IX. Aiztondoko Klasika. I. Patxi Alkorta Memoriala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 09:49

Datorren martxoaren 11n, igandearekin, Aiztondo Klasika batzordeak urtez urte antolatu ohi duen klasika entzutetsua buruko da. Aurtengo edizioa, ordea, berezia izango da: urtetan probaren antolakuntzan lagundu zuen eta joan zen maiatzean zendu zen Patxi Alkorta zizurkildarra omenduko baita bertan.

Azken hilabeteotan jo eta su lanean ari da Aiztondo Klasika batzordea, astebete barru burutuko den proba antolatze lanetan. Aipatu batzordea, eskualdeko lau herrietako elkarteetako kideek osatzen dute: Asteasuko Aitz-Ondo, Zizurkilgo Urkamendi, Adunako Txulobi eta Amasa-Villabonako Irrintzi elkarteetakoek, hain zuzen. Martxoaren 11n, elkarteetako 100 lagun inguru arituko da proba bideratzeko lanean. Kide horietako bat Asteasuko Ramon Aierza izango da, urtez urte batzordean parte hartzen duena. Aierzak adierazi duenez, urtero legez, 140 kilometro inguruko ibilbidea burutuko dute parte hartzaileek, “goizeko 10:00etan, Alkizatik abiatuko dira txirrindulariak eta probaren hasiera berezia izango da, txirrindulari guztiak neutralizatuta abiatuko baitira, Zizurkilen Patxi Alkorta zenaren etxera ailegatu arte. Behin Alkorta Enea etxe aurrean, Patxi oroituz, zinta moztuko da bere omenez eta orduan ekingo diete txirrindulariek ibilbideari”. Urtero bezala, proba gogorra izango dela aurreratu du Ramonek; “itzuli bakoitzean Zizurkil Gora eta Adunara igo beharko baitute txirrindulariek; eta azkenaurreko bueltan, baita Alkizako gainera ere”.

150 txirrindulari pasatxo
150 txirrindulari pasatxok hartuko du parte aurtengo edizioan. Zazpi txirrindulariz osatutako 22 taldek, hain zuzen. “Espainiako Federazioan sailkatutako lehen 18 taldeak batetik eta lau talde euskaldun gonbidatuak, bestetik”, zehaztu du. Era berean, bi kategoriatako txirrindulariak lehiatuko dira: Elite mailakoak eta SUB-23 edota 23 urtez azpikoak. Espainiako Koparen baitako froga izango da Alkizatik abiatu eta Larraulen amaituko dena, zalantzarik gabe, zer ikusirik eskainiko duena.

Aurtengo ibilbidea
Alkizatik abiatu eta Larraulera iritsi bitartean, bide luzea igaro beharko dute 140 kilometroan zehar. Hauxe egin beharreko ibilbidea:
  • Alkizatik abiatuta, Asteasuko bidegurutzea, Alkorta Enea (Zizurkil), Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa, Alegia, Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo zeharkatu eta Ordiziaraino.
  • Itzulera bide beretik, Alkizako bidegurutzeraino eta handik Larraulgo bidegurutzetik barrena Asteasura.
  • Asteasutik, Zizurkil, Aduna, Villabona, Alkizako nahiz Larraulgo bidegurutzeak igarota, berriz Asteasura (4 itzuli).
  • Laugarren itzulian, Alkiza herrira igoera. Handik Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil, Larraulgo bidegurutzea, Asteasu, Zizurkil, Aduna, Villabona eta amaitzeko, Larraulgo plazan helmuga.
Antolatzaileek, probak hiru ordu eta erdi inguru iraungo duela aurreikusten dute, 10:00etatik 13:30ak arte, gutxi gorabehera. Esan beharrik ez, lasterketak irauten duen bitartean trafikoa gerarazi egingo dela.

Garaileen zerrenda
Hara hemen, 2003 urtean, proba antolatzeari ekin ziotenetik gaur egunera arte, Aiztondo Klasikan lehen postuan helmugaratu diren txirrindulariak, urtez urte:
  • 2011-III-13: Eduard Prades Reverte.
  • 2010-III-07: Victor de la Parte Gonzalez.
  • 2009-III-08: Jorge Martín Montenegro.
  • 2008-III-02: David Belda García.
  • 2007-III-04: Oscar Pujol Muñoz.
  • 2006-III-05: Didac Ortega Orts.
  • 2004: Carlos Castaño Panadero.
  • 2003: Jose Angel Gomez Marchante.

Txirrindulari probaren ondoren, Patxi Alkortaren omenezko bazkari eta jaialdia egingo dira Adunako Aburuza sagardotegian. Beste hainbat lagunen artean, Pepo Alonso eta Karlis Medrano billabonatarrak ari dira prestaketa lan horretan. Patxiren nahiz ekitaldiaren inguruan hartu dute hitza.

Kirol jarduerekin lotuta, arlo ezberdinetan lan ugari egin zuen Patxi Alkortak. Zein lotura zuen Aiztondo Klasikarekin?
Pepo:
Jakina da, Patxik, lan handia egin zuela txirrindularitzaren inguruan; besteak beste, berak bultzatu zituen Orbea, Oria edota Caja Rural taldeak. Hasieratik izan zen Aiztondoko Klasikaren bultzatzaile ere; bereziki, proba gauzatu ahal izateko babesleak bilatuz. Aurtengo edizioa berezia izango da, egin zuen lanaren esker-onez antolatuko baita txirrindulari proba. Probaren antolaketa lana, urtero bezala, Aiztondo Klasika batzordea bideratzen ari da. Ondorengo bazkaria eta omenaldia antolatzen ari gara gu.
Karlis: Patxiren lagun batzuk elkartu eta merezi zuen moduko omenaldia antolatzea erabaki genuen. Geneukan gogoak eta beraganako oroitzapenak bat eginda sortu zitzaigun ideia, eta Aiztondoko Klasikaren eguna, halako ekitaldi bat egiteko egokia zela jabetu ginen, harreman zuzena zuen jende asko elkartzeko moduko eguna delako. Urtetan eskaini digun laguntzaren ordain gisa, zer edo zer egin behar geniola argi ikusten genuen, nahiz eta, dudarik gabe, hobe zatekeen, omenaldia bizirik zegoen bitartean egin izan bagenio. Orduan ez zen posible izan eta orain berarekiko sentitzen dugun zorrari erantzun nahi diogu. Izan ere, ekintzaren bat antolatzen ari ginela jakiten zuen bezain laster, laguntzeko prest azaltzen baitzen beti.

Zein lanetan egin zenuten bat Patxirekin?
K.:
Urtetan, laguntza handia eskaini zidan Irrintziko txirrindularitza jardunaldiak antolatzerakoan. Kirol munduko jende asko ezagutzen zuen eta txirrindulari, entrenatzaile nahiz taldeetako zuzendariekin jarri ninduen harremanetan. Orain gutxi, txirrindularitzarekin lotutako material ugari luzatu zidan: argazki, bideo, txartel… Oso borondate oneko gizona zen.
P.: Azken urte eta erdian, Behar-Zana elkarteko zuzendaritzako kide naizenetik batik bat, harreman estua izan genuen. Elkartean hobekuntzak bultzatu nahi zituen eta giroa indartzearekin batera, pilota sustatu nahi zuen. Pena ematen zion errebote partidetan frontoian jende gutxi ikusteak eta zaletasuna pizteko, guztion parte hartzea beharrezkoa zela esaten zuen. Behar-Zana elkarteko lehendakari izan zen urtetan eta bera lehendakari zela, 50. urteurreneko ekitaldiak antolatu zituen. Edozertarako laguntzeko prest azaltzen zen beti: Aizkardi mendi taldeari ibilaldi neurturako babesleak bilatzen laguntzen zigun. Danena atletismo, futbol nahiz halterofilia taldeak aurrera ateratzen ere saiatu zen, besteak beste.

Egun berezia izango da martxoaren 11koa. Jende asko gerturatuko da eskualdera…
K.:
Bazkarira etortzeko asmoa duen jendeari, aurrez txirrindulari proba ikustera gerturatzeko deia egin nahi diogu; bazkarian ez ezik, egun guztiko ekitaldietan parte hartuz. Besteak beste, Mathieu Hermans, Jokin Mujika, Pello Ruiz Cabestany, Marino Lejarreta, Abrahan Olano edota Periko Delgado txirrindulariak etortzekoak dira, baita Txitxi Orbegozo, Josune Gorostidi, Karmele Zubillaga edo Orbea-Danena taldeko kide izan ziren Valladolideko hainbat neska ere.
P.: Jende ezaguna eta hain ezaguna ez dena bilduko da. Omenaldia hunkigarria izango da, baina hain gogoko zituen Incansables txarangako doinuekin, ukitu alaia emanez amaitu nahi dugu ekitaldia.
K.: Omenaldia antolatzen, Patxirekin lotura izandako jende ugari aritu gara lanean. Tartean, Txomin Perurena, Ramon Mendiburu, Paco Rodrigo, Txitxi Orbegozo, Joni Izagirre, Agustin Laskurain edota Eneko Arteaga.

Bazkari-omenaldia, Aburuza sagardotegian
Klasikaren ondoren, 14:45etan hasiko da bazkaria Adunako Aburuza sagardotegian. Ondoren, Oinkari dantza taldeak, bertsolariek, trikitilariek nahiz Incansables txarangak parte hartuko duten omenaldiari hasiera emango zaio. Saioan zehar, besteak beste, Patxik parte hartu zuen ekintza eta talde ugaritan eginiko lana laburtuz, argazki eta bideo proiekzioa eskainiko da; oroigarrien banaketa ere egingo delarik. Bazkari-omenaldirako txartelak martxoaren 4a baino lehen eskura daitezke (30?): Behar-Zana (688 626 437 / beharzana@gmail.com), Karlis (615 744 458) edota Behar-Zana nahiz Irrintzi elkarteetan jarritako zerrendatan izena emanda.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!