Aurtengo txapela, Potxolorentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 1a, 09:20

Migel Mari Zurutuza Potxolok jasoko du martxoaren 10ean Zizurkil Goian burutuko den Txapela Eguneko txapela. Jaialdia aitzakia hartuta, ‘Potxolo’rekin biltzeko tartea hartu du Aiurri aldizkariak.

1946 urtean jaio zen ‘Potxolo’ Zizurkil Goiko Kamioaundi etxean. Bertan bizi da geroztik. Zizurkildar peto-petotzat du bere burua eta behekoekin ere ondo konpontzen den arren, goiko giroa gogokoago duela azaldu du. Inork gutxik ezagutzen du Migel Mari moduan, gehienek ‘Potxolo’ bezala ezagutzen dute, “umetatik izan naiz ‘Potxolo’. Ehunetik bi lagunek ere ez du nire izen-abizenik jakingo. Orain, kiloak argalduagatik, nire ezizena ez da aldatu eta ez dut aldatzerik nahi, ezta pentsatu ere. ‘Potxolo’ izaten jarraitu nahi dut aurrerantzean ere”, adierazi du.

Zein oroitzapen gordetzen duzu Zizurkilen bizitutako haurtzaro eta gaztaroaz? Eskola eta langile garaiaz?
San Millan eskolan ikasi nuen, baina ez nuen ikastea gustuko: ikasle txarra nintzen. Etxekoei baserriko lanetan laguntzen aritzen nintzen eskolatik atera orduko. 14 urte nituela, oso gazterik hasi nintzen tornulari gisa lanean. Villabonatik Amasarako bidean zegoen Omicrom lantegian aritu nintzen lehenengo eta han urte ugari aritu eta gero, Tolosako fabrika batean hasi nintzen. Bi urtez bertan aritu ondoren, Elbarrenako lantegira etorri nintzen, gertuago zegoelako. Azken urteetan, berriz, autonomo gisa ibili nintzen. Tornulari lanetan aritu izan naiz beti. 65 urterekin aurre-jubilatu nintzen eta lasaiago bizi naiz geroztik.
Herri aldekoa izan naiz beti eta gaztetxotatik hasita, herritarrekin edo ingurukoekin ibili izan naiz lagunartean.

Soinujolea ere bazara. Nondik datozkizu akordeoia jotzeko zaletasuna? Nork irakatsi zizun?

Akordeoia gustatu egiten zitzaidan eta, 15 urterekin, Jose Tarragonarengana, Tolosara joaten hasi nintzen jotzen ikastera. Irakasle famatua zen orduan, ingurutik jende gehiago ere joaten zen harengana. Hiru urtez aritu nintzen Tarragonarekin ikasten, baina lana tarteko, utzi egin behar izan nuen. Handik aurrerakoa, beraz, nire kabuz ikasi nuen. Herriko festetan, oilasko-joko egunean jotzen nuen soinua: urte guztia zain egoten ginen, dudarik gabe, festa polita izaten zen.

Herritik kanpo ere eskaini izan dituzu saioak. Azalduko al duzu errepertorioa edota zer moduz erantzuten zuen jendeak?
Asteasuko udaletxeko arkupetan aritzen nintzen neguko igandetan. Andezarrateko goiko tabernako ganbaran ere festa egiten zen igande arratsetan eta orduan motoa nuenez, tabernako nagusia kotxez etortzen zitzaidan bila. Giroa jartzen saiatzen nintzen emanaldietan eta jendeak ondo erantzuten zuen, gogotik egiten zuten dantzan. Errepertorioari dagokionez, lehengo piezak jotzen nituen: baltsak batez ere, jendea agarratuan aritzen zen.

Pasadizorik izango duzu zure soinu-jole ibilbidean…
Bada, Iturriozko erromerietan ere aritzen nintzen tarteka, bentako arkupean. Giro paregabea sortzen zen han. Atzetik barrena igotzen ginen Iturriotzera motoan: deposituaren gainean akordeoia hartuta eta bi lagun motoaren gainean eserita gindoazela.

Eta egun ere jarraitzen duzu tarteka akordeoiarekin belarriak goxatzen. Youtuben ikus daiteke zure emanaldi bat…

Internetekoa, Iriarte tabernan, 2011ko udan momentuan sortutako saioa izan zen; ederki pasa genuen. Egun, oso tarteka jotzen dut soinua: nirea oparitu egin nuen eta orain tabernan dagoena hartzen dut tarteka. Oso gutxitan jotzen badut ere, tira egiten dit. Hala ere, jotzea baino gehiago gustatzen zait akordeoia entzutea, errazagoa da.

Kale eta herri giroan parte hartzen duzulako jasoko duzu aurtengo txapela martxoaren 10eko Txapela Egunean. Gustura hartu al duzu berria? Soinua bizkarrean joango al zara ekitaldira?
Herritar peto-petoa naiz, bai, eta gustura jaso dut berria. Iaz kale egin banuen ere, urtero hartzen dut Txapela Egunean parte. Egia esan, ordea, nahiago nukeen txapela beste norbaiti eman izan baliote; modu horretan errazagoa izaten da beti. Baina, onartu egin dut eta gustura nago. Aurtengo ekitaldia berezia izango da niretzat, baina ez naiz soinua hartuta joango. Beste bati jo dezala esatea pentsatuta daukat.
Arratsaldean txapela jantzita atera ohi gara guztiak kalera eta poteoaren ondoren, afaria izaten da Zentro tabernan. Afalondoan, txapela janzte ekitaldia eta gero, gerokoak… Orduan izango da musika… Giro polita sortzen da egun horretan eta adin ezberdineko herritar asko bildu ohi gara, goiko nahiz behekoak, hori bai: txapela jantzita. Egia da azken urteotan parte hartzaile kopurua jaitsi egin dela, baina festa berezia izaten jarraitzen du oraindik ere.

Artista omen zara, hala diote txapela ematea erabaki duten taldeko kideek. Zer erantzungo zenieke zuk?
Hala iruditzen bazaie, ondo hartzen dudala nik. Umorerik ez zait falta izan eta horrek salbatu nau ni. Eguneroko gertaerak umore onez baino, oso umore onez hartu behar dira; gainerakoan gogorra da bizitza.

Akordeoia, lagunartea…, horiexek zure zaletasun nagusiak… Besterik?
Lagunartean, saltsa eta umore pixka bat jarriz ibiltzea gustatzen zait Zizurkil Goran. Villabonan ere badut koadrila eta han ere estilo horretan ibiltzen naiz gustuen. Gainerakoan, esku pilota zalea naiz. Lehen frontoira joaten ginen partidak zuzenean ikustera: Galarretara asko. Orain telebistaz ikusten ditut. Gainerakoan, festak gustatzen zaizkit: herrikoak, Andramariak bereziki. Abuztuan izaten dira festa nagusiak Zizurkil Goran, gainerakoan urtean zehar ezer gutxi. Txapela Egunekoa bezalako jaialdiek, ordea, herri giroa eta saltsa pizten dute neguan ere.

‘Potxolo’ren akordeoi emanaldia youtuben
2011ko abuztuan, ‘Potxolo’k Zizurkil Goiko Iriarte etxean eskaini zuen akordeoi kontzertu inprobisatua:
http://www.youtube.com/watch?v=evSZhugOSi4

Azken urteetako txapeldunak
Azken hamasei urteotan zizurkildar ugarik jaso dute Txapela Eguneko txapela; guztiak ere, kale giroan ibili eta herrian ezagun izateagatik. Hauexek omenduak, urtez urte:
1994:    Nekolako Prasku Alkorta.
1995:    Elizaldeko Inixio Aranburu.
1996:    Garetzako Anttonio Kortajarena.
1997:    Pantxikaneko Pilar Imaz.
1998:    Pedro Mari Otaño.
1999:    Iruñako Jokin Geresta.
2000:    Iruñako Joxelu Geresta, Ttotto.
2001:    Mugirozarreko Anttonio Otamendi.
2002:    Donemiliagako (San Millan) Dionisio Bengoetxea.
2003:    Nekolako Inaxi Aranburu.
2004:    Saizarko Pedro Mari Eizagirre.
2005:    Lartingo Patxi Atxaga.
2006:    Pantxikaneko Joxe Mari Mendizabal.
2007:    Zizurkilgo Zentroa.
2008:    Andrezketako Maria Dolores Eizmendi.
2009:    Lardamuñoko Joxe Mari Tolosa.
2010:    Ihartzako Bernarda Usabiaga.
2011:    Iruñako Lesmes Mujika.
2012:    Kamioaundiko Migel Mari Zurutuza, Potxolo.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!