Erakusketa Andoaingo sortzaileen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 7a, 18:04

Andoaingo hamalau emakumek, arte jarduera ugari jorratzen dela agerian utziz, hainbat artelan jarri dute erakusgai Basteron: margogintza, argazkigintza, jantzigintza, kartelgintza…, 

Ekitaldi xume baten bidez inauguratu zen erakusketa, aurreko larunbat arratsaldean. Aitziber Ugartemendia Kultura batzordeko zinegotziak bertaratu ziren herritarrei aipatu zien bezala, “irudimena gainezka dago erakustoki honetan, ikusiko duzuenez”.
 
Basteron bildutako ikusleek egileen azalpenak entzuteko aukera izan zuten.
 
Aurtengo emakumearen eguneko kartelaren egileak, honela deskribatu zuen bere lana: “haurdun dagoen emakumeari neska ala mutila duen galdetzen diogu. Iruditzen zait garrantzitsuena ez dela hori, pertsona dela baizik, eta horixe azpimarratu nahi nahi izan dut leloaren bidez. Irudia osatzeko, berriz, argazkiaz baliatuz naiz, gogokoa baitut”.  
 
Jaxone Usandizagak zeramika landu du batik bat: “Erakustokian, han hemen, zenbait pieza jarri ditut, oxidoarekin eta esmaltearekin margotutakoak; batetik, emakume baten irudia kandela batekin, eta bestetik, hiru pieza txikiagoak elkarrekin hizketan. Horiez gain, Eider Ezeiza, Mercé Brauk eta hirurok egindako lan bat ere ikus daiteke erakugelan: soka batez biltzen den katilu multzo bat sapaitik zintzilikatu dugu”.
 
Edurne Pisadorrek, collage antzeko bat antolatu du argazki mordoarekin: “gehienak neronek egindako argazkiak dira eta apropos jarri ditut lausotuta. Collage horrez gain, argazki bitxi bat eta oleoarekin egindako beste margolan bat ere zintzilikatu ditut horman”.  
Bada diseinua jorratu duenik ere, Silvia Baltasarrek, esaterako. “jantzi bilduma ekarri dut hona. XVIII. mendeko emakumeen jantziak nahiko opresiboak ziren, eta horien azpikoak adierazi nahi izan ditut”.
 
Amaia Capellanek, “arduren ateak” bi ate jarri ditu ikusgai erakusgelan: “ikonoak dituzte, zera adierazi nahian: normalki, emakumeen bizkar jartzen dela haur, heldu eta gaixoen zaintza”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!