Andoaingo Alkate-ordeari Udal aurrekontuen inguruan egindako elkarrizketaren aurrerapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 6a, 20:42

Asteazken honetan iluntzeko 19:00tan Udal aurrekontuen inguruko agerraldia egingo du Andoaingo Udal Gobernu taldeak. Aiurrik Ainara Rodriguez elkarrizketatu du, hona aurrerapena:

Herritarren aurrean ere aurkeztu behar dituzue. Garrantzia berezia eman nahi diozue herritarren parte hartzeari. Zer espero duzue bilera horretatik? 
A.R. Ezer baino lehen herritarrak gara. Ikuspegi horretatik, aurrekontuen inguruan informaziorik ez zen ematen lehen. Herritarrek eskubidea dute Udal kontuen berri izateko, Udal aurrekontuak barne. Ordezkari politiko bezala betebehar hori badugula uste dut. Lehenik eta behin aurtengorako gure proiektua aurkeztu nahi diegu, eta ondoren baliabide ekonomikoak nola bideratu nahi ditugun azalduko dugu.
Herritarren aldetik ekarpenak jaso nahiko genituzke. Ahaztu gabe, horrelako ekimenekin gardentasuna erakutsi nahi dugula. Diru kontuez ari garela, horrelakoetan ezkutukeria sentitu izan dute herritar askok. Eta, berez, jakinmina sortzen duen gai bat da.

Aurrekontuak onartzeko behin betiko proposamena noiz aurkeztuko duzue Udal batzarraldian? 
A.R. Berriro diot, guk proposamen bat badugu eta alderdi politiko ezberdinen eskuetan utzi dugu. Hori egitearekin batera, herritarren aurrean aurkezpen bat egin dugu.
Alderdiei bere denbora emango diegu aurrekontua aztertzeko. Ondoren, bigarren errondari ekingo diogu aurrekontuak onartzeko negoziazioak bideratze aldera.
Desio bat dugu, Udal aurrekontuak ahalik eta adostasun handienarekin onartzea. Oso positiboa litzateke, bizi dugun garai zail honetan. Kohesio handia emango lioke herriari.
Data finkorik ez dugu ipini. Lasai, tentuz jokatu beharra dago. Negoziazioen arabera dago aurrekontuak onartzeko data zehatza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!