Sarrera guztiak kontuan hartuta, 2.157.240 euroko aurrekontua izango du Asteasuko Udalak aurtengorako. Iazko aurrekontuarekin alderatuta (3.700.000 euro), ia %42ko jaitsiera, beraz. “Izugarrizko aldea da, baina egiazkoa”, jakinarazi zuen alkateak, “aurten, aurreko aurrekontuetatik abiatuta, zerga bilketa bera da. Baina diru-sarrerak gutxitu egin dira eta ondorioz, gastuak kontrolatu beharrean aurkituko gara”, zehaztearekin batera. Zuhurtzia hitza errepikatu zuen Pilik behin baino gehiagotan bere aurkezpenean, “aurreko urteetan salmenten ondorioz etorri ziren halako aurrekontu altuak, baina gero ez ziren hala gauzatu. Horixe da geureganatu dugun egoera eta aurrera begira, ez dugu berriz halakorik gertatzerik nahi. Gastuak kontrolatu eta garbi jokatu behar dugu, zorrotz. Gastatzeko 1000 euro badugu, ez dugu 1500 eurorik gastatuko”. Hori bai, denbora aurrera, salmentetatik diru-sarrerak etorriko balira, aipatu aurrekontuari gehitzeko arazorik ez legokeela gaineratu zuen, baina, aurrez, ez dagoena kontuan hartzen ez zutela jakinaren gainean utziz.
Gainera, 2012 urtea trantsizio moduan hartzea erabaki dute, herrian beharrezko diren zerbitzuen berri ondo aztertu ahal izateko. Lan hori gauzatu ahal izateko, berriz, oso beharrezkotzat jo zuen herritarren parte hartzea, “guk kalkulu batzuk eginak izanagatik, herritarrek sumatzen duten beharren berri ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu”, adierazi zuen.
Dirurik apenas, inbertsioetarako
Aurtengorako, inbertsioetarako aurreikusitako asmoak oso urriak dira Asteasun, ez baitago hori ahalbidetzeko sosarik. Batetik, obren mailan, ahal izanda, Izurtzu inguruan erorita dagoen bidea konpontzea gustatuko litzaieke Udaleko kideei: “Tolomendi elkarteak diru-laguntza emango liguke eraberritze lan hori gauzatu ahal izateko; beti ere, berritzea 2012an egiten bada. Hala ere, azterketa geologikoek aurrekontuaren igoera ekarri dute eta ikusi egin beharko da gauzatu ahal izango den. Lan horrekin aurrera egiten ahaleginduko gara gu, gure aldetik”. Bestalde, Elizmendin Udalak duen elizaren ondoko etxearen teilatua eraberritu nahi da, arrisku egoeran baitago. Era berean, aurrekontuetako 30.000 euro gorde dituzte larrialdiren baten aurrean tresneria berria erosi beharko balitz, esaterako. “Horrez gain, beste ezer gutxi gordetzeko aukera izan da”, argitu zuen alkateak. Aurrekontu estu eta murritzak direla jakitun, euren helburu nagusia dauden ondasunen maileguak ahalik eta azkarren gainetik kentzea zela nabarmendu zuen Pilik: “legegintza honetako gure asmoa ez da inondik ere obra gehiago martxan jartzea, baina bai Udalak duen zorpetze maila jaistea”.
Igerilekua, zalantza iturri
Galde-erantzunen tartean, igerilekuaren gaiak hartu zuen tarterik zabalena. Herritar batek igerilekuak uzten zituen emaitzen berri galdetu eta gero. 2011ko hiru hilabeteko irekieran, 95.319 euroko gastua eragin zuela adierazi zuten Udaleko kideek, denbora tarte labur horretan izugarrizko zuloa sortuz. “Sortzen dituen gastuak ikusita, bazkide tasa garestitu egin behar dela ulertu beharko dute herritarrek. Iaz oso tasa merkeak jarri genituen bai herritarrentzat eta baita kanpotarrentzat ere. Beste herrietako igerilekuekin alderatuta, aurtengo tasa herritarrentzat 55 eurokoa (iaz 30€) eta kanpotarrentzat 75 eurokoa izatea erabaki dugu”. Gaiarekin lotuta, Luke UribeEtxeberria zinegotziak, igerilekuaren gaiak kezka sortzen ziola jakinarazi zuen: “izan ere, lur-jabeei 640.000 euro ordaintzeke baitago oraindik ere. Epea 2013ko urtarrilean amaitzen denez, urtebete baino gutxiago geratzen zaigu. Luxuzko ekipamendua da igerilekua, nire ustez. Kirol ekipamendua urte guztian zehar egoten da irekita, baita Kultur Etxea ere. Baina hiru hilabeteko tartean izugarrizko galerak sortzen ditu igerilekuak”. Bileran zegoen herritar batek, zulo hori ikaragarria dela kontuan izan arren, asteasuar gehienak, kirol ekipamenduak baino igerilekuak zabaltzea nahiago luketela aipatu zuen.
Bestalde, Asteasu Batuz taldeko zinegotziek, igerilekuak bezala, Asteasuren neurriko herri txiki batean hainbeste zerbitzu eskaintzeak zulo hori handitu egiten duela nabarmendu zuten eta beharren arabera zehaztu beharko liratekeela eskaintzak aurrerantzean.
Kultur talde berria abian
Bileraren amaieran, sortu berri den kultur taldea ere mintzagai izan zen, taldea komunikazio tresna moduan sortu dela jakinarazi zuen Julen Larruskain zinegotziak, hutsune hori nabaritzen zutelako eta euren asmoa, ahalik eta jende gehien biltzea dela ohartarazi: “kulturaren inguruan parte hartzea sustatuko duen foroa izatea nahiko genuke eta, bide batez, herritarren helburuak bertatik bideratzea”, adierazi zuen. Azken bileran, Usurbilgo kultur taldeko partaide batek euren taldearen funtzionamendua azaldu zien eta Asteasuko taldea ere bere pausoak finkatzen ari da dagoeneko. Ramon Aierzak, taldean adin ezberdineko herritarrak biltzen direla aipatu zuen eta oraindik bileretara gerturatu ez direnei, parte hartzeko deia eginez amaitu zuten eurena. Zalantza edo iradokizunen bat duen asteasuarrari, berriz, udaletxera gerturatzeko esanez. Guztientzat zabalik baitaude bertako ateak.
Aurrekontuak, batzordez batzorde
Hara hemen, batzordez batzorde, 2012 urterako Asteasuko Udalak aurreikusitako gastuak eta diru-sarrerak:
- Ingurumen batzordea: Gastuak: 140.500€ / Sarrerak: 115.000€.
- Hezkuntza batzordea: Gastuak: 100.800€ / Sarrerarik ez dago.
- Ongizate batzordea: Gastuak: 140.000€ / Sarrerak: 52.000€.
- Kultura batzordea: Gastuak: 116.850€ / Sarrerak: 18.500€.
- Kirol batzordea: Gastuak:115.000€ / Sarrerak: 25.350€.