“Prohibido recordar” ikus-entzunezkoa, Maria Gonzalezen eskutik martxoaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 13:48

Saturrarango espetxe frankistan emakumeak gaitzat dituen “Debekatuta dago oroitzea” dokumentala eskainiko dute Basteron, martxoaren 8an. 2010eko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta kritikaren nahiz ikuslegoaren oniritzia jasotzen ari da geroztik. Zuzenbidean eta Kazetaritzan lizentziatua, eta Komunikazioan Doktore Europarra da Maria Gonzalez (Durango, 1978). Andoainen bertan izango da, dokumentalaren aurkezpen lanak egiteko. Memoria historikoan aditua da.

Zein funtzio beteko duzu emanaldian?
Maria Gonzalez: Dokumentalaren aurretik Frankismoko emakume presoei buruzko sarreratxoa egingo dut; emakumeenganako errepresio mota honen berezitasunak azpimarratuko ditut. Bukatu ondoren, berriz, denon arteko solasaldia dinamizatzen saiatuko naiz.

Emakumeen errepresio mota horrek berezitasunak izan zituela aipatu duzu...
M.G.: Errepublikaren aurkako Estatu-kolpearen ondorioz, Europan nagusitzen ari zen faxismoak Espainian ere isla izan zuen. Alde horretatik, frankismoak errepresaliatutako emakumeentzat ezarritako espetxeek antz handiagoa izan zuten kontzentrazio-zelaiekin, gizonentzat ezarritako espetxeekin baino.

Azal al zenezake sakonago zehaztapen hori? 
M.G.: Gizonentzako espetxeek espetxe itxura zuten; emakumeentzako espetxeak, ordea, komentuak izaten ziren gehienetan. Gainera, emakumeek ez zuten kontsiderazio politikorik, eta gainerako lege-hausleekin batera nahasten zituzten. Azkenik, zigorpeko lanak -Frankismoaren esklabo-lanak- gizonezko presoen proportzioan baino hiru aldiz handiagoan gauzatu zituzten.

Nori gomendatuko zenioke dokumentala?
M.G.: Historian lehenengo aldiz Espainian errepresaliatutako emakumeei ahotsa eman die. Dokumentu bakarra dago emakume horien testigantza zuzena jasotzen duena. Eta alde horretatik, iruditzen zait emakumeen historia eta herri honen historia jakin nahi duen edonorentzat ez ezik, giza eskubideen arloan sentibera den edonorentzat ere  interesgarria izan litekeela.

Zergatik ez dugu izan emakume presoen berririk orain arte?
M.G.: Frankismoaren biktimek historian zehar jasan duten bazterkeria berbera jasan dute horiek ere. Eta horrez gain, beste bazterkeria mota bat ezagutu behar izan zuten sarritan: senarrek ere abandonatu egiten zituzten, umeak izan arren, eta horrekin, gizon errepublikano horiek berdintasunaren aldeko konpromisoa hautsi zuten. 
Hala eta guztiz ere, euren arteko elkartasun sareak osatzen jakin zuten, arerio zuten gizarte garaituan bizirauteko. 

Egun zein egoeratan dago Frankismoaren biktimen inguruko memoria historikoa, zure iritziz?
M.G.: Oso berandu hasi gara frankismoak errepresaliatutako gizon-emakumeen testigantzak jasotzen. 
Hauek zera diote: beldurra gainditu behar izan dutela. Dena den, oroimen historiko horren berreskurapenean ekimena tokian tokiko elkarteek hartu dute, horiek izan dira beldurraren muga gainditu dutenak. Horrenbestez, lehenago gaiari heldu ez izanagatik, agintariek traba besterik ez die egin urte luzeetan frankismoaren genozidioaren egia ezagutzeari, justizia egiteari eta erreparazioa gauzatzeari. 

Aipa al zenezake zertan zabiltzan memoriaren berreskurapenaren unibertsoan?
M.G.: Zer pentsatua eman zidan pasadizo batek bultzatu ninduen gai hauek jorratzera: Orain hamar urte, Bilboko jaietan, emakume durangar batek nirekin zegoen mutilarengana jo zuen; nirekin ez ibiltzeko adierazi zion, nire amama espetxean egona zela-eta. Nire aitona ere espetxetik pasatakoa zen arren, horri ez zion garrantzirik eman emakume horrek. Zergatik eman garrantzia amamari, eta ez aitonari? Galdera horrek barruak mugiarazi zizkidan, eta Durangoko emakumeen espetxearen inguruan ikertzeari ekin nion. 
 
Martxoak 8, osteguna
18:30. Bastero, auditorioa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!