Ainara Rodriguez: "Desio bat dugu, Udal aurrekontuak ahalik eta adostasun handienarekin onartzea"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 7a, 18:01

Ageraldiaren bideoak: Aurkezpena | Datuak (erdaraz) | Atalez atal

2012rako Udal gobernu taldearen aurrekontu proposamena, jendaurrean egin zuten asteazkenean. Hitzordu horren harira, Andoaingo alkate-ordeak elkarrizketa eskaini dio Aiurriri:

Europan eta Gipuzkoan nozitzen den egoera ekonomiko larria, Foru Fondoari itzuli beharreko dirua, Udalak gastu finkoan historikoki izan duen zama handia... Nola osatuko duzue 2012ko Udal aurrekontua? Zer utzi behar duzue halabeharrez bazterrean? 
Ainara Rodriguez. Egoera zaila bizi dugu, bai. Halabeharrez etorri izan balitzaigu bezala, baina badaude erantzule eta arduradun batzuk: eredu kapitalista defendatu dutenak. Luzera joko du, egiturazko arazoa dugulako. Hori esanda, une honetan Udal aurrekontua ahalik eta modu egokienean kudeatzea dagokigu.
 
Irizpide nagusi bat dugu: pertsonengan inbertitzea. Garrantzia baino gehiago, lehentasuna eman diogu gizarte zerbitzuen alorrari. Gobernuan gaudenetik kasu latzak ezagutu ditugu. Pertsona askoren egoera kritikoa da eta, horren aurrean, Udal ordezkari bezala erantzun behar dugu.
 
Beste lehentasuna zerbitzuei lotuta dago. Herrikide guztien mesederako izango diren zerbitzuak, besteak beste, argiteria, espaloiak.
 
Bi lehentasun horiei beharrezko diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskainiko dizkiogu.
 
Seguraski, egoera ekonomikoa hobea balitz, beste modu bateko aurrekontua osatuko genuke. Zer utziko dugun bazterrean? Guk beharrezko ikusten ez ditugun gastu batzuetan murrizketak proposatuko ditugu.

Oposizioarekin eta herriko eragileekin bilerak deitu dituzue. Ekonomiak hainbeste estutzen duenean zenbaterainoko aukera dago aurrekontuak negoziatu edota oposizioaren ekarpenak onartzeko? 
A.R. Egoera zaila bizi dugu eta arduraz jokatu beharra dago. Denok ere jakitun izan beharko genuke, baita herritarrek ere. Eskura ditugun baliabideak tentuz erabili behar ditugu. Ikuspegi bat badugu, eta jakin badakigu egoera honetan bizi beharko dugula hurrengo urteetan.
Argi eta garbi utzi nahi dugu gurea aurrekontu proposamen bat dela. Alegia, Udal gobernu talde bezala aurkeztu ditugu eta horregatik erronda bat egiten ari gara gainerako alderdi politikoekin.
 
Proposamenak entzuteko prest gaude, ekarpenak jasotzeko zabalik gaude alde horretatik. Guk proposamen bat landu dugu, eta zer hobetua izango da. Nolanahi ere, arduraz jokatu beharra dago. Oposizioari ere horixe eskatzen diogu, arduraz jokatzea. Oposizioaren proposamenak bizi dugun garai zail hauei egokituta izan daitezela.

Herritarren aurrean ere aurkeztu behar dituzue. Garrantzia berezia eman nahi diozue herritarren parte hartzeari. Zer espero duzue bilera horretatik? 
A.R. Ezer baino lehen herritarrak gara. Ikuspegi horretatik, aurrekontuen inguruan informaziorik ez zen ematen lehen. Herritarrek eskubidea dute Udal kontuen berri izateko, Udal aurrekontuak barne. Ordezkari politiko bezala betebehar hori badugula uste dut. Lehenik eta behin aurtengorako gure proiektua aurkeztu nahi diegu, eta ondoren baliabide ekonomikoak nola bideratu nahi ditugun azalduko dugu.
Herritarren aldetik ekarpenak jaso nahiko genituzke. Ahaztu gabe, horrelako ekimenekin gardentasuna erakutsi nahi dugula. Diru kontuez ari garela, horrelakoetan ezkutukeria sentitu izan dute herritar askok. Eta, berez, jakinmina sortzen duen gai bat da.

Aurrekontuak onartzeko behin betiko proposamena noiz aurkeztuko duzue Udal batzarraldian? 
A.R. Berriro diot, guk proposamen bat badugu eta alderdi politiko ezberdinen eskuetan utzi dugu. Hori egitearekin batera, herritarren aurrean aurkezpen bat egin dugu.
 
Alderdiei bere denbora emango diegu aurrekontua aztertzeko. Ondoren, bigarren errondari ekingo diogu aurrekontuak onartzeko negoziazioak bideratze aldera.
 
Desio bat dugu, Udal aurrekontuak ahalik eta adostasun handienarekin onartzea. Oso positiboa litzateke, bizi dugun garai zail honetan. Kohesio handia emango lioke herriari.
 
Data finkorik ez dugu ipini. Lasai, tentuz jokatu beharra dago. Negoziazioen arabera dago aurrekontuak onartzeko data zehatza.

Egoera ekonomikoa orokorrean estua da, baina zein da Andoaingo Udalaren egoera ekonomiko zehatza? Kezkagarria al da?
A.R. Larria da, baina eramangarria. 2011. urtea %3,67ko zorpetze mailarekin amaitu dugu. Inguruko herrietara begira jarrita, ez da hain altua. Horrek badu bere alde positiboa, baina arreta jaitsi gabe jarraitu behar dugu. Estuasun ekonomikoak luze joko du Andoainen.
Udal honetan gastu korrontearen maila oso altua da. Horrek baldintzatu egiten du, besteak beste, inbertsioak egitea. Lau urte hauetan buruan edukiko dugun gakoa horixe izango da: zerbitzuen kalitatea gutxitu gabe gastu korrontea kontrolatu, eta ahal den heinean jaitsi.

Alegia, Udalak diru iturri berririk lortu ezin duenez, gastua kontrolatu edo arindu nahi duzuela...
A.R. Hori da. Eskaintzen diren zerbitzuak beharrezkoak ikusten dira. Besteak beste, zaborren bilketa, ur hornidura,... Udalarentzat kostu handikoak dira. Kalitateari eutsi behar zaio, baina neurri batzuk hartu beharko dira Aldunditik edota Jaurlaritzatik datozen diru partidak gutxituz doazelako pixkanaka. 
Sarrera eta gastuen arteko oreka zail horretan dago irtenbidearen gakoa, Andoainen eta gainerako herri gehienetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!