortzean, Aitorrek esan zuen lehenengo gauza eskulpatu egiten ninduen deklarazio poliziala zegoela, baina abokatuak deklarazio polizial horren bila Audientziara joandakoan, Aitorrek esaten zuen hori agertzen ez zela ikusi zuten. Azken batean, hori da ni espetxean hamar hilabetez egoteko arrazoia. Pelikula bat da guztia, muntaia bat; ez dago besterik. Hiru egun berarekin igaro eta gero, Estremerako espetxera eraman ninduten.

Zer nolakoa izan da hamar hilabeteotako egonaldia?
Denbora zerbaitetan igaro beharra dago eta unibertsitaterako sarbidea egiten hasi nintzen. Gainera, lehenengoz, aurtengo otsailean sarbiderako azterketa partziala jarri zuten; espetxean egiteko aukera izan nuen eta ondo joan zitzaizkidan. Ikasketa horiek amaitzeko asmoarekin atera naiz espetxetik eta dagoeneko matrikulatu naiz Bergarako UNEDen. Gero erabakiko dut ikasten jarraitu edo ez. Antropologia edo soziologia gogoko ditut, esaterako.
Bestela, ezagutzen nuen espetxeko bizimodua; aurrez hiru urte eta lau hilabetez egon bainintzen Frantzian. Irakurri-ikasi edo paseatu-kirola egin, bi aukera horiek daude espetxean. Frantzia eta Espainiako espetxeen arteko ezberdintasuna patioan pasa beharreko orduak dira: Frantzian derrigorrez gutxi eta Espainian derrigorrez asko.
Estremera espetxean egoera lasaia da: ez da euskaldunekin tentsio handirik. Egon daitezkeen espetxeen artean lasaienetakoa izango da eta, alde horretatik, lasai egon naiz ni ere; monje bizitza eginez, besterik gabe. Egoera politiko berriak mesederik ez du ekarri, baina tentsiorik ere ez.

Epaiketaren zain zaude orain…
Epaileak erabaki beharko du sinesgarritasuna ematen ote dion torturapean atxilotu batek egin duen deklarazioari, beste inolako frogarik ez dagoenean, edo ez dion sinesgarritasunik ematen. Epaileak hartu beharko du erabakia, torturapean, gauza erreal batzuk ateratzen diren bezala, tortura hori saihestearren, asmatutako beste batzuk ere ateratzen direla jakitun izanda. Epailearen arabera sinesgarritasun gehiago edo gutxiago emango dio. Hala ere, badakigu, Espainiako Audientzia Nazionalean batzuentzat nahikoa dela aurrez aipatutakoa kolaborazioa leporatu eta zortzi urtez espetxeratzeko.
Orain epaiketaren zain nago. Audientzia Nazionaleko lehenengo salak epaituko nau eta fiskalak hiru hilabete baino lehenagoko epean egin behar du eskaera fiskala. Epaiketara joan gabe absoluzioa eskatzeko aukera baduen arren, fiskalak oraingo askatasun probisionalaren zitan espetxean mantentzea eskatu duenez, argi dago eskaera fiskala egingo duela eta epaiketara joango naizela, hiru urte baino lehen.
Aske geratu behar dudala konbentzituta nago. Pelikula ugari ikusi dut bizitzan zehar eta fikziozko pelikulek ere zer edo zer errealitatetik izango badute ere, hau ez da posible. Argi eta garbi ikusten dut errugabe geratu behar dudala epaitegian: ez dut beste hipotesi baten aurrean jarri nahi. Nire sentsazioa hamar hilabete oparitu dizkiedala da. Aurreko espetxealdiaz ez dut ezer esango: badakigu estatuari aurre egiteak ondorioak ekartzen dituela. Baina egiten ez denean? Oraindik ere sinestezina iruditzen zait.

Azken hilabeteotan euskal gizarte eta politikagintzan aldaketa ugari gertatu da. Nola bizitu dituzu aldaketa horiek espetxe barruan?
Urrun bizitzen dira, bertan egoteak ematen dizkizun elementuak falta baitzaizkizu. Gainerakoan, kanpoan bezala: itxaropentsu, baina era berean, hankak lurrean izanda. Itxaropena badago, baina jendea barruan kontziente da ETA sortu aurretik herri honekiko zapalketa eta biolentzia egoera bazegoela, eta ETA amaitu ondoren ere zapalketa eta estatuaren biolentziak iraun egingo duela. Itxaropentsu, beraz, gauzak beste modu batera egiteko, baina, oso errealista ere bai.

Zein egoera ikusten duzu orain, kalera ateratakoan?
Oraindik ez dut ezer handirik ikusi, baina oso iritzi ezberdinak sumatu ditut kalean: batzuk oso itxaropentsu ikusi ditudan bezala, jende gehiago aurkitu dut aurkako iritziarekin: egoera mugituko ez den ustearekin, alegia. Itxaropenaren termometroan oso neurri ezberdinetan dago jendea.

Zer diozu Euskal Herriaren etorkizun hurbilaz?
Niretzat gauzak mugitu egingo dira. Nahiz eta espainolek nahi ez duten, euskal herritarren artean eta alderdi ideologiko ezberdinen artean gaiaren inguruan asko hitz egiten ari dela iruditzen zait eta asko hitz egiten jarraitu behar dela aurrerantzean. Badakit kanpotik oztopoak jarriko dizkigutela herri hau eraikitzeko, baina aurrera begira jarraitu egin beharra dago. Hartu den bidea oso ondo hartuta dagoela uste dut eta bide horrek ez duela miraririk: lan asko egin behar da, oraindik ere, herri honi asko sufriaraziko dioten arren. Espainia ez da demokratiko bilakatuko, alderantziz, agerian geratzen ari da zein den benetako bere izaera. Egunen batean herri honek bere aukera izan dezan, aurrera egin behar dugu: mundua krisi egoeran dagoenean, krisi horretatik ateratzeko moldeak okerrera joatea edo benetan gauza batzuk aldatu eta hobera joatea dira. Horren aurrean, Euskal Herriak prestatuta egon behar du Espainian egunen batean aldaketa kualitatiboren bat gerta daitekeelako. Egia esan, ez dirudi Espainian gertatuko denik, baina Europan edo nazioarte mailan gerta daiteke. Egoera berri horren aurrean, Euskal Herriak beharbada bere aukeratxoa eduki dezake bertan kokatzeko eta oso garrantzitsua da prestatuta egotea, desberdinen artean gauzak adostuta edukitzea. Hori da bidea, uneoro, herritarrei parte hartu araziz eta galdetuz, nahiz eta jakitun izan besteek paretak jarriko dituztela, Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea kenduz. Arazo guztien sorburua, herri honi erabakitzeko ahalmenik ematen ez zaiolako dagoen zapalketa politikoa da. Inork ez luke hori ukatzeko eskubiderik eduki behar, baina egiten dute. Gatazkak intentsitate berdinean jarraitzen du eta beste bide batzuetatik, gurean jarraitzeko arrazoi berdinak ditugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!