Burnia ikuskizuna Saroben martxoaren 11n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 13:56

Martxoaren hamaikan Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran dantza konpainiak Burnia ikuskizunaren Gipuzkoako estreinaldia egingo du Saroben. Dantzaren berrikuntzan urrats berri bat eman dute, beste behin ere.

Bilboko Arriaga antzokiak, iaz, antzokian bertan taularatzeko ikuskizuna garatzeko enkargua egin zion Aukeran dantza konpainiari. Proposamen horretatik abiatu zen Burnia ikuskizuna.
Gaur egungo Euskal Herriaren garapenean burdinak eta haren erabilerak garrantzia handia izan du. Elementu hura ardatz hartuta, Muruamendiarazek gidoia idazteko eta musika lantzeko lanean jarri zituen Unai Elorriaga idazlea eta Fernando Velazquez musikagilea.
Arriagan hiru saio eskaini eta gero, Urnietan ekingo diote berriro. Saroben saio bikoitza eskaini ondoren, 2012an zehar Euskal Herriko hainbat antzokitan arituko dira.

Arriagatik Urnietara
Edu Muruamendiarazentzat Arriagako esperientzia "ikaragarria izan zen. Profesionalek izan ditzaketen sentsazioak izan genituen. Zortzi egun eman genituen antzokian eta  han bertan hiru saio eskaini genituen". Euren asmoa ikuskizuna Euskal Herrian eskaintzen jarraitzea da, eta lan horri ekingo diote Urnietan hasita.
Urnietakoa berrabiaratzea izango da, "ikuskizunaren hainbat atal aldatuko ditugu. Antzokian bertan egin ditugu entsegu batzuk eta ikuskizunaren aurreko egunak horretan emango ditugu".  Sarobe Aukeran taldearen etxea da, bertan tailer egonkorra dutelako. Bereziki berezia da Muruamendiarazentzat, "niretzat aurkezpena egiteko toki garrantzitsua da. Koreografia eta muntaia guztiak Saroben sortu eta lantzen ditugu, gure etxea Sarobe da".
Burnia muntaia osatzerakoan, dantzarekin harremanik ez zuen gidoigile eta musikariekin lan egiteko aukera izan du. Erronka bat izan dela aitortu du, “esperientzia horien ondorioz, eremu berrietan sartuta, gure estiloan aurrera egitea posible dela ikusi dugu".
Zer aurkituko du ikusleak Sarobera Burnia ikustera etortzen denean? Aurreritzirik gabe eta konparazioetan ez erortzeko gonbitea luzatu die Muruamendiarazek ikusleei: "Gernika, Bideak..., aurreko gure lanekin konparatzeko joera izan dezake askok. Etor daitezela ikuskizuna ikustera, eta horrela dantza ikuskizunaz gozatzea lortuko dute”. Estilo aldetik, urrats bat aurrera eman dutela aitortu du.
Taula gainean bederatzi dantzari arituko dira Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean. Hauexek: Ander Errasti, Ioritz Galarraga, Ane Anza, Ekain Kazabon, Ione Iriarte, Aritz Iglesias, Martin Barandiaran eta Helis Legorburu.

Burnia Urnietako Saroben
Martxoak 11, igandea. 
Bi saio: 17:00 / 20:00. 
Sarrera: 8 euro.
Aldez aurretik salgai: Sarobe, Lekaio.
Egunean bertan salgai: Sarobe,
saioa hasi baino ordubete lehenago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!