Etxez etxe, baserriz baserri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 09:43

Denda eta saltokietatik urrun dagoen hainbat etxe eta baserri dago gure eskualdean. Fruta, barazki, ogi, egunkari..., egunero behar ditugun hainbat produktu etxe atariraino gerturatzen lan egiten dute ondorengo erreportajean ageri direnek.

PEDRO MARIA MARTIN, kamioia hartuta, fruta saltzera
Gaztetxoa zenean hasi zen Pedro Maria Martin herriz herri fruta eta barazkiak saltzen. 1964an, bere aita Benitok ekin zion lan horri eta 1986an, semeak hartu zuen lekukoa, Frutas Edurne izeneko enpresa sortuz.
Herriko plaza, auzo edota etxe atariraino ere iristen da Pedro Mariaren kamioia. Bertan du bere denda txikia: “Bezperan ibilgailua kargatu eta goizean errepidera ateratzen naiz, salmenta egitera. Asteko egun bakoitzean ibilbide ezberdinak egiten ditut: Asteasu, Villabona, Andoain, Zizurkil, Alegia, Aia, Orio, Alkiza, Irura, Alegia, Larraul, Tolosa..., toki askotara iristen naiz. Villabona eta Tolosako azoketan ere izaten naiz astearte eta larunbatetan”, azaldu du Pedro Mariak.

Aldaketak
Bere aita hasi zenetik, langintza asko aldatu dela aipatu du saltzaileak: “Garai batean, jendeak erosketa handiak egiten zituen, aste guztikoak. Gaur egun, egunean egunekoa erosten du jendeak eta horrek, gehiago ibiltzera behartzen gaitu gu. Lehen bost tokitan salduta irabazten genuena irabazteko, hamar toki pasa behar ditugu gaur egun”.

Zuzeneko harremana
Bezeroarekin harreman estua egiten duela azpimarratu du Pedro Mariak: “Fruta eta barazkiak saltzeaz gain, bezero askorekin adiskidetasun harremana egin dut. Konfiantza hartu dugu eta hizketan aritzen gara; gure pozak eta tristurak kontatzen dizkiogu elkarri eta niri izugarri gustatzen zait hori. Supermerkatu handietan ez dago horrelakorik. Zuzeneko harreman hori da nire langintzako gauzarik politena”.
Fruta eta berdura freskoak saltzen ditu Pedro Mariak: “Nafarroa eta Errioxatik ekartzen dugu genero asko. Kanpotik ekartzen diren frutak, berriz, merkatu zentraletan erosten ditugu: platanoa, aguakatea... Urteen poderioz, bestalde, fruta berri asko sartzen joan gara; duela urte gutxi, esaterako, inork gutxik ezagutzen zuen kiwia eta gaur egun, asko saltzen da. Azken urteotan, berriz, fruta tropikala eskatzen hasi zaigu jendea”.

Errepidean
Astean hirurehun kilometro pasatxo egiten ditu Pedro Marik. “Errepidean ordu asko pasatzen ditut eta sustoren bat edo beste ere izan dut. Andazarraten, elurra ari zuen batean, frenua zapaldu eta furgonetak irrist egin zidan. Sakanera erortzeko zorian egon nintzen. Horixe izan da sustorik handiena. Gainerantzean, behin baino gehiagotan geratu izan naiz elurretan mugitu ezinik. Elurra kentzeko makina iritsi arte zain egotea izaten da irtenbide barkarra horrelakoetan”.

PATXI IRAZUSTA, salmenta zuzenaren aldeko apustua
Abendu hasieran ekin zion lanbide berriari Patxi Irazustak. Furgoneta hartu eta fruta eta barazkiak saltzen ditu etxez-etxe. Nafarroa eta Errioxako barazkiak eskaintzen ditu orain, baina etorkizunean, bere baratzeko produktuak eskaintzeko asmotan dabil.
Urte asko darama Patxik fruta eta barazkiak saltzen: “Nire lan ibilbidea beti egon da mundu honi lotuta. Abenduan, nire kasara hasteko erabakia hartu nuen eta lehen hilabeteotan, bezeroak egin eta martxan jartzea da nire helburu nagusia. Nafarroa eta Errioxako barazkiak eskaintzen ditut eta baita fruta ere. Produktuen eta salneurrien zerrenda eramaten diet bezeroei eta behar dutenean, deitu egiten didate”, azaldu du.

Erosketa, etxeraino
Etxeraino eramaten du generoa Patxik: “Bezeroarekin ordua hitzartu eta etxeraino eramaten diot erositakoa. Egun batetik bestera prestatzen dut eskaera. Telefonoz deitzen didate eta hurrengo egunean, etxean izaten dute eskatutakoa”.
Baldintza bakarra jartzen du Patxik fruta eta barazkiak etxeraino eraman ahal izateko: “Erosketa gutxienez hogei euro ingurukoa izatea eskatzen dut, bestela ez baita errentagarri ateratzen. Erosketa txikiagoak eginez gero, joan-etorria kobratu beharko nuke eta hori ez da errentagarria bezeroarentzat. Hogei eurotik aurrera, berriz, nik ez dut dirurik galtzen eta bezeroari ez diot bidaia ordainarazi beharrik”, azaldu du Patxik.

Bertako barazkiak, laster
Eguraldiak laguntzen badu, laster hasiko da Patxi Irazusta Zizurkilgo lursail batean baratze ekologikoa egiten. “Geroz eta eskaera handiagoa dago. Bezeroak hemengo produktua kontsumitu nahi du eta laster, horixe eskaintzeko asmoa daukat. Baratzegintzan ibilitakoa naiz eta datozen asteotan hasiko naiz Zizurkilgo lursail batean nire produktuak lantzen”, aipatu du. “Aspalditik nerabilkien ideia hori buruan, baina lursaila falta nuen. Eskaera egin, eta Zizurkilen atera zitzaidan aukera. Laster hasiko naiz baratze ekologikoa prestatzen. Udaberrian eta udan, nire produktuak saltzen hasteko asmoa daukat”, gaineratu du.

Ekologikoa
Bezeroak bilatzen ari da orain Patxi: “Tolosaldean eta Donostialdean mugitu naiz bereziki. Momentuz, Donostialdekoak dira nire bezero gehienak, baina Adunan ere badut bat edo beste. Ahoz aho nire lanaren  berri zabaldu eta pixkanaka, bezero kopurua hazten joatea espero dut. Udan, baratzeko produktuak eskaintzen hasten naizenean, irteera gehiago izango dudala pentsatzen dut, izan ere, jende askok azaldu baitu interesa. Lursaila oso toki onean dago, egutera da, eta eguraldiak laguntzen badu genero ekologiko ona eskaintzeko moduan izango naiz”.

JOXE ANTONIO TXAPARTEGI, hogei urte ogia banatzen
Goizeko bostetan hasten da Joxe Antonioren laneguna. Asteasuko Ogi-Zuri okindegira joan, furgoneta kargatu, eta etxez etxeko ibilbideari ekiten dio. Ogia eta egunkariak bezeroen etxeko atariraino eramatea da bere ardura.
Duela hogei urte hasi zen Joxe Antonio langintza horretan: “Panefisan aritu nintzen lehendabizi, eta hura itxi zenean, Asteasuko Ogi-Zuri okindegirako hasi nintzen lanean. Bi pertsona aritzen gara ogia banatzen. Asteasu, Zizurkil, Larraul, Amasa eta Adunako etxe, baserri eta dendetan banatzen dut ogia. Egunero ibilbide berbera mantentzen dut. Normalean, ogi kopuru jakina uzten dut toki bakoitzean, baina aldaketaren bat edo beste ere izaten da eta horregatik, behar baino ogi gehiago eramaten dut beti furgonetan, badaezpada. Izan ere, kalean ikusita ogia erostera furgonetara gerturatzen denik ere bada”, adierazi du. Egunkariak ere eramaten ditu Joxe Antoniok: “Lau egunkari ezberdin eramaten ditut furgonetan eta etxe askotan uzten dut bat edo beste”.

Berrehun kilometro, egunero
Egunean kilometro asko egiten du Joxe Antoniok. “Ia berrehun kilometro egiten dut egunero-egunero. Ogi bakarra uzteko, kilometro askotako bidea egin beharra ere tokatzen da batzuetan”, azaldu du. Ibilbide jakina izateak, ordutegia mantentzeko aukera ematen dio Joxe Antoniori; modu horretan,  ogia etxera zein ordutan iritsiko zaien jakiten dute.

Elurra denean, oinez
Elurra eta izotzarekin komeriak izatea ere egokitu zaio Joxe Antoniori behin baino gehiagotan: “Horrelakoetan, toki altuetan dauden baserrietara iristea ez da beti erraza izaten. Furgonetan ahal den tokiraino igo eta ogia eskuan hartuta, oinez iritsi izan naiz etxe batera baino gehiagora. Bezeroek izugarri estimatzen dute hori”.
Hogei urte hauetan aldaketaren bat edo beste ezagutu du Joxe Antoniok bere langintzan. “Lehen, larunbatetan ogi kopuru bikoitza uzten nuen etxe askotan; asteburu osorako. Gaur egun, igandetan ere eguneko ogia nahi izaten dute bezero gehienek”, azaldu du.
Egunero-egunero, hutsik egin gabe eramaten du ogia Joxe Antoniok: “Gehienetan atarian uzten dut ogia, baina bada ogia hartzera furgonetara gerturatzen denik ere. Hizketaldi txikia egiteko aprobetxatzen dugu horrelakoetan”.

Kobraketak, astean behin
Bezeroek Joxe Antoniori ordaintzen dizkiote etxera eramandako ogia eta egunkaria: “Astean behin egiten ditut kobraketa gehienak, baina bada hilabetean behin ordaintzen duenik ere. Egunero kobratzen aritu baino, nahiago dut horrela egitea, izan ere, egunean egunekoa kobratzeko kanbioak ibili beharko nituzke gainean eta ez da batere erosoa”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!