Udal gobernu taldeak 2012rako aurrekontu proposamena aurkeztuko die herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 29a, 15:53

Udal gobernu taldeak martxoaren 7an, 19:00etan, Bastero Kulturgunean aurkeztuko du aurrekontu proposamena herritarren aurrean.

Prentsa oharra, jarraian: 

"Andoaingo udal gobernuak osatu du 2012. urterako aurrekontu proposamena. Ekonomia krisia gogor astintzen ari den testuinguru batean osatu dira diru kontuak; egoerak horrek sortzen dituen zailtasun eta buruhausteek proposamena ixtea luzatu egin dute, baina behin proposamena itxita, horren aurkezpenerako harreman bira hasiko du udal gobernu taldeak.

Alde batetik, udala osatzen duten alderdiekin (PSE-EE, PNV, eta PP) elkartuko dira Bilduko kideak, aurrekontuen gaineko negoziazio bideari ekiteko. Era berean, Udalean ordezkaritza lortu ez duten, baina Andoaingo errealitate politikoaren isla diren gainerako alderdiekin ere (Hamaika Bat, Aralar eta Ezker Batua) zein Udaleko langileen ordezkariak diren sindikatuekin (LAB eta ELA) ere batzartuko dira.

Eta nola ez, Udalaren funtsa osatzen duten eta bertako protagonista nagusiak direnekin, herritarrekin, batzarra egingo du udal gobernu taldeak martxoaren 7an, 19:00etan, Bastero Kulturgunean. Ohar honen bidez, batzar horretarako deia luzatu nahi du udal gobernu taldeak herriko elkarte, talde zein norbanako guztiei, baita komunikabideei ere, aurrekontuen proposamena bertatik bertara aurkeztu, ezagutu eta zenbait erreflexio zein iritzi konpartitzeko".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!