Bizi-ohitura osasungarrien aldeko apustua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 09:34

Bizi-ohitura osasungarriak jarraitzeak pisu handia hartu du azken urteotan eta, ondorioz, belar eta eko-dendak indarrean daude. Amasa-Villabonan bi denda berri zabaldu ziren joan zen udan: Kinpira eta Sahatsa.

Sahatsa belar-dendako Tere Sarasola
“Jaiotzen garen guztiok zor dugu hiltzea, baina modu osasungarrian elikatuta, beste modu batera bizi gaitezke”.

Sahatsa belar-dendak itzal luzeko bidea egina du herrian. Duela hogeita hamar urte zabaldu zuten lehen denda Txermin auzoan. Handik, Kale Nagusiaren erdialdera igaro ziren, eta geroago, Kale Nagusiaren amaierara. Joan zen uztailaz geroztik, Kale Nagusikoaz gain, Kale Berrian kokatzen da euren gunerik osatu eta berriena.
Bertako dendari Tere Sarasolak adierazi duenez, azken urteotan nabarmen nabaritu dute jendeak produktu ekologikoen aldeko apustua egin duela, “dudarik gabe, bezeroak kontziente dira edozein jaki ez dela euren osasunarentzat egokia. Batzuk salneurriei begiratzen dioten bezala, beste batzuk osasunari ematen diote garrantzia. Hainbatek belar-dendetako produktuak garestiak direla diote, baina gauza batez konturatuta nago ni: saltoki handietara joandakoan, diru gehiago gastatzen dela karroa goraino betetzen eta, ez bereziki, produktu osasungarriekin”, adierazi du. Tereren ustez, kasu batzuetan, pertsona gaixotu arte ez gara konturatzen osasuntsu jatearen garrantziaz, “ez diot belar-dendetako produktuak soilik janda ez garenik gaixotu edota hilko. Jaiotzen garen guztiok zor dugu hiltzea, baina modu osasungarrian elikatuta, beste modu batera bizi gaitezke. Osasunarekin lotuta, kontzientzia landua duten bezeroak etortzen zaizkigu bereziki”. Kontzientzia bezala, bizi ohiturak ere asko aldatu direla aipatu du dendariak, batik bat, jende gaztearengan: “pertsona heldu askok egin du produktu ekologikoen aldeko apustua, probatu ondoren, emaitza ona jaso dutelako. Bestalde, adineko jende askok belarrekiko fede handia izan du eta ohitura horiek mantendu egiten dituzte. Baina, dudarik gabe, jende gaztea da elikadura eta bizi-ohitura osasungarrien alde nabarmen egiten duena”.

Xarabeetatik esnera
Belar-dendako eskaintza zabalaren artean, produktu izarrik ba ote duten galdetuta, bezeroei eskaintzeko dituzten ia 4000 produktuen artean aukera egitea oso zaila dela azaldu du Terek. Hala ere, hainbat gai aipatu ditu: “esaterako, urte garai honetan, xarabe asko saltzen dugu: propolia nagusiki. Gibela garbitzeko erremedioen artean, alkatxofa eta errefauaren (rabano) nahasketak ere harrera beroa izaten du, autoarenak ez ezik, gure filtroak ere garbitu egin behar izaten baitira. Bestalde, burdina edo jalea ere asko eskatzen digute. Elikagaien artean, berriz, zer esan: zerealak izugarri saltzen dira eta baita esne begetalak ere: oloa, arroza edota sojarenak, besteak beste. Esne begetalak, behi esnea baino osasungarriagoak direla konturatu da jendea eta gazteak bezala, jende heldu askok ere aukera hori egin du azken urteetan, aurrenetik ohitura hartzea kosta egiten bada ere”.

Zerbitzu ugari
Dendako eskaintza zabalarekin batera, bezeroei zuzendutako hainbat zerbitzu ere badituzte Sahatsa belar-dendan. Jakina, kontsulta horietara joan ahal izateko, aurrez hitzordua eskatu behar da dendan:
  • Aurpegi garbiketa eta ilearen azterketa: Hilean behingo zerbitzua da. Ilearen azterketa pantaila bidez egin eta norberak behar dituen tratamenduak luzatzen dira. Aurpegi garbiketaren kasuan, kuperotisa, dermatitisa, zimurrak, ekzemak, puntu beltzak edota galorratz anpoilak landu eta esne garbitzaileak, tonikoak, esfoliatzaileak, peelinga, bakoitzaren azalaren araberako olio eta kremak erabiltzen dira.
  • Pag biomagnetikoa: Astearteroko zerbitzua. Kinesologia bidez testatzen da bezeroa, gorputzeko atalei galderak eginez, alegia.
  • Dietista: Osteguneroko zerbitzua. Norberaren grasa eta likido masa ezagutu eta dieta pertsonalizatuak egiten dira, doan.
  • Iridiologoa: Jesus Huarte Guerra mediku naturistak, iris eta laserterapia bidezko diagnosia egiten du.
Momentuz eskaintzen dituzten zerbitzu guztiek harrera beroa dutela jakinarazi du Terek: “medikuarengana joateaz gain, bezeroak aukera gehiago nahi izaten du eta gure eskaintzek ez dute kalterik eragiten, ez eta albo-ondoriorik ere. Dudarik ez, horixe nahi dute bezeroek”.

Fideltasun txartela: Fideltasun txartelak, erosketa egindakoan beherapena eskaintzen dio Sahatsa belar-dendara gerturatzen den bezeroari: 10 erosketa egindakoan, %5eko deskontua, hain zuzen.

Kinpira, ‘urrezko bakea’ esan nahi duen plater makrobiotikoaren izena du joan zen maiatzean Txistulari plazan zabaldukotako eko-dendak. Ana Errazkin da bertako arduraduna.

Kinpira eko-dendako Ana Errazkin
“Bizi ohitura osasuntsu eta onen bila gabiltza: naturarekin lotura sendotuz, elikagai sanoak kontsumituz edota  ariketaren bidez gorputza zainduz”.

Produktu ekologikoak kontsumitzeko pausoa, batetik, egunetik egunera gaixotasun gehiago dagoelako, eta horren aurrean, jendeak irtenbideak bilatu nahi dituelako eman dela uste du Kinpira eko-dendako Ana Errazkinek, “bestalde, jendea kontsumitzen duenarekin kontzientziatuago dago: produktu ona hartuta hobeto sentitzen dela konturatu da eta ahalik eta produktu sanoenen alde egiten du, ahal dela, kimikarik ez dutenen alde”. Kontzientzia aldaketarekin batera, bizi-ohitura osasungarrien aldeko apustua gero eta zabalduago dagoela ere aipatu du, “dudarik gabe, bizi ohitura osasuntsu eta onen bila gabiltza: naturarekin lotura sendotuz, elikagai sanoak kontsumituz edota  ariketaren bidez gorputza zainduz… Gure gorputzari entzun eta esaten digunari kasu egitea garrantzitsua dela jabetu gara”.
Egunetik egunera alergia mailan intolerantzia gehiago sortzen dela aipatu ostean, alergia nahiz gaixotasun horien sortzaileak bizimodu aldaketaren ondorioak (estresa, bereziki) nahiz elikadura ezegokia direla jakinarazi du. “Horren aurrean, zeliakoei zuzendutako produktuak edota azukrerik gabeko gailetak geroz eta gehiago saltzen dira, esaterako. Gariarekiko intolerantzia ere asko ari da zabaltzen azken urteotan; jende askok, beraz, ohiko garia baztertu eta ordezko gari motekin egindako produktuak erosten ditu, hainbesteko tratamendurik ez duten espeltazkoak, oloarena edota kamutarena, besteak beste…”. Ohiturak pixkanaka aldatzen ari badira ere, oro har, jendea, sendabidearen bila, gaixotu ondorenean etortzen dela azaldu du Anak, “jeneralean, gaixotutakoan alternatiba bila etortzen da jendea, baina egia da, egunetik egunera kontzienteago garela eta osasun arazoak sortu aurretik hasten garela zaintzen”.

Produktuak eta kontsultak
Eskaintza zabala du eko-dendan, “mota guztietako elikagaiak edukitzen saiatzen naiz: kontserbak, fruta freskoa, barazki eta haragi ekologikoak…”. Elikagaiez gain, haurren arropak, oinetakoek, banbuzko galtzerdiek, kosmetika, titanio eta karbonozko kazuela nahiz zartaginek, olio esentzialekin egindako garbigailu nahiz etxeko garbiketarako xaboiek edota sendagai naturalek harrera beroa dutela azaldu du.
Produktu horiez guztiez gain, kontsultak, tailerrak, ikastaroak nahiz hitzaldiak antolatzen ditu, maiztasun ezberdinarekin.
Kontsulta mailan, osteopata, naturopata, kinesologoa, masajista (erreflesoterapia bidez), psikologoa nahiz konstelazioak lantzen dituen adituak etortzen dira, astero batzuk, hamabost egunero besteak. Konstelazio lanketa eta EFT teknikak nabarmendu ditu Anak, gainerakoen artean, “konstelazio lanketan, energetikoki norberaren arazoen sorburua aztertzen da, irtenbidea bilatuz; izan ere, askotan ez baitugu arazoen iturburua ezagutzen. Oso emaitza onak ematen ditu eta guztiei gomendatzen diet proba egitera. Bestalde, kinesologoak EFT teknika erabiltzen du. Teknika horren bidez, memorian gordeta ditugun eta min ematen diguten oroitzapenak lantzen dira, haiek ezabatu eta zelularki lan eginez”.

Ikastaroak eta tailerrak
Tai chi, yoga edota elikadura energetikoari buruzko sukaldaritza ikastaro teoriko-praktikoa, erantzun bikaina jasotzen duten beste hiru eskaintza dira. Parte hartzaileek, astearte eta ostegunetan lantzen dituzte erlaxatze teknikak eta hamabostean behin plater goxoak egiten ikasten dute. Interesekoa den beste aukera bat, emakumeek zoru pelbikoa lantzeko eskaintzen den tailerra dela iragarri du Anak, “izan ere, haurdunaldien ondoren edota urteak aurrera joan ahala, indartu eta landu beharreko zonaldea baita, etorkizunera begira sor daitezkeen arazoak saihesteko”. Epe laburrean, gainditze maila lantzeko coach tailerrak abian jartzeko asmoa du: psikologo baten laguntzaz eta yogako mugimenduen bidez, gorputza entzuten ikasteko. Era berean, haurdunaldiaren inguruan sortzen diren beldur eta segurtasun ezak aztertzeko tailerra nahiz reiki tailerra ere martxan jartzekotan da. Antzeko saioek erantzun beroa jasotzen dutela dio, “tailerretan parte hartzen duen jendea oso gustura geratzen da. EFT teknika taldean, esaterako, oso pozik etortzen dira zortzi-hamar lagun. Baita tai chi edota yoga saioetakoak ere. Aipatu eskaintzaren batean parte hartu ahal izateko, dendan izena eman behar da aurrez”, amaitu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!