Hiri hondakinen inguruko mozioa onartu dute Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 28a, 12:55

Ohiko Udal Batzarra egin zen atzo iluntzean Zizurkilgo Udalean. Aztertu beharreko gaien artean, hiri hondakinen ingurukoa zegoen. Bildu alderdiak atez ateko bilketa sistemaren alde aurkeztutako mozioak aurrera egin zuen alderdi horretako zinegotzien babesarekin. EAJ alderdiko zinegotziak mozioaren aurka agertu ziren eta PSEko ordezkaria ez zen plenura aurkeztu.

Amasa-Villabonako Udalak matxoaren 7ko osoko bilkuran aztertuko du gaia.

Azken egunotan, ahoz-aho ibili da Gipuzkoako hainbat herritan atez ateko hondakin bilketa ezartzearen alde Foru Aldundiak egindako apustua. Zizurkilgo Udalean atzo egin zuten gaiaren azterketa eta mozioa aurrera atera zen Bildu alderdiko kideen botuei esker.

Udalak eta Tolosaldeako Mankomunitateak gaiaren inguruan egin beharreko azterketak aipatzen dira mozioaren lehen puntuan. “Gure herriaren egoera aztertu behar da. Zizurkilgo goiko auzoan, esaterako, hondakin organikoak konpostaketa bidez tratatzea errazagoa da eta gerta daiteke atea-atekoaren beharrik ez izatea. Zenbat familia garen, zenbat etxebizitza dauden... hori guztia aztertu behar da”, azaldu zuen Jose Mari Luengo alkateak.

 

Azterketa sakonagoaren eskaera

Egoitz Sorozabal, EAJko zinegotzia eta Joxe Mari Luengo alkatearen arteko eztabaida sortu zen. Egoitz Sorozabalek hartu zuen hitza lehendabizi. “Horrelako erabaki handi bat hartzen denean, azterketa sakonago bat behar dela iruditzen zaigu. Zaborren kudeaketak Zizurkilgo aurrekontuaren zati handi bat eramaten du; 200.000 euro ingurukoa. Azterketa ekonomiko gutxieneko bat behar dela iruditzen zaigu. Orain arte badago zabor bilketa sistema bat martxan eta hori bertan behera uzteak kostuak ekarriko ditu; errustegia geratzeak ere gastuak ekarriko ditu. Sakontasunez aztertu beharreko gaia dela iruditzen zaigu”.

Alkateak eman zion erantzuna: “Aurtengo aurrekontuetan ez dago gai hori sartuta. Atez ateko bilketa sistema 2013an jarriko litzateke martxan, beraz, datorren urteko aurrekontuetan kontuan hartu beharreko gaia izango da. Ordura arte, azterketak egiteko denbora izango dugu”.

Herri galdeketaren alde agertu zen Egoitz Sorozabal zinegotzia: “Bestetik, galdetu nahi nuke gaiaren inguruko herri galdeketaren bat egiteko asmorik ba ote dagoen. Irudipena daukat, galdeketarik gabe gure alderdiak horrelako erabakiren bat hartuko balu, herriari bizkarra ematen ari garela entzun beharko genukeela”.

Alkateak hartu zuen hitza Sorozabali erantzuteko: “Lehen ere zaborraren inguruan hartu diren erabakiak inposaketak izan dira. Egia da gure alderdiak herriaren parte hartzea sustatu zian duela beti, baina erabakia azkar hartu beharra gertatu zaigu. Ekainean amaituko da errauskailuarekin sinatutako hitzarmena eta atez atekoarekin aurrera egitea tokatu zaigu. Saiatuko gara ahal den ondoen egiten. Hainbat herri dago sistema hori erabiltzen duena eta ondo ari direla uste dut. Jendearekin bilerak egingo ditugu, berri emateko”.

Mari Anjeles Lazkano zinegotziak ere hartu zuen hitza: “Tolosaldeko Mankomunitatean adostasunez hartu izan dira erabakiak. Momentu honetan daukagun sistema adostasun horien bidez onartutakoa da, ez da alderdi bakarrak inposatutakoa. Orain ere horrela egin beharko litzatekeela iruditzen zait”.

Aritz Esnaola zinegotziak eman zien erantzuna Lazkanoren hitzei: “Sistema hau bultzatzeko erabakia, beste alderdien adostasunik gabe hartuko dela esaten duzue, baina orain arteko erabakietan guk ez dugu hitzik izan, Gipuzkoako gehiengo handi bat ordezkaritzarik gabe egon da eta”.

Eztabaidaren ondoren, bozketaren garaia iritsi zen. Bilduko zinegotzien aldeko bozkekin onartu zuten mozioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!