Gemma Martinez, itsasoko kirol arrantzan bikain ari den andoaindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 25a, 12:48

Gemma Martinezek (Andoain, 1975) itsasoko kirol arrantza praktikatzen du. Nahiko ezezaguna den kirol honetan makina bat lorpen eskuratu du, estatu zein munduko lehiaketetan. Gipuzkoan ez du parekorik azken urteetan, eta 2010ean, esaterako, Espainiako taldearekin munduko laugarren postua lortu zuen. 

Nolaz hasi zinen arrantza mota horrekin?
Gemma Martinez: Nahiko arraroa da nire ibilbidea. Lehenbiziko kanabera 25 urte nituela hartu nuen, eta lehiatzen geroago hasi nintzen. 
Nire aurreko bikoteak sartu ninduen mundu honetan. Arrain txikiak arrantzatzera eraman ninduen behin itsasora eta dibertigarria egin zitzaidan. Niretzat egina zela zirudien eta horrela joan nintzen murgiltzen, gero eta gehiago, azkenean lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen arte. 
Josean Iradi nire egungo bikotea horrelaxe ezagutu nuen. Zaletasun berbera partekatzen dugu biok, eta laguntzaile bikaina da niretzat lehiaketetan parte hartzerakoan. 
  
Harritzekoa bada zu itsas arrantzalea izatea, Leitzaran ibaia hain gertu edukita…
G.M.: Gipuzkoako kirol arrantzaleen lehendakari den Patxi Urruzuno andoaindarrak gonbidatu nau ibaian proba egin dezadan, baina ez nau erakartzen. Beharbada itsas arrantzako lehiaketen denboraldia ia urte osora luzatzen delako.

Hondartzan, harrapatzen al da arrainik?
G.M.: Donostia, Zarautz, Zumaia nahiz Kantauriko beste hainbat hondartzatan, ertzetik hogeita hamar metrora uste dena baino arrain mota ugariago topa daiteke: urraburuak, lupinak... Gizakia sumatuz gero, ordea, izutu egiten dira. 

Zertan oinarritzen dira lehiaketa horiek?
G.M.: Jendeak itsas ertzeko petril batean lasai-lasai arrantzan ari den pertsonaren irudia eduki dezake buruan. Baina ez du zerikusirik horrekin. Hiruzpalau orduko saioak izaten ditugu txanda bakoitzeko, eta bien bitartean, ez dugu geldirik egoteko betarik izaten. Tentsio handiko kirol jarduera da. 
Bi kanabera izaten ditugu eskura, eta horiek bota eta jaso, bota eta jaso ibiltzen gara etengabe. Aldamenean makina bat tresneri edukitzen dugu (txirrikak, hariak, amuak,…) eta horiek aldatzen aritzen gara; egoeraren arabera. Ematen duena baino konplexuagoa da, dudarik gabe.

Zein ezaugarri behar dira?
G.M.. Lehenbiziko, itsasoa irakurtzen jakitea: zein arrain mota dabilen, itsas olatuen mugimendua…, eta ondoren,  pazientzia, erresistentzia, azkartasuna. Tailer mekaniko batean fresatzaile bezala egiten dut lan, zama handiko piezak mugitzea egokitzen zait eta alde horretatik nahiko ondo prestatuta nago fisikoki.

Gipuzkoa mailan, nola ibiltzen zara zu?
G.M.: Hondartzan nahiz harkaitzean egiten dira lehiaketak, hil gabeko arrantzan. Mistoak izaten dira, eta 200 parte hartzailetatik 12. postuan nago; lehenengo emakumea naiz. Nire aurretik, munduko hiru txapeldun eta Espainiako bi dauzkat.  

Eta goi lehiaketan?
G.M.: Espainiako hogeita lau emakumerik onenen artean liga antzekoa jokatzen da. Han hemengo lehiaketetan lortzen diren puntuekin, sailkapena egiten da. Lehen bostak munduko txapelketara joateko txartela eskuratzen dute, Espainia ordezkatzeko. Hamaikagarren nago sailkapenean, une honetan.
2010ean Hego Afrikan jokatu zen munduko lehiaketan parte hartu nuen, eta paregabekoa izan zen. Benetako arrainekin egin behar izan genuen borroka; marrazoak, tartean. 

Gutxiengo baten kirola da zuena. Herriko jendeak ba al daki zu zertan zabiltzan?
G.M.: Ez dira dira asko, baina badira nola edo hala jakiten dutenak. Niri baino gehiago, amari egiten dizkiote galderak. 
Egia esan, 2010eko Andoaingo kirolaren galan hiru emakume nabarmenen artean izendatu izanak egundoko poza eragin zidan. Herrian bertan izan zelako, eta nolabait, nire kirol merituak aitortzera zetorrelako.

Gazteei aholkatuko al zenieke itsas kirol arrantza?
G.M.: Noski. Proba dezatela. Jende jatorra aurkituko dute, modu bateko edo besteko laguntza luzatzeko prest. Zaletasuna garatzeko oinarrizko tresneria merkea nahikoa da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!