Jabier Elizegi gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 25a, 12:50

Jabier Elizegi Arregi aurreko larunbatean hil zen, 84 urte zituela. Bere borondateari jarraituz, gorpua erraustu eta azken agurrari izaera zibila eman zioten. Bere familia eta lagunak Errekaldeko beilategian bildu, eta omenalditxoa eskaini zioten bere koinatu Jose Inazio Ansorenak jo zuen txistuaren doinupean.  

Elizegik Maite Ansorena zuen emazte, eta hain zuzen ere, otsailaren 11n, ezkontzaren 60. urteurrena ospatu zuten. Jokin, Iñaki eta Jabier ziren euren hiru semeak. Laida, Yuri eta Julen, berriz, hiru bilobak.
 
Gertutik ezagutu zuten guztiak bat datoz bere nortasuna deskribatzerakoan: gizon gozoa harremanetan, hizketan bezainbat entzuten zekiena, maitekorra, sentibera eta hezi onekoa. 
Frankismoaren biktima izan zen heinean, bera bezalakoei ukatu izan zaizkien eskubideen defendatzaile irmoa bilakatu zen. 9 urte zituela, 1936ko irailean, Donostian bizi zen bere familiarekin batera Bizkaian babesa hartu behar izan zuen, matxinatu faxisten beldur. 1937ko apirilean, UGTko Dragones batailoiko milizianoa zen Luis bere anaia zaharra Intxortan hil zuten. Geroxeago, Jabierrek Britainia Handian haur errefuxiatu gisa bizi behar izan zuen bolada batean.   
 
Anaiaren aztarnaren eta duintasunaren aldeko borroka luzea eraman zuen urtetan; isilik eta bakarka lehenbizi, memoria historikoaren aldeko elkarteekin ondoren. Umetan anaiari buruz jasotako datuak gogoan hartuta zeuzkan, eta geroztik hainbat lekuko elkarrizketatu zituen. Lan  horri esker batez ere, 2004an Aranzadik hiru gudari errepublikanoen gorpuak aurkitu zituen Intxortako parajean. Elizegi egunkarietan agertu zen orduan, eta gizatasunezko lezio polita eman zuen, zera aitortu zuenean: “niretzat, gutxienekoa da hiru horietako bat nire anaia izatea; Intxortan nahiz beste edonon lurpean jarraitzen duten gudari eta miliziano guztiak anaiatzat dauzkat, bizia demokraziaren alde eman baitzuten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!