Sahararen aldeko saiotik, hainbat bertso

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 14:08

Hurria-Saharak urteroko bertso saioa antolatu zuen Basteron, otsailaren 26an. Saioa antolatzen lagundu zuen Udalari, herri erakundeei eta ikusleei, nahiz euren borondatez etorri ziren bertsolariei eskerrak eman ondoren, Joxe Manuel Oiartzabalen esanetara abestu zuten bertsolariek.


Agurrean Jexux Mari Peñagarikanok Euskal Herria eta Sahara herria gogoan izan zituen, biak:
Gorriak dauka odol kutsua
eta berdeak dirdira,
erreparatu dezazutela
izar eta ilargira,
erreparatu Sahara aldera
edota gure herrira,
gauza batzutan bi herri hoiek
nahiko antzekoak dira.

Andoni Egañak bertsoa osatzeko saioaren hasierako ordua -12:15- erabili zuen.
Nahiz eta saharar herri horrek,
ia mundua dun aurka
oraindik bizi da eta 
entzun leike taupa-taupa,
ongi etorri bertsozaleak
ta bertsokideak aupa,
elkartasunak kableak ditu
baina ordurik ez dauka.

Gai jartzaileak gizonak egin dituen asmakizun txarrak aipatzeko eskatu zien denei.

Aitor Mendiluze
Kohetea ere asmatu zuten
teknologia bitarte,
zenbaitentzako mesede igual
baina gehienontzat kalte.
Izarrak zeru goian daudela
guregandikan aparte,
ametsa egiteko balio dute
bertara iritsi arte.

Jexux Mari Irazu
Horrexegatik beste zerbaitek
behar gintuzke bereizi,
mundura sortu ta nahiko degu
lasai eta ondo bizi,
baina aspaldi jarri gintuzten
beldur gaiztoen ihesi
ta inpernua asmatu zunak
ez zun zerurik merezi.
Kilometroak 1990-2012
Sorozabalek 1990eko edizioaren kantua idatzi zuen. Gai-jartzaileak 2012rako zerbait kantatzeko eskatu zion.
"Kilometroak larogeita hamar
baditugu Andoainen",
gogoratzen naiz testutxo hura
horrelaxe hasten nuen
denbora asko pasa zaigula
ez al da hemen nabarmen
berriz ere festa etorri zaigu
hainbeste zahartu baino lehen.

Euskera degu mamia eta
festa eguna azala.
Gure herrian ba ote dauka
behar adinako itzala,
pentsa dezagun antolakuntzan,
denok hemen gabiltzala,
beste  20 bat urteko behintzat
arnasa hartu dezala.

Nork idatzi zun gure euskara
jalgi dadila plazara,
egun horretan guztiok oinez
joan behar hara ta hona,
Sorabillatik Karrikara ta
Bekoplazatikan hara,
eta gainera gazteen artean
hobe gehixo aditzen bada.

Saioari amaiera emateko, azken agurrean bi bertso nabarmen daitezke:
Agin Rezola
Nahiz eta Saharan egoera egon 
gaur egun ia lehertuan,
eta han zerbait gertatzen den 
nahiz ondo ez ulertuan,
orain Sahara sentitu det nik 
hurbilen eta gertuan,
hondar ale bat gehiago zan 
hau Tindoufeko desertuan.

Jexux Mari Irazu
Sahara zatitxo bat 
bildu Andoainen,
lanean segitzeko
ahalik ta finen.
Hitza eta ahotsa
genduenik ondoen,
genekienetikan
eman nahi genuen.
Hitza eta ahotsa
ahalik ondoen
hain xuxen behar dana
Saharan ta hemen.

Bideoak: www.aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!