Happy Riders Bike Team, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 09:39

Mendiko bizikletan eta ziklokrosean ibiltzeko aukera berria sortu da Andoainen. Izan ere, taldea osatzeko lanetan ari baita herriko zenbait gazte. Etorkizunerako asmoen berri eman du Josu Arregi, taldeko kideak.

Bizikletan ibiltzen den andoaindar koadrila baten ekimenez sortu da Happy Riders Bike Team taldea. Hala azaldu du Josu Arregi kideak: “Duela bi urte hasi ginen taldea sortzeko ideiari bueltak ematen. Elkarrekin entrenatzen ibiltzen ginen lagun koadrila eta izen bat jarri eta arropa ateratzea proposatu genuen. Iaz, taldeari izaera ofiziala ematea erabaki genuen eta horretan ari gara orain. Lehen pausoak emanak ditugu eta laster, Euskadiko Txirrindularitza Federazioan izena emateko moduan izango garela uste dugu. Hori lortzen dugunean, patrozinatzaileak bilatzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Ez da garairik onena horretarako, baina saiatuko gara. Orain arte, norbere poltsikotik ordaintzen ditugu gastu guztiak, eta oso ondo etorriko litzaiguke laguntzaren bat izatea”.

Haurrekin lan egiteko asmoa
Mendiko bizikletan eta ziklokrosean aritzen dira Happy Riders taldeko kideak: “Kirol hau ez da oso ezaguna eta haurren artean sustatzen saiatu nahi dugu; mendian barrena bizikletan ibiltzea oso polita da eta hori erakutsi nahi diegu. Txirrindularitza gustuko duten gaztetxoek askoz ere errazago jotzen dute errepideko txirrindularitzara, telebistan ikusten dutelako. Guk, ordea, mendiko bizikleta eta ziklokrosa ezagutzen lagundu nahi diegu. Horretarako, ikastaro ezberdinak antolatuko ditugu uda inguruan. Mendira joan eta irteera motzak egingo ditugu gaztetxoekin. Etorkizunera begira, talde sendoa antolatu nahi dugu, eta horretarako, txikiekin lan egitea da modurik egokiena”.

Kide berriei irekita
Momentuz, hiru kide ditu Happy Riders Bike Team taldeak: “Hasieran jende gehiago ginen, baina orain, hiru lagun gabiltza buru-belarri lanean. Andoni Portillo, Daniel Gonzalez eta ni neroni gara taldeko kideak. Dagoeneko Daniel Gonzalez taldekidea, Happy Riderseko logoarekin lehiatzen hasia da aurtengo denboraldian. Urte asko darama ziklokrosean eta talderik gabe zegoenez, Happy Riders taldearen izenean lehiatzen hasi da”. Taldeari ofizialtasuna emandakoan, kide berriak hartzeko prest daudela adierazi du Josuk: “Kide berriak gustura hartuko ditugu. Talde indartsua osatu nahi dugu eta horretarako, ezinbestekoa da jende gehiago izatea”.

Sanjuanetan, lasterketa
San Juan jaien inguruan lasterketa ikusgarria antolatu dute azken bi urteotan: “Lasterketa horri izaera ofiziala eman nahiak ere bultzatu gintuen Happy Riders taldea sortzera. Plazaola bizikleta gunean antolatzen dugu lasterketa. Andoain eta Urnieta batzen dituen bidegorriaren alboan dago gune hori eta bizikletarekin jauzi ikusgarriak egiteko prestatuta dago; Dirt jump deitzen zaio txirrindularitza modalitate horri. Bi urte daramagu lasterketa antolatzen eta datozen urteetan ere egiten jarraitzeko asmoa dugu, izan ere, jende asko erakartzen baitu. Iaz berrogeita hamar partaide inguru izan ginen eta jende asko etorri zen ikustera. Lasterketa ikusgarria da eta pozik gaude izandako erantzunarekin. Aurtengo jaietarako, talde federatua izango gara eta izaera ofiziala emango zaio ekitaldiari, egitarauan sartuz”.

Entrenamenduak, egunero
Maila onean lehiatzeak, entrenamendu asko egitea eskatzen du, bai mendiko bizikletan baita ziklokrosean ere: “Nire kasuan, egunean lau edo bost orduko saioak egiten ditut. Ziklokrosean, esaterako, oso garrantzitsua da teknika ona eta indarra edukitzea, eta horretarako, ordu asko pasa behar da bizikleta gainean. Gimnasioko saioak egitea ere garrantzitsua da. Erresistentzia fisikoa ez da hain garrantzitsua, lasterketa motzak izaten direlako, ordubete ingurukoak. Mendiko bizikletan, berriz, garrantzitsua da erresistentzia hartzea eta horretarako, kilometro asko egiten dugu errepideko bizikletan. Aste egunetan, norbere kasara ibiltzen gara, baina asteburu askotan, Happy Riders taldeko kideak elkartu eta Frantzia aldera joaten gara. Bizikletan ibiltzeko oso toki politak daude han, eta gustura joaten gara”, azaldu du Josuk.

Ziklokrosa
Neguan, ziklokros denboraldian murgilduta ibili da Josu Arregi, buru-belarri: “Hemen inguruan, Asteasuko ziklokrosa da erreferentzia nagusia. Nazioarte mailako txirrindulariak etortzen dira eta ikusgarria izaten da. Zenbait urte daramat parte hartzen eta lasterketa polita da. Ibilbide gogorra da eta normalean, lokaztu egiten da, gogortasun gehiago erantsiz. Askotan, ibilbidearen erdia korrika egin behar da eta prestakuntza handia eskatzen du. Gogortasun horretan, ordea, asko disfrutatzen dugu. Daniel Gonzalez taldekidea aurten lehiatu da lehendabiziko aldiz Asteasuko ziklokrosean, Happy Riders taldearen izenean”.
Ziklokrosean, indar handia du Euskal Herriak: “Mendiko bizikletan Kataluniak du indar handiena baina ziklokrosean, Euskal Herrikoak dira txirrindularirik onenak. Lasterketa asko antolatzen da gainera. Mendiko bizikleta, berriz, ez da batere ezaguna hemen eta pena handia ematen di, oso kirol polita delako. Telebistan eta prentsan gehiago aterako balitz, indar handiagoa izango luke, zalantzarik gabe”.

Mendiko bizikleta
Udaberri aldera hasiko da mendiko bizikleten denboraldi berria. Bertan lehiatuko da Josu: “Aguraingo bizikleta.com taldeko kide naiz eta haiekin lehiatuko naiz. Martxoa inguruan izango dira lehen lasterketak eta orain, prestaketa lanetan ari naiz. Horretarako, errepideko zenbait lasterketatan parte hartzen dut; txispa hartzen laguntzen dit. Iazko denboraldian, entrenatzaile baten agindupean egin nuen denboraldiaren prestaketa. Hark zehazten zidan egunero egin beharreko saioa. Aurten, berriz, neronek erabakitzen dut nire prestakuntza nola bideratu”.
Uda inguruan izaten dira mendiko bizikletako lasterketa gehienak. “Furgoneta hartuta batera eta bestera ibiltzen gara: Gipuzkoa eta Euskal Herriko txapelketa, Euskal Herriko Openerako baliagarriak diren frogak, Caja Rural Kopa..., astebururo izaten dugu lasterketaren bat eta askotan, baita bi ere. Aguraingo taldeak, gainera, estatu mailako hainbat lasterketatan parte hartzen du eta askotan tokatzen zaigu kanpora atera beharra. Laguntza handia eman dit taldeak eta bertako kide izaten jarraitzeko asmoa dut”, jakinarazi du Josuk.

Bizikleta aldaketak
Txirrindularitza modalitate ezberdinetan parte hartzen duenez, maiz egin behar izaten ditu Josuk bizikleta aldaketak. “Oso ohituta gaude horretara, baina ez da erraza egiten. Bizikleta gaineko postura oso ezberdina da ziklokrosean, errepidean edota mendiko bizikletan eta, gogorra egiten da hasieran. Giharrek segituan antzematen dituzte aldaketa horiek eta gorputza moldatu arte, kosta egiten da”, azaldu du Josuk.

Lehian, bikain
Maila bikainean aritu da Josu bere kirol ibilbidean. “Jubenil mailan, Gipuzkoako txapelduna izan nintzen bi aldiz eta baita Euskadiko txapelduna ere, taldekako lehian. Hogeita hiru urtez azpikoen mailan ere emaitza horiek errepikatu nituen Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketatan eta hirugarren izan nintzen Euskadiko Openean. Orain Elite mailan ari naiz eta duela hilabete inguru, bigarren postuan amaitu nuen Nafarroako lasterketa batean”.
Etxetik datorkio Josuri kirolzaletasuna: “Aita eta anaia ere mendiko bizikletan ibili izan dira beti eta nik txiki–txikitan ekin nion kirol honi. Errepidekoa probatu nuen, baina nahiago izan nuen mendiko bizikletan aritu. Nire anaia, Asier, oso maila onean lehiatzen ari da. Estatuko Opena seigarren postuan amaitzea lortu du eta Gipuzkoako txapelduna izan da behin baino gehiagotan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!