Jonan Fernandezen hitzaldia gaur Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 28a, 10:25

Urnietak bakea eta bizikidetza eta berradiskidetze kultura berria eraikitzen lagunduko du.Urnietako Udalak urnietar guztiak gonbidatzen ditu Elkarbizitza eta Berradiskidetze Planaren aurkezpenera.

  • Hizlaria: Jonan Fernandez - Baketik
  • Eguna: Otsailak 28, asteartea
  • Ordua:19.00etan.
  • Tokia: Lekaio Kultur Etxea

Bakea modu itzulezinean sendotzeko helburuak herritarren eta eragile guztien konpromisoa eskatzen du, konpromiso globala, tokikoa, soziala eta pertsonala, elkarbizitza eta berradiskidetze kultura berri bat ahalbidetuko duena. Urnietako Udalaren aldetik, partekatua izan behar duen  konpromiso hori mamitzeko jaio zen Arantzazu Baketik Fundazioarekin sinaturiko akordioa.

Lankidetza hitzarmen horren baitan herritar guztien partaidetzarekin garatu beharreko ildo estrategiko nagusiak biltzen dira. Planak ez du inor baztertzen. Aitzitik. Udalaren 2011-2015 Legegintzaldi Planean jasota dago eta Udaleko indar politiko guztien babesa du. Halaber, urnietar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera ahalik eta modurik aktiboenean. Helburua da bakea eraikitzen laguntzea. Guztiok ateratzen gara irabazten helburu horren lorpenarekin.

Hitzarmena garatzen hasia da, jada Udalak eskoletako ordezkariekin hitz egin du plan honen nahia azaltzeko eta eskoletako arduradunekin egingo diren formazio ikastaroak zehazteko.

Aurrez lan prozesu bat garatu ostean, ekimen honek utzitako lehen irudia Baketik eta Udalaren arteko akordioaren sinadura izan zen, kanpora begira, planari errotik heldu eta abiatzeko. Hilaren 6an berriz, udal langile eta kargu politikoek Bizikidetza eta Berradiskidetzari buruzko hitzaldia jaso zuten Jonan Fernándezen eskutik. Eta datorren asteartean, hilaren 28an, 19:00etan, Lekaio Kultur Etxera hurbiltzen diren urnietar guztiei  “Urnietak bakea eta bizikidetza eta berradiskidetze kultura berria eraikitzen lagunduko du”  hitzaldia eskainiko die. Ekitaldi irekia izango da eta bertan egungo testuinguru politikoaz, eszenatoki berriez eta horien harira sortuko diren beharrei buruz hitz egingo du Fernandezek.

Lehenengo fasean, plana berradiskidetzearen esanahia partekatzera bideratuko da formazio saioekin. Bigarrengoan, berriz, jarrerak partekatu nahi dira. Lan ardatzak Urnietako Bizikidetza Foro aedo Kontseiluaren sorrera eta zenbait dibulgazio ekintza izango dira.

Urnietako Udala, gure herriko bakerako eta bizikidetzarako lanetan konprometituta dago, lanean hasi da, eta bere ekarpena egin nahi du, tokiko esparrutik, bakea eta adiskidetzea lortzeko helburu globalean. Eta horretarako ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartzea eta laguntza.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!